Pelosi, Taiwan eta Txinaren sua

AEBetako Ordezkarien Ganberako presidenteak bira bat hasi du Asian, eta ustez irlan egingo duen geldialdiak Pekin haserrearazi du. Pentagonoak ere gomendatu dio bisita hori ez egitea

Nancy Pelosi AEBetako Ordezkarien Ganberako presidentea, herenegun, Washingtonen. MICHAEL REYNOLDS / EFE.
ander perez zala
2022ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Txinako militarren ariketak Taiwango itsasartean; AEB Ameriketako Estatu Batuetako itsas armadaren presentzia handiagoa Txina Hegoaldeko Itsasoan; Pekinek eta Washingtonek elkarri egindako akusazioak... Mendebaldeko eta Ekialdeko bi potentzia handien arteko tentsioak nabarmen egin du gora asteotan, Nancy PelosiAEBetako Ordezkarien Ganberako presidenteak Asian abiatu duen biraren harira. Printzipioz, Pelosi Japoniara, Hego Koreara, Malaysiara eta Singapurrera joatekoa da —AEBen aliatuak dira—, baina agintariak atea ireki dio Taiwanen ere geldialdi bat egiteari, haren kolaboratzaileek jakinarazi dutenez. Horrek, noski, Pekin haserrearazi du, eta, asteon izandako bileran, Xi Jinping Txinako presidenteak bisita horretaz ohartarazi zion Joe Biden AEBetakori, zera adierazita: «Suarekin jokatzen dutenak erre besterik ez dira egiten». Bidenek eta Pentagonoak ere uste dute bisita hori egitea ez dela egokia, baina ez dago argi Pelosi konbentzitzea lortu duten, AEBetako Ordezkarien Ganberako presidenteak ez baitu xehetasunik eman: «Ez naiz nire bidaiez aritzen».

Txinak hamarkadotan argudiatu du Taiwan bere lurraldearen parte dela —nahiz eta ez duen horren kontrolik—, eta Xik esana du Txina eta Taiwan —ofizialki, Txinako Errepublika— «berriz elkartuko» dituela, eta gaineratuhori indarkeriaren bidez ere egingo luketela, «beharrezkoa balitz». Aldi berean, Pekin saiatu da irla hori bakartzen eta nazioarteak Taiwani edonolako zilegitasunik ematea eragozten.

Horregatik, Txinako Gobernuak ez du begi onez ikusten Pelosiren bisita posiblea; hain justu, aitortza moduko bat litzatekeelako. AEBetako zenbait kongresukide jada izan dira uharte horretan, baina Ordezkarien Ganberako presidente bat ez da hara joan 1997tik —Newt Gingrich errepublikanoa zen karguduna—, eta, hortaz, AEBetako politikaririk garrantzitsuenetako bat dela kontuan harturik, Pekinek «probokaziotzat» luke Pelosi Taiwanen gelditzea, Txinako Atzerri Ministerioak asteon adierazi duenez—AEBetako Ordezkarien Ganberako presidentea persona non grata da Txinarentzat—.

Egunotan gerta daitekeenaren aurrekari bat 1995ekoa da, garai hartan Taiwango presidente zen Lee Teng-hui AEBetara joan zenekoa. Pekin asko haserretu zen bidaia horrengatik, eta misilak Taiwango itsasora botata erantzun zuen —Pentagonoak eremu horretara zenbait gerraontzi bidali zituenean utzi zion hori egiteari—.

Pelosiren bisita posibleaz, Bidenek Xiri erantzun zion AEBek Taiwani buruz duten iritzia ez dela aldatu, eta, beraz, «Txina bakarraren» printzipioa defendatzen dutela oraindik ere —bi herrialdeek 1979an harreman diplomatikoak berriz ezarri zituztenean hasi zen hori egiten—. Hori bai,AEBetako presidenteak Txinakoari ohartarazi zion Washington «statu quo-a aldatzeko alde bakarreko saiakera ororen eta Taiwango itsasarteko bakearen eta egonkortasunari azpijokoa egitearen kontra» dagoela.

Halere, Bidenen hitz horiez haratago, ez dago argi zein den Etxe Zuriaren egiazko jarrera Asiako irla horren inguruan, hilabeteotan nahiko anbiguo mintzatu baita testuinguru posibleez: AEBetako presidenteak, esaterako, bitan ziurtatu du bere herrialdeak militarki esku hartuko lukeela Txinak Taiwani eraso egingo balio, baina haren gobernuak berehala gezurtatu izan ditu adierazpen horiek. Hori bai, AEBek asmoa dute oraindik ere Asiako irla horren arma hornitzaile nagusia izateko.

Une txarra Pekinentzat

Barrura begira, Pelosiren bisita posiblea ez litzateke unerik egokienean gertatuko Txinako Gobernuarentzat. Herrialdeko buruzagiak abuztuan dira elkartzekoak urteroko bilera bat egiteko, Beidaihen, eta hor eztabaidatuko dituzte herrialdeko aferarik garrantzitsuenak.

Gainera, udazkenean, Txinako Alderdi Komunistak 20. Kongresua egingo du, eta, horretan, Xik hirugarren agintaldia eskuratu nahi du. Hortaz, AEBetako Ordezkarien Ganberako presidentearen bisita kolpe gogor bat izango litzateke Txinako presidentearen lidergoarentzat.

Taiwanek, oraingoz, zera esan du: edonor «ongi etorria» dela, bisitarik egin nahi izanez gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.