Albistea entzun

Txinak ustez espioitzarako erabili dituen globoetako bat eraitsi dute AEBek

Baloiak bost egun pasatu ditu herrialdeko aire eremuan, ipar-mendebaldetik hego-ekialdera. Pentagonoak beste globo bat detektatu du Latinoamerikan
Txinaren globoa, ustez espioitzarako erabili dutena, atzo, AEBen hego-ekialdeko Charlotte hiriaren gainean.
Txinaren globoa, ustez espioitzarako erabili dutena, atzo, AEBen hego-ekialdeko Charlotte hiriaren gainean. NELL REDMOND / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ander Perez Zala -

2023ko otsailak 5

AEB Ameriketako Estatu Batuetako armadak herrialdeko aire eremuan zegoen Txinaren globoa eraitsi zuen atzo, Ozeano Atlantikora bidean zela, hango hedabideen eta Reuters albiste agentziaren arabera. Pentagonoak iragan asteartean detektatu zuen lehen aldiz objektu hori, eta, bi potentzien arteko beste krisi diplomatiko bat eragin ondoren, Joe Biden AEBetako presidenteak atzo erabaki zuen globo hori botatzeko agindua ematea. Defentsa Departamentuak asteon argudiatu du Pekinek espioitzarako erabili duela baloi hori; Txinako Gobernuak, aldiz, defendatu du «ikerketa zientifikoa» zuela helburu —besteak beste, «meteorologia kontuetarako»—.

AEBetako ipar-mendebaldean dagoen Montana estatuan atzeman zuten globoa lehen aldiz. «Leku delikatuen» gainetik pasatu zen; hain justu, Montana biztanleria dentsitate txikiena duten estatuetako bat da, eta armamentu nuklearreko hainbat gune daude han, esaterako. Hori bai, baloiak ez zuen «arrisku militar edo fisikorik», AEBetako Defentsa Departamentuak azaldurikoaren arabera. Halere, Pentagonoak esan zuen objektu horren mugimenduak «gertutik» aztertzen ari zirela.

Egunek aurrera egin ahala, baloia botatzeko aukera hizpidera ekarri zuten. AEBetako hedabideek azaldu dutenez, Biden bere aholkulariekin aukera horretaz eztabaidatzen aritu da egunotan, eta azkenean, globoa botatzea erabaki zuten, nahiz eta hasiera batean hori ez egitea adostu zuten.

Etxe Zuriak ezer jakinarazi ez zuen arren, atzoko ohartarazpen batzuek iradoki zuten baloia eraisteko operazioa antolatuta zegoela. Batetik, FAA Abiazioaren Administrazio Federalak Ipar Carolina eta Hego Carolina estatuetako hiru aireporturi agindu baitzien «aktibitateak gelditzeko»; eta, bigarrenik, Hego Carolinan herritarrei eskatu baitzieten globoari tiro ez egiteko.

Sare sozialetan zabalduriko bideoetan eta mezuetan ikusten eta irakurtzen denez, estatu horretako Myrtle hondartzaren gainean zegoenean bota zuten baloia; hegazkin bat hurbildu zen, eta lekukoek CNN telebista kateari azaldutakoaren arabera, «misil batek edo horren antzeko zerbaitek» eraitsi zuen objektua.

Krisi diplomatiko horren ondorioz, Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariak atzeratu egin zuen gaur Pekinera egitekoa zuen bi eguneko bisita, eta adierazi zuen, herenegun, «garai egokia» denean joango dela hiri horretara.

AEBetako aire eremuan zegoen globoa bota aurretik, Pentagonoak jakinarazi zuen ustez Txinarena den beste baloi bat atzeman zuela Latinoamerikan; halere, ez zuen zehaztu zein herrialderen aire eremuan aurkitu zuten. Costa Ricako La Nación egunkariak argitaratu zuen herrialde horren aire eremuan zebilela.

«Lasaitasun» eskaria

Lerro hauek idazterako, Txinako Gobernuak ez zuen ezer adierazi bere globoetako bat eraistearen inguruan. Aldiz, gertakari horren aurretik, herrialde horretako Atzerri Ministerioak jakinarazi zuen, ohar baten bidez, «lasaitasuna mantentzeko» eta «epai okerrak saihesteko» eskatu ziola AEBetako Gobernuari.

Wang Yi Txinako Kanpo Aferetarako Batzorde Zentralaren zuzendaria Blinkenekin mintzatu zen atzoko ordu txikietan, eta AEBetako Estatu idazkariari esan zion «ezinbestekoa» dela «garaiz komunikatzea» eta «desadostasunak kontrolatzea».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Aleksandr Lukaxenko Bielorrusiako presidentea eta Vladimir Putin Errusiakoa, joan den otsailean, Moskun egin zuten bilera batean. ©VLADIMIR ASTAPKOVICH / EFE

Errusiak iragarri du Bielorrusiara hedatuko dituela arma nuklearrak

Gorka Berasategi Otamendi

Arma nuklearrak ez ugaritzeko nazioarteko konpromisoak beteko dituela nabarmendu du Putinek. AEBek egiten dutenaren pareko neurria dela argudiatu du. Biltegi bat izango du prest uztailerako
 ©JOAN CABASES

«Okupazio baten mende luzaro egonez gero, gorrotoa pizten zaizu»

Joan Cabases

Israelen sorrera ahalbidetu zuen gobernuan egon zen Barag. Ondoren, ordea, irauli egin zuen bere bizimodua eta palestinarrei laguntzen hasi zen. 22 urte daramatza horretan, eta argi du «indarkeria eta mendekuak» ez dutela bakerik eramango Ekialde Hurbilera.
Etxebizitzak eta ibilgailuak, tornadoak hondatuta, AEBetako Rolling Fork herrian. ©@JordanHallWX

Tornado batek gutxienez 26 hildako utzi ditu Mississippin eta Alabaman

Gorka Berasategi Otamendi

Dozenaka dira zaurituak, eta gutxienez lau lagun desagertuta daude. Bilaketa eta erreskate taldeak lanean ari dira goiz-goizetik.

Rahul Gandhiren aldeko protesta isila, atzo, Mumbain. ©DIVYAKANT SOLANKI / EFE

Indiako oposizioburuaren aurkako zigorrek lurrikara politikoa eragin dute

Maddi Iztueta Olano

Lehen ministroaren aurkako difamazio iruzkinak egiteagatik, bi urteko espetxealdira kondenatu dute, eta parlamentuko behe ganberatik bota

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.