Serbiak Pristinari egotzi dio «beldurra» erabiltzea Kosovoko serbiarren kontra

Bi herrialdeen arteko tentsioa handitu da berriz ere, alkate batzuen zilegitasunari buruzko desadostasunak direla eta. Mendebaldeak lasaitasuna eskatu du

Kosovoko Poliziako bi agente Leposaviceko udaletxea (Kosovo) zaintzen, atzo. GEORGI LICOVSKI / EFE.
ander perez zala
2023ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Autoen matrikulen aferaren eta polizia ohi baten atxiloketaren auziaren ondoren —errepideen blokeoak tarteko—, alkate batzuen zilegitasunari buruzko desadostasunek berriz handitu dute Kosovoren eta Serbiaren arteko tentsioa. Herenegun, Kosovoko manifestari serbiar batzuk Kosovoko hiru auzapez albaniarri norbere udaletxeetarako sarrera galarazten saiatu ziren, eta Polizia, besteak beste, negar gasa erabiliz oldartu zitzaien protestariei —hamar lagun ospitaleratu behar izan zituzten—. Gertakari hori dela eta, Serbiako presidente Aleksandar Vucicek Kosovori leporatu zion, atzo, «beldurra» erabiltzen ari dela herrialde horretako serbiarren kontra: «Kosovoko egoera zaila da, Pristinako erregimen albaniarra gure herria beldurtu nahian ari da».

Politikari horiek joan den apirileko udal hauteskundeetan aukeratu zituzten. Kosovoko serbiarrentzat, ordea, ez dute zilegitasunik, eta horregatik egin zuten protesta ekintza, herenegun; boz horietan %3koa besterik ez zen izan parte hartzea, serbiarren boikotarengatik, argudiatzen baitute «diskriminazioa» jasaten ari direla Kosovoko Gobernuaren partetik. Gutxiengoa dira herrialde horretan, baina iparraldean gehiengoa dira, Serbiako mugatik gertu —50.000 inguru dira denera—; autonomia eskatu dute askotan, baina salatzen dute Pristinak ez diela halakorik ematen.

Bi herrialdeen arteko harremanak txarrak dira, Kosovok 2008an aldarrikatu zuen alde bakarreko independentziaz geroztik; Serbiak ez du erabaki hori onartzen, eta, Kosovoko serbiarrentzat, Kosovo Serbiaren parte da. Belgrad eta Pristina testuinguru zail horretan ari dira negoziatzen bi herrialdeen arteko harremanak normalizatzeko Europako Batasunaren plan bat —AEB Ameriketako Estatu Batuen babesa du—, eta, aurrerapausoak eman dituzten arren, hilabeteotan izan diren talkek eta desadostasunek zaildu egin dute helburua betetzea.

Indarkeriaren erabilera izan da, esaterako, hizpidera ekarritako gaietako bat elkarrizketa horietan. Eta Mendebaldeko bost herrialdek —AEBek, Alemaniak, Frantziak, Erresuma Batuak eta Italiak—, hain justu, Kosovoko Poliziaren jarrera kritikatzeko komunikatu bateratu bat argitaratu zuten atzo; gerora, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak Pristinari eskatu zion tentsioa txikitzea helburu duten neurriak hartzeko. Hori bai, horiek guztiek «kezka» agertu zuten Serbiak erabaki zuelako bere armada berriz ere alerta gorenean jartzea, eta, beraz, lasaitasunerako deia egin zuten.

Adierazpen horrengatik, Vucicek ez zituen begi onez ikusi Mendebaldekoen erreakzioak, iradoki baitzuen haien jarrerak hipokritak direla. «Gure herriaren erresistentzia geroz eta handiagoa izango da, eta politikoa», ohartarazi zuen Serbiako presidenteak.

Kurti,Poliziaren defentsan

Kritikak kritika, Albin Kurti Kosovoko lehen ministroak polizien jarrera defendatu zuen atzo, Twitter sare sozialera igotako mezu batean: «Hauteskunde demokratikoetan hautatuak izan direnen eskubidea da kargua hartzea mehatxurik edota larderiarik gabe. Herritarren eskubidea ere bada hautaturikoen zerbitzua jasotzea».

Kosovoko serbiarren partetik ere ez dirudi tentsioa txikitzeko asmo handirik dagoenik. Kasurako, horien alderdirik handieneko buruzagiak, Zerrenda Serbiarreko Goran Rakicek, Belgradi eskatu zion, atzo, eten ditzala Pristinarekin dituen elkarrizketak; behintzat, poliziak Kosovo iparraldetik joaten diren arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.