Kazakhstango segurtasunerako buru ohia atxilotu dute, istiluekin lotuta

Kazakhstanen azken astean gobernuaren aurka piztu diren protestekin lotuta, Karim Massimov herrialdeko Segurtasun Nazionalerako Batzordeko buru ohia atxilotu dute estatuko indarrek, goi traizioa leporatuta. Kassim-Jomart Tokaiev presidentearen aholkulari Ermujamet Ertisbaevek herrialdeko telebista kate publikoari atzo adierazi zionez, manifestariek prestakuntza jaso dute entrenamendu gune batzuetan, eta segurtasunerako burua izandakoari informazio hori ezkutatzea egozten diote. «Hori estatu krimen izugarria da», nabarmendu zuen. Tokaievek purga bat hasi du, beraz.
Asteazkenean eta ostegunean lehertu ziren manifestazioak, batez ere Almaty hirian, herrialdearen ekialdean. Gobernuak dimisioa eman zuen, eta SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko errepublika ohiko presidenteak laguntza eskatu zien eskualdeko aliatuei. ODKB Segurtasun Kolektiborako Itunaren Erakundeko kide da Kazakhstan, Errusia, Armenia, Bielorrusia, Kirgizistan eta Tajikistanekin batera, eta aliantza horrek babes militarra eman dio. Horren ondorioz, uste du egoera «egonkortzen» ari dela. Hori adierazi zion atzo Vladimir Putin Errusiako presidenteari, telefonoz, Kremlinek ohar baten bidez jakinarazi zuenez.
Tokaieven esanetan, ODKBren laguntza ezinbestekoa izan da, modu horretan errefortzuak bidali ahal izan baitituzte Almatyra. Efe berri agentziaren arabera, indar militarrek hiria hartu dute, baina atzo, oraindik ere, tiroak entzuten ziren kaleetan. Udalak jakinarazi du laster irekiko dituztela supermerkatu handiak, eta aireportua ere datozen egunetan zabaltzekoak direla. Herrialde osoan zailtasunak dituzte, gainera, bai sarera konektatzeko, bai telefono bidez komunikatzeko.
Barne Ministerioak liskarrei buruzko datuak berritu zituen atzo, eta jakinarazi guztira 26 zibil eta estatu indarretako hemezortzi kide hil direla. Tokaievek herenegun polizia indarrei eskatu zien abisurik eman gabe «hiltzeko» tiro egiteko mobilizazioetan parte hartzen duten manifestariei. 1.000tik gora dira zaurituak; 500 bat ospitaleratuak, eta 4.400 lagun inguru atxilotuak.
Atxilotuetako bat Massimov da. Batzordeko burua izan zen 2016tik joan den asteazkenera arte. Batzordeak berak atzo kaleratutako oharrean azpimarratu zuenez, gobernuak dimisioa eman ondorengo egunean Segurtasun Kontseiluaren bilerara deitu zuten, eta horretan parte hartu zuten presidenteak eta, besteak beste, Massimovek berak. Bilera bukatuta atxilotu zuten. Kazakhstango Zigor Kodearen 175. artikuluak zehazten du goi traizioagatik zigortuak direnei hamabost urteko kartzela zigorra jar diezaieketela. Batzordeak adierazi du atxilotze gune batean dagoela «beste batzuekin» batera; ez du zehaztu, ordea, beste horiek ere batzordeko funtzionario ohiak ote diren.
Azkeneko hiru hamarkadetan hainbat kargu eduki ditu Massimovek: Garraio ministroa izan zen (2000-2001), Ekonomiakoa (2006), baita lehen ministro ere, bi aldiz: 2007tik 2012ra, eta 2014tik 2016ra. 1990etik 2019ra herrialdeko gobernuaren presidente izandako Nursultan Nazarbaiev en aliatua izan da, horrenbestez. Eta azken egunotako zurrumurruek zioten Nazarbaiev, hain zuzen, erbestera alde egina zela, segurtasunagatik. Baina presidente ohiak jakinarazi du Kazakhstanen dagoela, eta, gainera, babesa agertu dio Tokaievi. Presidente ohiaren bozeramaileak Errusiako Interfax berri agentziari adierazi dionez, «harreman zuzena» du bai Tokaievekin, baita «herrialde lagunetako» liderrekin ere. Hain justu, Nazarbaieven beraren kontrako oihuak entzun dira azken egunetan herrialdean egindako mobilizazioetan.
Alde egiteko baimena
AEBetako Gobernuak Almatyn duen kontsuletxeko langile ez-ezinbestekoei eta langile guztien senideei Kazakhstandik alde egiteko baimena eman die estatu departamentuak. «Manifestazioak, protestak eta grebak gerta daitezke, abisurik eman gabe», azaldu du ohar batean. Washingtonek tentsioa baretzera deitu du azkeneko egunetan. EB Europako Batasuna, Erresuma Batua, NATO eta NBE Nazio Batuen Erakundea ere ildo beretik mintzatu dira, eta giza eskubideak errespetatzeko eskatu dute.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.