Kolonbiaren eta ELNren arteko bake negoziazioak «krisian» daude

Bogotak gerrillari eskatu dio zera argitzeko: elkarrizketak baliatzen ari den bere burua indartzeko ala egiazki borondatea duen gatazka amaitzeko. Gobernuarentzat, giltzarri da su etena adostea

Ezkerretik eskuinera: Patiño gobernuaren negoziatzaileburua, Petro herrialdeko presidentea eta Rueda Bakerako goi mandataria, atzoko agerraldian, Bogotan. EFE.
ander perez zala
2023ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Aste Santuaren ondoren, Kolonbiako Gobernuak eta ELN Nazioa Askatzeko Armadak bake negoziazioen hirugarren bilera sorta abiatuko dute, Habanan. Aurreko bi hitzorduekin konparatuta, Kubako hiriburukoak badu are garrantzitsuagoa izango delako itxurarik, Bogotak atzo aitortu baitzuen elkarrizketa horiek «krisian» daudela, gerrillak joan den asteazkenean egindako erasoaren ondorioz. ELNk bederatzi militar hil eta beste bederatzi zauritu zituen, eta horrek kolokan jarri du Gustavo Petro herrialdeko presidenteak «erabateko bakea» lortzeko finkatu zuen helburua; halere, eta Kolonbiako hedabideek argitara atera duten arren «haserre» dagoela, Petrok ez du mahaitik altxatzeko asmorik.

Kolonbiako presidenteak bilkura batera deitu zuen atzo, iragan asteazkeneko erasoaren osteko jokalekuaz aritzeko. Horretan parte hartu zuen, besteak beste, gobernuaren negoziatzaileburu eta M-19 Apirilaren 19ko Mugimenduko gerrillari ohi Otty Patiñok, zeinak, bileraren ondoren egindako agerraldian, adierazi zuen «interpelazio handi bat» dagoela ELNren jarreren inguruan. Horregatik, gerrillari eskatu zion zera argitzeko: elkarrizketak baliatzen ari den bere burua indartzeko ala egiazki borondaterik al duen gatazka armatua amaitzeko.

Hitzordu horretan izan zen Bakerako goi mandatari Danilo Rueda ere, eta, bide beretik, kritiko agertu zen ELNrekin, «ezerk» ez dituelakoan justifikatzen «gizartean itxaropenik eza» sortzen duten ekintzak, joan den asteazkeneko erasoari aipamen eginez.

Egoera hori ikusirik, eta bake negoziazioen hirugarren bilera sorta hastear dagoen honetan, Patiñok, Ruedak eta Alfonso Prada Barne ministro eta gobernuaren bozeramaileak ugaritu egin dituzte ELNrekin su eten bat ahalik eta azkarren adosteko deiak. Hain justu, iragan asteazkeneko erasoa argudiatzeko, gerrillak esan zuen ez dagoela meniarik indarrean, eta, beraz, ez duela ezer urratu.

Horrek agerian utzi du, Bogotak berak aitortu duen modura, su eten bat negoziatzea giltzarri dela gobernuarentzat, elkarrizketek arrakasta izate aldera; eta, hortaz,badirudi horretan jarriko duela arreta Aste Santu osteko negoziazioetan. «Ez da beharrezkoa indarkeria erabiltzea», adierazi zuen atzo Pradak.

Aurrekari negatiboa

Habanako saioaren zain, su etenari buruzko aurrekaria ez da baikorra Kolonbiako Gobernuarentzat, nahasmendua izan baitzen nagusi duela hiru bat hilabete.

Joan den abenduaren amaieran, Petrok jakinarazi zuen «alde biko su eten bat» adostu zutela gobernuak eta ELNk, eta indarrean sartuko zela urte hasieran. Dekretu bat ere aurkeztu zuen, hori jasotzen zuena, eta azaltzen zuena menia horrek sei hilabete iraungo zuela. Gerora, ordea, gerrillak ohar baten bidez jakinarazi zuen ez zuela bat egiten su eten horrekin; hau da, esan zuen ez zutela ezer negoziatu. «Hainbat modutan adierazi dugu ELNk elkarrizketa mahaian adosten dena baino ez duela betetzen».

Dena den, Petrok «erabateko bakea» lortzeko asmoa du, eta negoziatuz egin nahi du hori. 50 urte baino gehiagoko gatazkak gutxienez 500.000 lagun hil eta milioika desplazatu eragin ditu, nazioarteko behatzaileen arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.