Albistea entzun

Carme Forcadell. Kataluniako Parlamentuko presidentea

«Orain, inoiz baino premiazkoagoak dira erakunde sendoak»

Kataluniako prozesu independentistarengatik auzipetutako pertsonei babesa adierazteko, elkarretaratze jendetsu batera deitu dute ANC eta Omniumek gaurko, Bartzelonan. Forcadellek barrutik ezagutzen du kontua: hari ere jarri zioten kereila, ebazpen subiranista bat legebiltzarrera eramateagatik. Ez du damurik.
DANI CODINA

Saioa Baleztena -

2016ko azaroak 13 - Bartzelona

Associacio per la Llengua eta Omnium Cultural elkarteetan hasi zen Carme Forcadell (Xerta, Herrialde Katalanak, 1956) independentziaren aldeko ekintzaile gisa. Esperientzia labur bat eduki zuen politikagintzan: 2003tik 2007ra Sabadellgo zinegotzia izan zen ERCtik, baina ondoren gizarte zibilera itzuli zen. ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidente gisa bihurtu zen ezagun Katalunian eta handik kanpo; bera karguan zegoela gertatu ziren Diada eguneko manifestazio handi eta ustekabekoenak. ANCk, AMI Independentziaren Aldeko Udalen elkarteak eta Omnium Culturalek gaurko antolatu duten ekitaldiaren atarian, prozesu independentistaz eta Espainiarekiko harremanaz solastatu da BERRIArekin.

Aste honetan izan da azaroaren 9a. Duela bi urte egin zenuten independentziari buruzko galdeketa, eta iaz onartu zuen adierazpena parlamentuak. Zein da zure balorazioa bi urte hauetaz?

2014ko galdeketa demokrazia eskola bat izan zen. Argi gelditu zen Espainiako Gobernuaren jarrera albo batean utzita Kataluniak bere bidea egin behar zuela. Zailtasunak zailtasun, 2,4 milioi lagunek bozkatu zuten, eta harrezkeroztik gertatu den guztiak erakutsi du gure etorkizuna aukeratzeko eskubidea eta beharra dugula. Oso harro nago Kataluniako herriak bi urte hauetan lortu duenaz; demokraziarentzat onuragarria da oso.

Gaur, elkarretaratzea duzue «erakundeak eta demokrazia» babestu eta auzipetuta zaudeten politikariak sostengatzeko. Nola dago mugimendu independentista zibila?

Gaurko ekitaldiaren helburu nagusia da erakundeen subiranotasuna sostengatzea, bai parlamentuarena eta baita udalena ere. Kataluniako gizarte zibila herri honek duen altxorrik garrantzitsuena da; bizirik dago, ez bakarrik ardatz nazionalari dagokionez, baizik eta baita gizarte gaiei dagokienez ere. Eta, horregatik, azken hilabeteetan gertatutakoaren harira, egun ona da gaurkoa erakundeen burujabetasuna aldarrikatzeko. Politikariok ezin dugu ahaztu, eta harro egon behar dugu, herri honen gizarte mugimenduen lorpenaz.

Junts Pel Siren sorrerarekin kaleko indarra itzali zela esaten da. Ados al zaude?

Une bakoitzeko beharren araberako aldaketak egon direla esango nuke. Orain, gizarte zibilaren indarra garrantzitsua da, baina inoiz baino premiazkoagoak dira erakunde sendoak. Kaleko indarra, nire ustez, ez da itzali, baizik eta aldatu. Gogotsu dago jendea, etorkizuna erabaki eta aldatu nahi du, baina politikariok kontziente izan behar dugu ezin diegula eskatu etengabe mobilizatuta egoteko. Garrantzitsuena da behar denean hortxe dagoela gizarte zibila.

Junts Pel Si eta CUPen arteko akordioa ezinbertzekoa izan zen prozesuak aurrera egiteko. Gerora, CUPekin hainbat momentutan desadostasunak izan dira, aurrekontuak onartzeko, adibidez. Nola dago alderdi independentisten arteko harremana?

Tira, desadostasunak parlamentuko indarren harremanen ondorio dira. Badaude elkarrekin topo egiteko puntuak, baina, noski, beste hainbat kontutan desadostasunak daude. Normala da; gainontzeko indarrekin ere gertatzen da. Baina oraintxe independentziaren alde arraunean ari diren bi indar hauen arteko harremana egokia da, zalantzarik gabe.

Etxetik baino gehiago, oztopo nagusia kanpotik datorkizue, beraz. Espainiak etengabe eten du prozesua.

Bai, horixe da benetako arazoa. Espainiak politika etengabe judizializatzen duela. Gure aburuz, demokrazian gatazkak politikoki konpondu behar dira, eta ez epaileen bitartez. Espainiako Estatuak, aldiz, gatazka politikoak etengabe bidaltzen ditu auzitara, hautetsontzietan irabazi ez duena bertan irabazteko asmoz. Hori da arazo guztien muina. Egoera oso larria da, gaur egun zalantzan dagoelako demokrazia estatu ororen zutarria izan beharko lukeen botere banaketa.

Zure kontra kereila bat jarri du Espainiako Gobernuak, uztailean parlamentuan JxSik eta CUPek bermatu zuten independentziarako aldebakarreko bidea ez eteteagatik. Zer duzu errateko horren inguruan?

Esan bezala, kezkatuta nago, baina ez niri jarri didatelako kereila. Niretzat larria dena da, esan bezala, gatazka politikoei irtenbidea bilatzeko baliabide faltaren ondorioz Espainiako Estatuak etengabe judizializatzeko joera izatea. Independentziatik haratago, bide luzea egin dugu askatasun demokratikoa lortzeko, eta orain jokoan dago. Lehen aldiz, eztabaida demokratikoa zigortzen ari dira parlamentuan.

Uste al duzu harago iritsiko dela Auzitegi Konstituzionala, eta inhabilitatuko zaituztela?

Inolaz ere ez. Nik agertoki hori ez dut begiesten…

Ez zara inputatuta dagoen bakarra. Duela astebete, Montse Venturos Bergako alkatea atxilotu zuten mossoek. Zein iritzi duzu gertakari horren inguruan?

Oso larria da udaleko subiranotasuna jokoan jartzea. Alegia, Bergako Udaleko osoko bilkuran estelada jartzea zigortu dute, atxiloketa aginduz. Adierazpen askatasuna mugatzen saiatzen dira behin eta berriz.

Ulertuko duzu batzuek begi txarrez ikustea Kataluniako Gobernuak gertakari hura saihesteko ezer egin ez izana, ezta?

Ez dezagun fokua arazotik ken. Funtzionarioek beren lana egin zuten, eta, fokua mossoengana ekartzen badugu, benetako arazoa ezkutatzen ari gara. Errealitatea da Espainiako Gobernua saiatu dela osoko bilkura batek hartutako erabaki demokratiko bat kolokan jartzen. Ez ditzagun gauzak nahas!

Tira, orain artekoa ikusita, badirudi Madrilek jarraituko duela Kataluniako Parlamentuak egindako urrats bakoitza auzitara eramaten. Zein da irtenbidea?

Nire nahia litzateke Espainian elkarrizketara irekita dagoen gobernu bat izatea, Kataluniaren erabakitze eskubidea onartuko lukeena, beste gauza batzuen artean. Baina, noski, Espainiako testuingurua albo batean utzi, eta Kataluniak bere bidea egingo du.

Alde bakarreko erreferenduma egokia iruditzen zaizu orduan?

Puigdemont presidenteak argi utzi zuen erreferenduma egingo dugula 2017ko irailean. Parlamentuak onartu du, eta, zalantzarik gabe, hori da irtenbide bakarra. Bozkatzeak ez gaitu beldurtzen. Kontrakoa, prozesu hau hautetsontzietan sortu zen, eta bertan bukatu behar da. Beraz, guretzat bozkatzera joatea beti da onuragarria.

Zer irabaziko luke Katalunia independenteak?

Hori biztanle bakoitzak aintzat hartu behar du. Nire ustez, zentzu askotan irabaziko luke. Baina irabazirik handiena litzateke bozkatzeko aukera izatea. Izan ere, Eskozian, adibidez, bozkatu zuten, eta, independentziak galdu zuen arren, aukera izan zuten behintzat helburu nagusia asetzeko. Horrez gainera, uste dut independentziaren bitartez lortuko genukeela behar gehien dutenei hobeto laguntzea, orain ez ditugun baliabideak izango genituzkeelako.

Espainian PSOE hautsita dago. Zein iritzi duzu PSCk prozesuari dagokionez izan duen rolaz?

Hori PSCri galdetu beharko zenioke. Nik, parlamentuko presidentea naizen neurrian, ezin dut halako baloraziorik egin. Alderdi politiko guztien erabakiak errespetatzen ditut.

Elkarrizketaren batean irakurri dut unibertsitate garaian jabetu zinela Kataluniak Madrilekiko zuen babes faltaz.

Unibertsitate garaian ikusi nuen hizkuntza propioaren erabilera sustatzea oso zaila zela estatu propiorik izan gabe. Han konturatu nintzen katalana eremu urriko hizkuntza zela eta estatu propiorik gabe sostengatzea ezinezkoa zela. Garrantzitsua izan zen garai hura, ikasle gehienok katalanez hitz egiten genuen arren saioak gazteleraz egiten zirelako. Eta, saiatzen ginenean hori aldatzen, konturatzen ginen ez genuela egoera horri buelta emateko aukerarik.

Plataforma per la Llengua sortu zuen Associacio per la Llengua elkartearen sortzaileetako bat zara. Nola ikusten duzu katalanaren egoera gaur egun?

Plataforma per la Llenguari asko zor diogu katalana normalizatze aldera egin duen lanagatik. Gaur egun, hizkuntza hobeto dago, baina asko falta da egon nahi dugun tokian kokatzeko. Oraindik ere eremu urriko hizkuntza da, eta horretarako ere estatu propioa izatea erabakigarria izango da. Izan ere, katalana ez da Europako hizkuntza, Espainiak ez duelako nahi. Eta, oraindik ere, justizian edo alor sozioekonomikoan, adibidez, katalanak ez du tokirik.

Zu gizarte zibilaren eta politikaren artean egon zara beti. Associacio per la Llengua, Omnium Cultural, ANC... Zergatik erabaki zenuen iaz gizarte zibila utzi eta politikaren bidea berreskuratzea?

ANCren idazkaritzaren epea hiru urtekoa da, eta nik 2015ean bete nituen. Beraz, elkarteko kide izaten jarrai nezakeen, baina ez presidente gisa. Hala ere, parlamentuko presidente izatea onartu nuen ikusi nuelako ezinbestekoa zela guztion inplikazioa. Junts Pel Siren hautagaitza ohiz kanpokoa zen; plebiszitu bidezko hauteskundeak ziren, eta denon partaidetza erabakigarria zen. Horregatik gaude orain gizarte zibiletik gatozen hainbat eta hainbat lagun parlamentuan. Nolabait ikusi nuen une egokia zela.

Pertsonalki zer eman dizu Kataluniako Parlamentuaren presidente izateak?

Norberaren herriaren lehendakaria izatea ohorea da edonorentzat. Pribilegioduna sentitzen naiz, erabat, eta, gainera, oso pozik nago Kataluniak bizi duen salbuespenezko testuinguru hau parlamentutik bizitzeko aukera izateagatik. Niretzat politikaren funtsa da behar gehien duten biztanleei laguntzeko aukera izatea, eta alde horretatik ere asko irabazi dut.

Amaitzeko, Katalunia independentean non egon nahiko zenuke? Politikan ala gizarte zibilean?

[Hasperen egin du] Atseden hartu, eta bidaiatu egin nahiko nuke. Zintzoki, gutxi zapaldu nahiko nuke Katalunia. Bidaiatzea maite dut, eta azken urteotan ezin izan dut nahi bezainbeste egin. Beraz, independentziaren erronka aseta bidaiatu ahal izatea da nire desioa.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Mateusz Morawiecki Poloniako lehen ministroa, gaurko agerraldian, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea alboan duela, eserita. ©EFE

Poloniako lehen ministroak erasokor jarraitu du: «Ez gara inoiz probintzia bat izango»

Ander Perez Zala

Europarlamentuko saioak agerian utzi du Varsoviak eta Bruselak ikuspuntu kontrajarriak dituztela sistema judizialaren nagusitasunaren, haren independentziaren eta subiranotasunaren inguruan.

Latinoamerikako emakume indigenen hainbat ordezkari, joan den ostiralean, Liman. / ©Paolo Aguilar, EFE

Indarkeria matxista amaitzeko eskatu dute Latinoamerikako emakume indigenek

Arantxa Elizegi Egilegor

Liman egin dute Abya Yalako Emakume Indigenen bigarren batzarra. Nazio Batuen Erakundeko Foro Iraunkorrera eramango dituzte aldarrikapenak.

Herritarrak protestan Rioko Jacarezinho favelan, joan den maiatzean. ©Andre Coelho / EFE

Brasilen bi polizia inputatu dituzte, 28 hildako eragin zituen operazio batean «modu irregularrean» jokatzeagatik

Paulo Ostolaza

Joan den maiatzean Rio de Janeiroko Jacarezinho favelan egin zuten operazio batean hil zituzten herritarrak. Operazio harekin lotutako lehen prozesu judiziala da.

Ameriketako Estatu Batuen armadako urpeko bat, artxiboko irudi batean. ©THIEP VAN NGUYEN / EFE

Interes batzuen xake taulan

Ander Perez Zala

AEBen, Erresuma Batuaren eta Australiaren arteko AUKUS akordioak agerian utzi du nazioarteko estrategia testuinguru berria, eta baliteke oreka aldaketa bat eragitea Asia hego-ekialdean. Hori bai, eskualdeko herrialde guztiek ez dute begi onez ikusi Txinaren kontrako aliantza militar hori.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.