Errusia eta Ukraina pozik, presoak trukatu ondoren

Moskuk eta Kievek 35na preso askatu dituzte. Bi aldeek aurrerapausotzat jo dute erabakia. Aske utzitakoen artean daude iaz Errusiak atxilotutako 24 soldadu ukrainarrak

Errusiak iazko azaroan atxilotutako soldadu ukrainarretako bat atzo Kieven, inguruan senideak dituela. S. DOLZHENKO / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Errusiak Krimeako penintsula anexionatu zuenean, 2014an, eta jarraian Donbass eskualdean, Ukraina ekialdean, matxino errusiazaleen eta Ukrainako armadaren arteko gerra hasi zenean, guztiz gaiztotu ziren Moskuren eta Kieven arteko harremanak. Baina horiek konponbidean jartzeko urrats bat egin zuten atzo bi aldeek, presoak trukatuta. Gobernuek ez zuten daturik eman, baina Tatiana Moskalkova Errusiako arartekoak jakinarazi zuenez, 35na preso askatu dituzte. Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen ustez, erlazioak hobetzeko bidean emandako «lehen pausoa» da, «baina, orain, gainontzeko guztiak ematea dagokigu». Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramaile Maria Zajarovaren hitzetan, «oso inportantea» da trukea, eta bi herrialdeen arteko arazoak konpontzeko«erabakitasunari» eusteko eskatu zuen.

Zelenski joan den maiatzetik da presidente, eta kanpainan agindu zuen lehentasuntzat zuela Errusian kartzelatutako ukrainarrak askatzea, eta Donbassko gerra amaitzea— 13.000 lagun hil ditu, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera—. Kieven esanetan, Moskuk babesten ditu matxino errusiazaleak; Kremlinak, ordea, ukatu egiten du.

Halere, Zelenski kargura heldu zenetik, hobera egin dute Sobietar Batasuneko errepubliketako bi izandakoen arteko harremanek. Vladimir Putin Errusiako presidentea eta Petro Poroxenko joan den maiatzera arte Ukrainako presidente izandakoa ez ziren ondo konpontzen. Putin eta Zelenski ez dira oraindik aurrez aurre bildu, baina, gutxienez, telefonoz hitz egin izan dute elkarrekin. Gainera, gerra bukatzeko intentzioarekin, bai batak eta bai besteak agertu izan dute 2015ean Minsken sinatutako protokoloari berriro heltzeko asmoa.

Putin ez zen Moskuko aireportura joan, Ukrainak askatutako presoei harrera egitera. Zelenskik, berriz, agerraldia egin zuen Kievekoan. Errusiak askatutako presoen senideak zituen inguruan. Moskuk aske utzi dituenen artean daude iazko azaroan Azov itsasoan, Krimea inguruan, Errusiak atxilotutako 24 soldadu ukrainarrak. Errusiaren eta Ukrainaren arteko muga «legez kanpo gurutzatzea» leporatuta atxilotu zituen Moskuk marinelak. Ukrainaren arabera, geldiarazitako hiru itsasontzi militarrak «ur neutraletan» zeuden. Errusiaren «eraso militar» posible bat saihesteko, salbuespen egoera ezarri zuen Poroxenko presidenteak.

Kievera iritsitako beste preso ukrainarretako bat Oleg Sentsov zinemagilea da. Errusiako justiziak hogei urteko kartzela zigorra ezarri zion 2015ean, Krimean bi eraso «terrorista» egitea egotzita.

Vladimir Tsemakhen kasua

Moskura iritsi zirenen artean dago Kiril Vixinski, Ria Novosti Errusiako berri agentziako zuzendaria. Iaz atxilotu zuten, «goi traizioa» egotzita. Vladimir Tsemakh da Ukrainak askatutako beste presoetako bat. Ekainean atxilotu zuten. Malaysian Airlines MH17 hegaldiak 2014ko uztailean Ukraina ekialdean jasan zuen erasoa —298 hil zirenekoa— argitzeko orduan «pertsona interesgarria» izan daitekeela adierazi izan du erasoa ikertzen ari den nazioarteko ikerlari taldeak. Ukrainako hedabideen arabera, Donetskeko herri errepublikako buru militarreko bat zen. Lau dira susmagarriak hegaldiari egindako erasoaren harira, eta 2020ko martxoan hasiko da haien kontrako epaiketa, Herbehereetan. Hango gobernuak esan du ez dagoela ados Kievek Tsemakh askatzearekin.

EB Europako Batasunak, bere aldetik, Ukrainak eta Errusiak presoen auzian hartutako erabakia txalotu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.