Albistea entzun

Hondamendi baten kronika

Gaur astebete da Kanarietako La Palma uharteko Cumbre Vieja sumendia laba botatzen hasi zela. Tarte honetan suntsituta geratu dira gutxienez 461 eraikin, eta 6.000 lagun inguruk etxea utzi behar izan dute. Orain, etorkizunak kezkatzen ditu.
Emakume bat sumendiari begira, herenegun, El Pason.
Emakume bat sumendiari begira, herenegun, El Pason. MIGUEL CALERO / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Oier Zeberio -

2021eko irailak 26 - La Palma

Irailaren 19an, duela astebete, Kanarietako La Palma uhartearen hego-mendebaldeko biztanleen amesgaiztorik okerrenak errealitate bilakatu ziren arratsaldeko 15:12an, Cumbre Vieja sumendia lehertu zenean. Aurreko egunetan izandako lurrikarek eta lurraren deformazioak erakusten zuten magma eguratsera irteteko ahaleginak egiten ari zela, baina inork ez zekien erupzioa izango ote zen edo, izatekotan, noiz gertatuko zen. Alerta horian ziren sumendiaren lehen errauts hodeiak irten zirenean. Laba zurrutadek bere bideari ekin zioten, eta, poliki-poliki, etxeak eta bestelako azpiegiturak suntsitzen hasi ziren.

Irailaren 21ean, asteartean, laba Todoque auzoko gune batzuetara iristen ari zela baieztatu zuten. Metro bateko garaiera baino handiagoko arroka masa oso gertu zegoen, eta segurtasun indarren eta larrialdi unitateen sirena hotsak bertan zeudenen negarrekin nahasten ziren. Taxi gidari batek honela zihoen, etsita: «Amorru eta nahigabe handia sentitzen dugu. Hau hondamendi bat da dena galdu duten bizilagunentzat eta uharte osoarentzat. Egoera kaotikoa da». Eraikinek dar-dar egiten zuten, eta suhiltzaileen kamionetak alde batetik bestera zihoazen. Maskara eta babes betaurrekoz hornitua zegoen Manuel Perera hirigintza zinegotziak honela deskribatu zuen egoera: «Benetan tragikoa da. Ikaragarria da gertatzen ari dena. Los Llanos herriko espazio handi bat desagertzen ari da». Bizilagunei beren gauzak ateratzeko aukera eman zieten, laba etxeetara heldu aurretik.

Zortzi minutu lehenago, azken elkarrizketa hau egin zen gunetik hogei metrora bizi zen familia batek etxea hustu zuen, larrialdiei aurre egiteko Espainiako unitate militarraren (UME) laguntzarekin. 15-20 minutu bakarrik izan zituzten horretarako. Tokiko agintariek beharrezkoa ez zen pertsonalaren ebakuazio agindua eman baino lehen, inguruko bizilagunez eta ondasun gutxi batzuez beteriko hamar bat ibilgailu eta kamioneta igaro ziren bertatik. Barnean zihoazen pertsonen aurpegiek kanpotik ulertzeko zaila zen sufrimendu bat adierazten zuten.

Hurrengo egunean, irailaren 22ko goizean, Tazacortetik hegoaldera kokaturiko errepide nagusiak dozenaka ibilgailuz bete ziren. Bizilagunak etxera zihoazen, euren gauzak biltzeko asmoz. Kasu honetan ere, minutu gutxi batzuk bakarrik izan zituzten horretarako. Errepide kontrolak non-nahi zeuden, eta bizilagunei bakarrik uzten zieten igarotzen. Los Llanos de Aridaneko Babes Zibileko burua da Domingo Hernandez, eta, haren arabera, hain arriskutsuak ez ziren guneetara sartzea baimentzea erabaki zuten bizilagunek gauza garrantzitsuenak har zitzaten, besteak beste ondasunak eta dokumentazioa. Tarteka, errautsek etxebizitzak, lurra eta auto aparkatuak estaltzen zituzten; gas toxikoek arnasa hartzeko arazoak eragiten zituzten.

Egun berean jasotako San Borondoneko (Tazacorte) bizilagun baten testigantzak argi irudikatzen du kaltetuen sufrimendua: «Gaur goizean, nire alabak etxea galdu du. Todoquen bizi zen. Orain nire etxean dago, umeekin. Txikiak oso urduri daude». Lehendik ere ezagunak zituen sumendien ondorioak. Sei urte zituenean, Tenegiaren erupzioa bizi izan zuen, baina, haren esanetan, Cumbre Viejarena askoz okerragoa izan da. «Kanpoko jendearentzat ikuskizun ederra da. Baina zuri deitu eta esaten dizutenean norbaiti etxea erre zaiola... Eta hori ez zaio bakarrik nire alabari gertatu; beste jende askori, lagunei, senideei... Orain ez dut inor izendatuko, motz geldituko naiz eta», zioen, goibel. Gauza materialei garrantzi handiegia ematen zaiela gaineratu zuen, eta garrantzitsuena familia dela, norbera ondo egotea, eta osasuna.

Etorkizuna

Gehienentzat, egoeraren larritasunaz gain, puntu kezkagarrienak geroari loturiko ziurgabetasuna eta ondorio ekonomikoak dira. Litekeena da, etxebizitza galtzeaz gain, pertsona asko diru sarrerarik gabe geratzea. Adibidez, bananaren industriak kolpe latza hartuko du. Iturri batzuen arabera, uhartearen barne produktu gordinaren %50 baino gehiago eta enpleguen %30 fruta honen ekoizpenaren mende daude. Guztira 5.300 nekazarik egiten dute lan sektore horretan, eta 10.000 familiari ematen die sostengua. «Politikari eta agintariak etorri dira, baina zer gertatuko da laguntzekin? Iritsiko dira? Eta iristen badira, zenbatekoak izango dira? Jendea kirol pabiloietan dago. Pilatuta daude. Ez dituzte hoteletara ere eraman», zioen bizilagun batek.

Ehunka lagunek etxea eta ondasunak galdu dituztela eta larrialdi egoera zenbait egun edo astetan luzatuko dela ikusita, herritarrek hainbat bide ireki dituzte kaltetuei laguntzeko. Arropa eta janari biltegiak eta dirua biltzeko egitasmoak martxan daude. Aipagarria da segurtasun indarrek eta larrialdi unitateek jendeari laguntzeko agertutako prestutasuna. Gutxienez 461 eraikin suntsitu dira, eta 6.000 pertsonak baino gehiagok utzi behar izan dute etxea.

Halako hondamendiekin gertatu ohi denez, kazetariz bete da uhartea azken egunetan, eta horrek kexuak ere eragin ditu hainbat kasutan. Esaterako, Espainiako telebista kate bateko kazetaria hustera zihoazen etxe batera sartu zen, eta familia bat grabatu zuten baimenik gabe. «Kazetari askori, eta bereziki telebista kateei, morboa interesatzen zaie. Berdin zaie pertsonen sufrimendua. Ez dugu ezer jakin nahi halako jendeaz eta telebista kateez», zioen haserre La Palmako herritar batek.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sudango Khartum hiriburuan atzo izandako protesta baten irudia. ©STRINGER / EFE

Trantsizio gobernuak dio «autoritate legitimoa» duela oraindik

Ander Perez Zala

Sudango Kontseilu Subiranoa erakundeen «alde bakarreko desegitearen» kontra agertu da. Militarrek gutxienez zazpi lagun hil dituzte estatu kolpea salatzeko manifestazioetan.

Scott Morrison, Australiako lehen ministroa / ©Mick Tsikas, EFE

2050erako karbono neutraltasuna lortzeko konpromisoa hartu du Australiak

Arantxa Elizegi Egilegor

Neutraltasuna lortzeko, 12.924 milioi euroko inbertsioa egingo dute teknologia garbietan 2030era arte. Horrez gain, eutsi egingo diete 2030erako jarritako helburuei, hau da, isuriak %28ra murriztea 2005ekoekin alderatuta.

Artalde bat, eta, haren atzean, hainbat ke zutabe, Alemaniako Bergheim hiriko lantegi batean. ©SASCHA STEINBACH / EFE

Berotegi gasen kontzentrazioa inoizko handiena izan zen 2020an

Gorka Berasategi Otamendi

Karbono dioxidoaren zenbatekoa %149 handitu da industrializazio aurreko garaikoarekin alderatuta, Munduko Meteorologia Erakundearen arabera. Estatuak Parisko helburuetatik «oso urrun» daude

Estatu kolpea salatzeko eta gobernuari elkartasuna adierazteko atzo Khartumen egindako protestetako bat. ©MOHAMMED ABU OBAID/ EFE

Sudanen, militarrek estatu kolpea eman dute, eta gobernua desegin

Arantxa Elizegi Egilegor

Armadak atxilo hartu du lehen ministroa, eta bakea «arriskuan» jartzea egotzi dio trantsizio gobernuari. Armadaburuak iragarri du «gobernu teknokrata bat» osatuko dutela datorren hilabetean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.