Letra txikia letra larrian

Klima aldaketari aurre egiteko neurriak zehazten dituen eskuliburua adostu dute munduko ordezkariek. Tenperaturaren igoeraren langa ez dute 1,5era murriztu

COP24 goi bileraren harira iragan abenduaren 8an klima aldaketaren alde egindako manifestazioa, Katowicen, Polonian. ANDRZEJ GRYGIEL / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Hutsala iduri lezakeen alde txiki horregatik ez balitz, munduko ekosistemak, izozguneen edo koralezko uharrien kopurua, eta bioaniztasuna, animalia eta landareen habitatak zeharo aldatuko eta murriztuko lirateke, desertu gero eta idorragoak sortuz, itsasoen maila igoz eta espezien galera areagotuz. Klima aldaketaz hitz egitean 0,5 graduren aldea itzela da. Katowicen (Polonia) abenduaren 3tik elkartuta egon diren munduko 197 herrialdetako adituek, agintariek eta hainbat erakunde eta elkarteen ordezkariek horixe izan dute ados jartzeko oztopo nagusia. COP24 goi bilera ostiralean zen amaitzekoa, baina gau oso bat eta beste egun oso bat luzatu badute ere, parte hartzaileak bart jarri ziren ados. Klima aldaketari aurre egiteko neurri zehatzak jasoko dituen eskuliburua adostu dute, baina letra txikian zegoena ez dute letra larriz idatzi.

Parisko 2015eko Nazio Batuen Erakundearen Klima Aldaketari buruzko Konferentzian hitzartutako akordioaren konpromisoak betetzeko bide orria ezarri da. IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen txostenari, berriz, modu sotilean egin zaio erreferentzia. Parisen letra txikiz erantsitako klausula letra larriz onartzea zen helburua. Orduan Lurraren tenperatura mende bukaerarako bi gradu baino gehiago ez igotzeko konpromisoa hitzartu zuten, bi gradu horiek marra gorritzat hartzen baitziren planetaren orekari eusteko. Kontua da tenperatura espero zen baino bizkorrago ari dela igotzen.

IPCCri txosten bat egitea agindu zitzaion, tenperaturaren igoeraren langa 1,5 gradutan ezartzeko beharraz ohartarazteko, hori egin ezean arriskuak neurtzeko. Mundu osoko 40 herrialdetako 91 aditu 6.000 artikulu eta erreferentzia zientifikotan oinarrituta egindako txostena urrian aurkeztu zen. Dokumentuak argazki itzela atera du: berotze globala 1,5 gradura mugatu ezean ondorioak «katastrofikoak» izango dira; beraz, aldaketek «azkarrak eta sakonak» izan behar dute, orain artekoak baino askoz ere «drastikoagoak». Hamarkada batean berotegi efektua eragiten duten gasak erdira murrizteko beharraz ohartarazi dute adituek, 2030. urterako 2010ean isurtzen zenaren %45, gaur egun isurtzen denaren %25, alegia. 2030ean 40 gigatona gas isurtzea da langa.

Erregai fosilak

Egungo erritmoan tenperaturaren igoera hiru gradukoa izango da mende bukaerarako, eta, abiadura hori mugatzeko, karbono dioxido isurketak are gehiago murriztu beharko dituzte herrialdeek. Thelma Krug IPCCko presidenteordearen hitzetan, «iraultza bat» behar da.

Txostenak erregai fosilen garaia amaitzea dakarrela ondorioztatu dute ikerlariek. Erronka, baina, herrialde batzuek hartu nahi dituzten konpromisoetatik urrun dago. Ameriketako Estatu Batuak, Errusia, Saudi Arabia eta Kuwait izan dira adituen txostena goi bilerako akordioan txertatzeko errezeloak zituzten herrialdeak, hau da, konpromiso zehatzagoak eta irmoagoak hartzeari uko egin diotenak. Erregai fosilen monopolioa dute herrialde horiek.

AEBen kasuak, dena den, analisi sakonagoa eskatzen du. Barack Obama klima aldaketaren borrokaren ikur bihurtu zen, besteak beste orain martxan dagoen prozesuaren sustatzaile nagusietakoa izan zelako. Parisko Hitzarmena New Yorken sinatu zuten 175 herrialdetako ordezkariek, inoizko kopururik handiena berotze globalaren aurkako borrokan, tartean munduko berotegi efektuko gasen igorle nagusiak: AEBak eta Txina. 2016ko apirila zen, eta artean presidente demokrata zegoen Etxe Zurian.

Donald Trump, berriz, kontrako bidean ari direnen ikur bilakatu da, klima aldaketaren negazionistena, alegia. 2017ko ekainaren 1ean presidente errepublikanoak iragarri zuen bere herrialdea akordiotik aterako zuela. Estatu batzuk, dena den, aitzindariak dira klima aldaketaren kontrako borrokan. Adituek Kalifornia, Washington eta Colorado estatuetan garatzen ari diren politikak nabarmendu dituzte Katowicen.

«Negoziazio gogorrak»

Michal Kurtyka COP24ko presidenteak jakinarazi zuen akordio bat lortzeko ahalegin guztiak egiten ari zirela, eta negoziazioak «gogorrak» bilakatu zirela. Parisen adostutako neurriak nola ezarri zehaztuko zuen eskuliburua argitaratzea zen asmoa, konpromisoak ezartzeko mekanismoak zehaztea, arautegiaren liburu sendo bat plazaratzea, finantzaketa kuotak finkatzea, herrialde garatu eta ez-garatuen arteko desorekak murriztea, eta akordioari izaera politikoagoa eta globalagoa ematea; izan ere, orain arte herrialde bakoitza bere aldetik ari zen.

Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak goi bileraren hasiera ekitaldian iradoki zuen adostasuna ez zela erraza izango: «Katowicen porrot egiten badugu mezu penagarri bat helaraziko genuke, eta aukera hau galtzeak klima aldaketa gerarazteko azken aukera zalantzan jartzea ekarriko luke». Guterresen hitzetan, aurrerapausoak ez ematea «moralgabea» izateaz gain, «suizida» litzateke.

Ikusteko dago aurrerantzean konpromisoak beteko diren. Munduko tenperaturak, bien bitartean, igotzen jarraitzen du, etenik ez duen erritmo bortitzean. Artikoan izotzik gabeko udak hamar bider ugariagoak izango dira, itsasoaren maila hamar zentimetro igoko da, koralen arrastorik ez da geratuko eta gradu erdi baten aldeak milioika pertsonari eraginen lioke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.