Etenaldirik ez duen krisia

Venezuelako historiako argindar etenik handienaren erdian, chavismoak eta oposizioak protesta bana egin dute hiriburuan. Madurok sabotajetzat jo du; Guaidok, berriz, gobernua egin du erantzule

Juan Guaido oposizioko buruaren jarraitzaileak, atzo, Caracasen. Chavismoak ere protesta egin zuen hiriburuan. RAYNER PEÑA /EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Venezuelako krisi politikoak ez dauka etenaldirik, chavismoak eta oposizioak nork bere diskurtsoari eusten baitio, paraleloan doazen eta inoiz elkartzen ez diren bi marra bezala. Caracasen, atzo, protestagarrez, protesta bana egin zuten alde biek, herrialdearen parte handi bat ilunpean dagoen bitartean. Argindarraren inoizko etenaldirik handienak eragin du azken talka dialektikoa. Nicolas Maduro presidenteak «inperialismoaren» erasotzat jo du argindar sarea ia erabat moztu duen etenaldia: «AEBen inperioak, gure baliabide naturalak bereganatzeko ahalegin etsian, aberriarekiko eraso larriak areagotu ditu, baina guk irmo defendatuko dugu gure lurra, eta ozen oihukatuko dugu inperialismoaren kontra gaudela».

Atzo hirugarren etenaldi bat izan zen argindar sarean. Ostegun arratsaldetik, baina, herrialdeko hainbat gune argindarrik gabe daude. Madurok eskolak ixteko eta lanera ez joateko agindua eman zuen ostiralean, eta poliki-poliki egoerak bere onera egin badu ere, leku askotan bi egun eta bi gau luze daramatzate argirik gabe, tartean hiriburuko hainbat auzotan.

Eraso informatikoa

Guri zentral hidroelektrikoan izandako matxurak eragin du mozketa. Hegoaldeko Bolivar estatuan dagoen zentral horri esker hornitzen da herrialdeko energiaren %70. Gobernuak sabotaje ekintzaz hitz egin du. Jorge Rodriguez Komunikazio ministroak adierazi du presaren kontrol sistemak eraso informatiko bat jasan duela eta inperialismoa eta oposizioa egin ditu «eraso» horren erantzule: «Itzalaldi honek usurpatzailearen eraginkortasun eza jarri du agerian. Argindar sarea berreskuratuko dugu usurpazioa amaitzen denean».

Marco Rubio AEBetako senatari errepublikanoak zabaldutako txioetan oinarritu da ministroa erasoaren tesia argudiatzeko. Rubiok gobernuak matxura baieztatu aurretik iragarri zuen zentralak kalteak izan zituela. Mike Pompeo Estatu idazkariak, berriz, etenaldiaren aurretik sarean zabaldutako mezu batean adierazi zuen Maduro presidentearen politikek «iluntasuna» baino ez dutela ekartzen.

Rodriguezek «aztiak» ote diren galdetu du ironikoki. Ministroak Juan Guaido oposizioko buruzagiaren konplizitatea ere salatu du. Guaidoren arabera, baina, gobernuaren eraginkortasunik ezak eragin du argindarraren etenaldia: «Sabotajearena aitzakia da, beti bezala, baina ustelkeria eta porrota dira egoera hau sortu dutenak». Guaidok kalera ateratzeko deialdia egin zien herenegun herritarrei, eta bestetan baino lagun gutxiago elkartzea lortu bazuen ere, oposizioak beste indar erakustaldi bat egin zuen atzo Caracasen.

Guaido, oholtza jartzea debekatu ziotela argudiatuta, auto baten gainetik mintzatu zen. Eskuan megafonoa zuela salatu zuen zein zen krisi guztien erantzule bakarra: «Gasolinaren, uraren eta argindarraren krisiek izena eta abizena daukate: Nicolas Maduro». Parlamentuko presidenteak iragarri zuen herrialdetik bira bat abiatuko duela datozen egunotan, hiriburuan manifestazio handi bat egiteko deialdia zabaltzeko: «Venezuela osotik etorriko gara Caracasera».

Poliziak, hasieran, negarra eragiteko gasarekin sakabanatu zuen elkarretaratzea, baina geroxeago beste puntu batean elkartu ziren oposizioaren jarraitzaileak. Chavismoak, paraleloan, beste protesta bat egin zuen presidenteari babesa erakusteko.

Giroa gaiztotuta

Venezuelako krisi politikoa gaiztotuta dago. Guaidok urtarrilaren bukaeran presidentetzat izendatu zuen bere burua kalean egindako ekitaldi politiko batean. AEBak aurrenekoak izan ziren haren izendapena aitortzen, eta, gaur egun munduko 50 estatuk babesten dute Guaido.

Chavismoak estatu-kolpe saiakeratzat jo zuen gertatutakoa eta, orduz geroztik, are gehiago tenkatu da berez polarizatuta dagoen herrialdea. Krisi politikoa, baina, lehenagotik dator. Madurok urtarrilaren 10ean ekin zion bigarren agintaldiari, baina oposiziok ez zituen zilegitzat hartu maiatzean egin ziren presidentetzarako bozak, irregulartasunak salatu zituztelako. Gobernuak, berriz, desmen egoeran izendatu zuen oposizioaren esku zegoen Asanblea Nazionala. Gorenak ebatzi zuen 2015eko hauteskundeetan oposizioak botoak erosi zituela,eta diputatu batzuk kargugabetzeari uko egin zion Parlamentuak. Gobernuak Batzar Konstituziogilea eratu zuen orduan.

Krisi ekonomikoa ere itzela da. AEBek 2003an ezarri zuten blokeoak azaltzen du neurri handi batean egungo krisi ekonomikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.