Pentsiodunek politikariei ohartarazi diete promesen aroa amaitu dela

Manifestazioak egin dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Eragile sozialek, sindikatuek, mugimendu feministak eta ikasleek ere bat egin dute mobilizazioekin

Milaka lagun elkartu ziren pentsio publikoen aldeko mobiliazioetan. Irudian, Gasteizen egindako martxa. JUANAN RUIZ / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2019ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Beste indar erakustaldi bat eman zuten pentsiodunek, atzo, Hego Euskal Herrian. Milaka manifestari elkartu ziren Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean eta baita beste hainbat hiritan ere, pentsio publiko duinak aldarrikatzeko protestetan. Mezu argia igorri zieten politikariei: «Promesen garaia amaitu da». Beren eskariak aintzat hartu eta «ekintza zehatzak» martxan jartzeko eskatu zieten erakundeetako ordezkariei. Ia bi urte dira pentsiodunek protestak hasi zituztela. Eskatutakoa lortu artean, ordea, mobilizatzen jarraituko dutela adierazi zuten.

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egin eta astebetera izan dira pentsiodunen martxak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Eta, hain zuzen, gobernua eratzeko PSOE eta Unidas Podemosek sinatuta aurreakordioaren harira, pentsiodunek ohartarazi zuten haien eskakizunak betetzea galdegingo diotela agintean dagoenari. «Dagoena dagoela ere, gure eskaerak betetzeko exijituko diogu. Ez dugu amore emango», esan zuen Armando Aulestiarte Arabako pentsiodunen elkarteko kideak.


Pentsiodunen atzoko manifestazioa, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Guztira, 96 astelehen daramatzate protestak egiten, eta bitarte honetan ez dituzte haien eskariak aldatu: gutxieneko pentsioa 1.080ra igotzea, pentsioak legez KPIaren arabera eguneratzea, emakumeen eta gizonen arteko arrakala ezabatzea pentsioetan ere, eta gutxieneko soldata 1.200 eurok izatea dira horietako batzuk.

Eskari horien aldeko oihu artean egin zuten martxa Gasteizen, «Pentsio publiko duinak» zioen pankarta goiburu gisa hartuta. Marian Rodrigo Arabako pentsiodunen elkarteko kideak, hala ere, alargun pentsioetan egin zuen azpimarra. «Pentsioak gizonezkoen berberak izan ditzagun borrokatu behar dugu emakumeok. Alargun pentsioak miseria dira guretzat».


Milaka pentsiodun irten ziren kalera Iruñean ere. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Orain arteko protesten ondorioz, lorpen gutxi batzuk ere izan dituzte, hala ere. Izan ere, EAJk eta PPk egindako akordioaren ondorioz, iazko eta aurtengo pentsioak KPIaren arabera gaurkotzea, eta iraunkortasun faktorea lau urtez atzeratzea lortu zuten. Baina «ez dira nahikoa» Aulestiarteren arabera. «Mobilizazioei esker lortu genituen horiek; beraz, gainerakoak lortu arte mobilizatzen jarraituko dugu. Ez dugu atzerapausorik emango».

Greba orokorrari begira

Atzoko manifestazioak ez ziren protesta soilak izan, hala ere. Izan ere, eragile sozialek, sindikatuek, mugimendu feministak eta ikasle mugimenduek ere bat egin zuten pentsiodunen mugimenduak deitutako protestekin. Mobilizazioetan parte hartu zuten haiek ere, eta adierazi zuten pentsiodunen aldarrikapenak eta helburuak partekatzen dituztela. Oinarri hori bera du urtarrilerako antolatu asmo duten protestak.

Izan ere, datorren urtarrilean bi urte beteko dira pentsiodunak astelehenero elkartzen hasi zirenetik, eta urteurren hori «mobilizazio handi batekin» borobildu nahi dute. Greba orokorra izango da hori, eta Eskubide Sozialen Gutunak ELA, LAB eta hainbat eragile sozial batzen dituen mugimenduak urtarrilaren bigarren hamabostaldirako deituko du. Pentsiodunen auziaz gain, lan eta hezkuntza arloko eskariak ere aintzat hartuko ditu grebak. «Bizitza erdigunean» jartzen duten «borrokak» bildu nahi baititu protesta orokorrak.


Manifestariak, Donostiako mobilizazioan, gutxieneko 1.080 euroko pentsioa eskatzen. JON URBE / FOKU

Aurretik, hala ere, protestan jarraituko dute pentsiodunek. Astelehenero, ohi legez, elkarretaratzeak egiten jarraituko dute. Baina, horrez gain, Nafarroako Parlamentuaren eta Eusko Legebiltzarraren aurrean protestetara deitu dute abenduaren 12rako. Pentsio sistema publikoa bermatuko duen lege bat sustatu eta eztabaida Espainiako Kongresura eramateko eskatuko dute protesta horien bitartez.

«Pentsioak konstituzioaren bitartez bermatu behar ditugu; gainontzean, ez dugu ezer egiteko», adierazi zuen Rodrigok. Hori lortu arte kalean, gogorarazi zuen «ikusgai» izaten jarraitu behar zutela eta mobilizazioei eutsi behar zitzaiela. «Borrokan jarraitu behar dugu, eta horretan ari gara. Behar diren astelehen guztietan mobilizatzen jarraituko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.