SPDren primarioek kolokan jarri dute Merkelen koalizio gobernua

Alemaniako Alderdi Sozialdemokrataren buruzagitza berriak «berriz aztertu» nahi du CDUrekin osatu zuten koalizioa; gobernua hausteko prest ere agertu da. Datorren astean kongresua egingo dute

Norbert Walter-Borjans ministro ohia eta Saskia Eskene diputatua, atzo, garaipena ospatzen. OMER MESSINGER / EFE.
ander perez zala
2019ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Alemaniako Alderdi Sozialdemokrataren (SPD) 420.000 militanteek herrialdeko gobernu koalizioarekin kritiko agertu diren bi alderdikide aukeratu zituzten atzo buruzagitzarako: Norbert Walter-Borjans Finantza ministro ohiak eta Saskia Eskene parlamentuko diputatuak osaturiko hautagaitzak jaso zuen boto gehien (%53), eta, hortaz, SPDren sektore kritikoa gailendu da primarioetan. Alderdiaren egoeraz haratago, herrialdearen etorkizun politikoan eragina izango duen erabaki bat hartu zuten militanteek.

Izan ere, emaitza horiek kolokan jarri dute Europako lehen indar politiko eta ekonomikoaren gobernua, egun Angela Merkelen Batasun Kristau-Demokratak (CDU) eta SPDk koalizioan osatzen dutena; 2017an sinatu zuten elkarrekin gobernatzeko akordioa —zatituta agertu zen alderdia erabakia hartzerakoan—, eta urte horretan hasitako legealdiaren erdian ituna errepasatzeko konpromisoa hartu zuten. Legealdiaren erdialdera datorren hilabetean iritsiko dira.

Bada, Walter-Borjansek eta Eskenek hitzemandakoa betetzeko asmoa agertu dute, argudiatuta beharrezkoa dela akordioa «berriz aztertzea»; jarrera aldaketa bat da, SPDren orain arteko buruzagitza pozik baitzegoen koalizioarekin. Hau da, ez zuen azterketarik egiteko beharrik ikusten, itunean hala jasota egon arren.

Koalizioaren oinarriak nabarmen ahuldu diren arren, buruzagitza berriak lasai egoteko eskatu zuen atzo: «Beti esan dugu ez dela [koaliziotik] berehala ateratzearen edo geratzearen inguruko kontu bat», adierazi zuen Walter-Borjansek.

Hau da, militanteei helarazi zien arreta jarriko dutela adostasuna berriz negoziatzean; Merkelen alderdiak, baina, ez du begi onez ikusten 2017ko ituna aldatzea, eta datorren hilabetetik aurrera talka handiak espero dira Alemaniako bi indar politiko nagusien artean. Hurrengo bozak 2021ean dira egitekoak, eta kantzilerrak adierazia du ez dela aurkeztuko —2005etik dago karguan—.

Garai berri baten nahia

Lehen aldia da alderdiak bi buruzagiz osaturiko presidentetza bat aukeratu duela, eta oraindik azken langa du gainditzeko,SPDren ordezkariek datorren astean egitekoak diren kongresuan berretsi beharko baitute militanteen hautua; gaurko bozketa ezusteko handia izan da, beste hautagaitza baitzen faboritoa, Olaf Scholz Alemaniako kantzilerordeak eta Klara Geywitz diputatuak osatu dutena.

Atzoko hitzorduarekin, sei hilabeteko trantsizioa egin du alderdiak, iragan ekainean Andrea Nahlesek presidentetza utzi zuenetik, eta buruzagitza berriari alderdiaren krisi existentziala bideratzea egokituko zaio.

SPDk inkestetan behera egin du nabarmen, eta, horien arabera, botoen %15 besterik ez luke jasoko parlamenturako hauteskundeak gaur egingo balituzte; goia 1998an jo zuen, Gerhard Schroder botoen %40rekin kantziler aukeratu zutenean.

Alderdiaren kongresuak datorren ostiraletik igandera iraungo du, eta, hitzordu horretan, buruzagitza berriari buruzko bozketa egiteaz gain, gobernu koalizioarekiko jarrerari buruzko bozketa izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.