Eroskeriaren prezioa

Afrikan eroskeria delituak egiteagatik Glencorek AEBetan eta Erresuma Batuan zituen auziak itxi ditu: bere burua erruduntzat jo eta ia 1.500 milioi bat euro jarrita

Glencoreren egoitza nagusia Baarren, Suitzan. SIGI TISCHLER / EFE.
Irune Lasa.
2022ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Zerbitzu komisioak, izenpetze bonuak, arrakastarengatik ordainketak... Esamolde desberdinak gauza bera, eroskeria, izendatzeko. Halako eufemismoak erabili zituzten Glencoreren Erresuma Batuko filial baten agenteek, diru mugimenduak hitzartzeko Londresko buruzagiekin. «Langileak Eguberrien aurretik zoriontsu egin beharra» aipatu zuen, esaterako, agente batek Glencoreko buruzagiari egindako diru eskaeran, petrolio tratuetarako Nigerian erosi behar zuen jendeaz ari zenean.

Munduko lehengai merkataritza eta meatzaritza talde handienetakoa da Glencore. Haren eskuetatik pasatzen dira munduan salerosten diren petrolioaren eta erregaien zati handi bat, eta baita kobrea, nikela eta beste hainbat metal ere.

Mark Rich ezagunak sortu zuen, 1974an, etaSuitzan du egoitza nagusia, baina mundu osoan barreiatuak ditu bulegoak, lantegiak, findegiak, meatzeak eta agenteak. Honela aurkezten du bere burua: «baliabide naturalen munduko konpainiarik handienetakoa».

Bere burua errudun

Eta joan den ekainean bere burua errudun ere deklaratu zuen eroskeriagatik Erresuma Batuan bere kontra zabaldutako auzian. Aste honetan itxi da epaia, auzitegiak Glencore Energy UK filiala 317 milioi euroko ordainketa egitera zigortu duenean.

Zazpi izan dira Glencoreri leporatutako salaketak; guztiak petrolio salerosketen ingurukoak eta guztiak Afrikan egindakoak.Erresuma Batuko SFO Iruzur Larrien Bulegoaren arabera, 2011tik 2016ra konpainiak 26 milioi euro erabili zituen petrolio konpainietako buruzagiak eta gobernuko kideak erosteko Nigerian, Ekuatore Ginean eta Boli Kostan. Herrialde horietan, Glencorek zeharka jokatu zuen tokiko agenteak erabiliz.

Kamerunen eta Hego Sudanen, aldiz, beste modu batzuk erabili zituen konpainiak, eroskeria delituak era zuzenagoan bere langileen bidez egiteko. SFOk azaldu duenez, 2011. urtean, Hego Sudanek independentzia lortu eta hilabete batera, Glencoreko bi langile hegazkin pribatuan joan ziren Juba hiriburura, 800.000 euro zeramatzatela eskudirutan, teorian bulego berri bat eratzeko, eta praktikan agenteei emateko, haiek agintari politikoak eros zitzaten.

Epailearen arabera, eroskeria «endemikoa» da Londresko bulegoan. Beste agente batek, esaterako, Glencoreren Suitzako kutxatik 6,3 milioi euro atera zituen hiru urtean, 25 alditan eroskeria delituak egiteko zenbait herrialdetan. Salaketak dioenez, diru hori ateratzeko ezinbestekoa zen konpainiako goi mailako arduradunen oniritzia, eta haien artean zeuden enpresa etikako arduradun bat eta etika batzordeko kide bat.

AEBetako isuna

Bere salaketak aurkezteko, SFOk milioi batetik gora agiri eta mezu aztertu ditu, eta elkarrizketak izan ditu Glencoreko zenbait buruzagirekin. Horien artean egon da Anthony Stimler konpainiako merkatari ohia. Stimlerrek aurretik eroskeria delituak egin izana aitortu zuen AEBetan Glencoreren kontra zabaldutako auzian.

AEBetako fronte judiziala lehenago itxi zuen Glencorek, maiatzean, Justizia Departamentuarekin akordio bat egin ostean. 1.100 milioi ordaintzea onartu zuen konpainia anglo-suitzarrak, Afrikako zazpi herrialdetan egindako petrolio tratuetan onurak lortzeko egindako eroskeria delituengatik eta AEBetako bi portutan petrolioaren prezioekin egindako manipulazioengatik.

Ez dira Glencorek eroskeriagatik izan dituen auzi bakarrak. Brasilen ere 40 milioi dolar ordaindu behar izan ditu, 30 Petrobrasi eta 10 milioi herrialdeko agintariei.

Gaur egun, Herbehereetan eta Suitzan ere ikerketak ditu zabalik Glencorek, Kongoko Errepublikan kobaltoaren meatzaritzan izandako jokabideengatik. Tartean dauden konpainiak Mutandako meatzean zuen bazkideetako bati, Dan Gertler enpresari israeldarrari, leporatutakoak. Ustiaketa kontratuak lortzeko Joseph Kabilarekin zituen harremanak erabiltzea leporatzen diote Gertlerri.

Afrikan eroskeria delituak egin izana aitortuagatik ere, herrialde horiek ez dute sosik ikusiko Glencorek AEBetan eta Erresuma Batuan ordaindutako zigorretatik. Ez zaie auzietan parte izaten utzi ere; Erresuma Batuan SFOk berak ukatu zion aukera Nigeriari.

Kontuak eginda

Eta argi dago ordaindu beharreko isunak nahiko merke atera zaizkiola konpainia suitzarrari. Kontuak ondo eginda zituen aurten Glencorek, urteko bere aurreikuspenetan 1,5 milioi dolar (beste hainbeste euro) apartu baitzituen auziekin etorriko zitzaizkion isunetarako. Eta hala izan da, aurreikusitakoak bete dira, eta zigorrak 1.500 milioi euro ingurukoak izan dira, iaz dibidendutan akziodunei 4.000 milioi euro ordaindu zizkien konpainiarentzat.

Maiatzean bertan, AEBetan akordioa iritsi zuenean, adierazi zuen ez zuela asmorik kopurua gehitzeko, seinale Erresuma Batuan zigor txikiagoa espero zuela. Eta hala izan da, aste honetan itxitako auzian berezko zigorraren herena soilik pagatu beharko baitu, bere burua errudun aitortzeagatik.

Kontuetan min handirik ez, baina irudian kaltea eragin diote auziek Glencoreri. Eta oraindik ez dira amaitu. Erresuma Batukoa, esaterako, konpainiaren kontrakoa izan da, baina SFOk orain salaketa indibidualekin hasteko asmoa du.

Glencorek, berriz, pasatutako garai bati buruz hitz egiten du. Izan ere, joan den maiatzean, Kalidas Madhavpeddi presidenteak esandakoaren arabera, «gaur egungo Glencore ez da jokabide okerren atzeko praktika onartezin hauek gertatu zirenean zen konpainia bera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.