Gerra Ukrainan

Errusiaren aurkako zigor neurri gehiago onartu ditu Europako Batasunak

Macron Txinara joango da apirilean, Pekinen bake planaz hitz egitera. G20ko kideek ezin izan dute adostu Errusiaren erasoaldia gaitzesteko adierazpen bat

Ukrainako soldaduak tanke baten gainean, Bakhmuteko errepide batetik igarotzen. GEORGE IVANCHENKO / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2023ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Bigarren urtea hasi du Ukrainako gerrak. Hasieran erasoaldi azkarra izango zela zirudiena luzatzen ari da, eta ez dirudi luze gabe baretuko denik. Txinak herenegun aurkeztutako bake planak, gainera, ez du harrera onik izan Mendebaldean. Aldiz, Ukrainaren aldeko potentziek eutsi egin diote orain arteko jarrerari. Horren adibide atzo EB Europako Batasunak beste zigor sorta bat onartu zuela Moskuren aurka, gerra hasi zenetik hamargarrena.

Oraingoan, ordea, Bruselari kosta egin zaio estatu kideen arteko adostasuna lortzea. Akordioa berez herenegun itxi zuten arren, atzo goiz erdira arteko tartea izan zuten gobernuburu eta estatuburuek hura berresteko. Onartutako neurrien artean daude militarki erabili daitekeen teknologia eta erabilera zibilerako eta militarrerako baliatu daitezkeen produktuak esportatzeko debekua, baita Moskuri droneak saltzen dizkieten Irango enpresen aurkako neurriak ere.

EBko buruzagiak pozik agertu ziren lortutakoarekin. Twitter sare sozialean goraipatu zuen Europako batzordeko presidente Ursula von der Leyenek hitzarmena: «Inoiz onartutako zigor handienak ditugu. Horien bidez, Errusiaren armategia amaituko dugu, eta zuzenean joko dugu haren ekonomia. Gure zigorrak saihestu nahi dituztenen gaineko presioa ere handitu egin dugu».

Oso bestela amaitu zen G20koen goi bilera Bengalurun, Indian. Erakunde hori osatzen duten herrialdeetako Finantza ministroak ahalegindu ziren adierazpen bat onartzen «Errusiaren inbasioa» gaitzesteko eta Moskuri tropak erretira ditzala eskatzeko, baina ezin izan zuten, Pekinek eta Moskuk ez baitzuten sinatu. Beste batzuek, berriz, saihestu egin zuten adierazpenean gerra hitza aipatzea: besteak beste, Indiak, hots, goi bilera antolatu zuenak. Izan ere, harreman ekonomiko estuak dituzte Moskuk eta New Delhik.

Errusia ez da geldirik geratu gerraren urteurrenarekin lotuta Mendebaldetik heldutako zigor eta gaitzespen oldearen aurrean. Moskuk itxi egin zuen atzo erregaia Poloniara, Alemaniara, Txekiar Errepublikara eta Eslovakiara bidaltzeko baliatzen den Druzhba petrolio hodia. Orain arte, Bruselaren zigorrek ez dute bide horren aurka jo, petrolioa lortzeko beste baliabiderik ez duten herrialdeei kalterik ez eragiteko, besteak beste. Poloniak, dena den, soilik petrolioaren %10 jasotzen du Errusiatik, gerra hasi zenean inportazioak murriztu zituelako.

«Errealitatetik at»

Pekinek herenegun egindako bake proposamenak zeresana ematen jarraitzen du. Ukrainako presidentearen aholkulari Mikhailo Podoliakek salatu zuen atzo plana «errealitatetik at» dagoela, eta Pekinek ez lukeela babestu behar «nazioarteko legedia urratu duen eta gerra galduko duen erasotzailea». Zelenskik berak Txinaren ekimena eskertu ostean heldu ziren adierazpenok.

Baikorragoa izan zen Frantziako presidente Emmanuel Macron. Estatuburuaren esanetan, «gauza ona da» Txinak Ukrainako gerra amaitzeko konpromisoa agertu izana. Hala, Macronek iragarri zuen apirilean Txinara joango dela Xi Jinping presidentearekin bildu eta hark aurkeztutako bake planaz hitz egitera. «Txinak lagundu behar digu Errusiari presio egiten arma kimikoak edo nuklearrak erabili ez ditzan, eta erasoa geldi dezan elkarrizketak hasi ahal izateko», esan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.