GARABIAK, JO ETA SU

Euskal enpresek nazioarteko merkatuetan jarri dute jomuga, eta horrek isla izan du esportazioetan. EAEko esportazioek errekor berri bat ezarri dute, eta ia 24.000 milioi eurora iritsi dira. Nafarroan, ordea, egoera bestelakoa da, autogintzaren beherakadak jaitsiera eragin baitu.

GARABIAK, JO ETA SU.
Iosu Alberdi.
2018ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresek nazioarteko merkatuetan duten presentzia gorantz doa, eta garabiak jo eta su dabiltza kontainerrak itsasontzi, kamioi eta hegazkinetan sartu eta atera. Izan ere, 2017an esportazioak maximo historikoetara iritsi dira, 23.857 milioi eurora. Horrek %10,5eko igoera erakusten du, hau da, 2.261 milioi eurokoa, 2016arekin alderatuz. Esportazioak ez dira, ordea, igo diren bakarrak. EAEra inportatu diren produktuek 18.653 milioi euroren balioa izan dute. %20,5eko igoera da hori, baina krisi aurreko zifren azpitik daude. Beraz, esportazioen eta inportazioen arteko balantzea positiboa da, 5.204 milioi eurokoa, %14,9 murriztu den arren.

Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, esportazioek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako BPG barne produktu gordinaren %30 ordezkatzen dute egun, eta Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak aste hasieran azaldu zuen euskal enpresen nazioartekotzea euskal politika industrialaren «zutabeetako bat» bihurtu dela. Intergune+ euskal enpresen nazioartekotzerako foroaren hasiera ekitaldian adierazi zuen hori. Tapiak gehitu zuen azken lau urteetan erregulartasunez esportatzen duten enpresak %16 gehiago direla EAEn. Erronka, ordea, enpresa txikien zabalkundea dela azpimarratu zuen sailburuak, «bakarrik egin ezin dutenena».

Lurraldeka banatuz, Bizkaia da esportazio kopuruan gorakada handiena izan duena, %19,5ekoa. Esportazio gehien duena da: 9.546 milioi inguru 2017an. Atzetik ditu Araba eta Gipuzkoa. Biek 7.100 milioi ingururen balioa duten esportazioak gauzatu dituzte. Halere, Araban igoera handiagoa izan da Gipuzkoan baino, %6koa eta %4,3koa, hurrenez hurren.

Esportazioen gorakada produktu ez-energetikoen igoaldiari zor zaio. Horiek ia 21.650 milioi euro ordezkatu dituzte 2017an, eta %8,7 egin dute gora. Produktu energetikoen igoera erlatiboa handiagoa izan da, %32,2koa, baina horiek 2.206 milioi euro bakarrik ordezkatzen dituzte. EAEk esportatzen dituenak baino produktu energetiko gehiago inportatzen ditu, 5.020 milioi 2017an.

Balantzaren beste aldean ere Bizkaia da nagusi, inportazioek gorakada nabarmena izan baitute, %29,3koa, eta 10.859 milioi eurora iritsi dira. Atzetik daude Araba (4.056 milioi) eta Gipuzkoa (3.737 milioi), biek ere igoera apalagoak izan baitituzte: Gipuzkoak %11,2koa, eta Arabak %8,9koa. Alde honetan ere, produktu energetikoek goranzko joera nabarmena dute, %54,5 hazi baitira.

Mundu zabalera

Produktu horien guztien helmuga eta jatorri nagusia EB Europako Batasuna da: batez ere, Alemania, Frantzia, Erresuma Batua eta Italia. EBra eginiko esportazioak %9,4 igo dira 2017an, eta inportazioak are gehiago, %13,4. Gorakada handiena Herbehereetara (%24,1), Erresuma Batura (%16,6), Belgikara (%12,9) eta Alemaniara (%12,4) eginiko esportazioek izan dute. Halere, EBko 28 estatuetatik bostetan behera egin dute.

Inportazioen jatorriari begiratuz gero, gehikuntza nagusien artean beste hainbat estatu daude. Erresuma Batutik iristen diren produktuetan izan da igoera nagusia, %62,8koa, eta esanguratsua da horien %60 energetikoak direla. Igoera nabarmenak izan dira Frantziatik (%12), Irlandatik (%12,1), Italiatik (%7,7) eta Alemaniatik (%6,8) iristen diren produktuetan ere. Azken hori da Araba, Bizkai eta Gipuzkoara produktu gehien esportatzen duena —2.783 milioi euroren balioa—.

EBtik kanpo, Mexikora (%37,7), Turkiara (%25,5) eta AEBetara (%18,5) esportatzen diren produktuek izan dute gorakadarik handiena. Horien artean, AEBak dira produktu gehien jasotzen dutenak: 1.820 milioi euro ingururen balioa dute. Inportazioetan, berriz, Norvegia (%155,8), Nigeria (%154) eta Mexiko (%40,5) nabarmendu dira, gehienbat energia alorrean. Halere, EBtik kanpo, Txina da EAEra produktu gehien bidaltzen duen estatua — 1.049 milioi euroren balioa—.

Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzak hiru mailatan sailkatu ditu kanpo merkatua bideratzeko estatu nagusiak. Lehen mailan, Alemania, Italia, Erresuma Batua, Txina, Mexiko eta AEBak daude; bigarrenean, Frantzia, Brasil, Errusia, India eta Kolonbia; eta hirugarren mailan, Singapur, Malaysia, Indonesia, Thailandia, Ekialde Hurbila, Maroko, Japonia, Iran eta Hego Korea daude. Estatu horietako asko jada euskal esportazioen eta inportazioen helmuga eta jatorri nagusietako batzuk dira. Halere, Arantxa Tapiak azpimarratu zuen gainontzeko merkatuetara jotzen duten euskal enpresek ere Jaurlaritzaren laguntza izango dutela.

Nazioartekotzeko plan horrek 94 milioi euroko aurrekontua izango du. Plan horren barruan irekiko du Jaurlaritzak egoitza berria Milanen, Italiako merkatua euskal enpresentzat egokia dela uste baitu, antzeko industria garatzen delako. Hura Munichen eta Londresen dituen egoitzei gehituko zaie. Hirurak dira lehentasun handiko merkatuak.

Nafarroa, beherantz

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kopuruek gora egin dute, baina Nafarroan, behera. Esportazioak %4,3 jaitsi dira, eta 8.073 milioi euroren balioa izan dute 2017an. Inportazioek ere %2,4ko beherakada izan dute, eta 4.433 milioi euroan kokatu dira.

Jaitsiera horren arrazoi nagusia autogintzaren produkzioaren jaitsiera izan da. 2016an lortutako 296.799 euroetatik 240.018 eurora jaitsi zen iaz. Horren atzean egon daiteke Volkswagenen Iruñeko lantegian egiten den Polo modeloren ekoizpen txikiagoa, lantegian eginiko aldaketak direla medio. Poloa munduan gehien saltzen diren hamar modeloen artean dago —Hegoafrika, Txina, Brasil, Errusia, Malaysia eta Indian ere egiten dira—, eta 656.179 auto saldu dira 2017an. Halere, salmentek %6,6 egin dute behera, 2016ko datuekin alderatuz. Espainiako Merkataritza idazkari Marisa Poncelaren esanetan, autogintzak izaniko beherakadaren atzean daude Erresuma Batuko eta Turkiako merkatuetako eskari jaitsierak.

Autogintza alde batera utziz gero, egoera bestelakoa litzateke Nafarroan. Gainontzeko produktuen esportazioak %1,9 egin du gora, Nafarroako Estatistika Erakundearen arabera.

Nafarroaren kasuan, esportazioen helmuga nagusiak Frantzia, Alemania, Italia, Erresuma Batua eta AEBak dira. Gorakada nabarmenenak AEBetan (%7,5), Italian (%5,3) eta Frantzian (%2,8) izan dira. Behera egin du, ordea, Alemaniara (%8) eta Erresuma Batura (%8,2) bidaltzen diren produktuen kopuruak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.