Sanchez eta Turull gose greban daude, justiziaren «blokeoa» salatzeko

Auzitegi Konstituzionalak Estrasburgora jotzeko aukera eragotzi nahi diela argudiatu dute bi buruzagi katalan independentistek. Espainiako presidenteak erantzun die ez dutela grebarako arrazoirik

Lledonersko kartzelan dauden buruzagi katalan independentistak. OMNIUM CULTURAL.
ander perez zala
2018ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Jordi Sanchez JxC Junts Per Catalunya alderdiko presidenteak eta Jordi Turull JxCren Kataluniako Parlamentuko diputatuak Espainiako justizia estu hartzeko ekinaldi bat hasi dute: Lledonersko espetxean (Sant Joan de Vilatorrada, Herrialde Katalanak) behin-behinean preso dauden bi buruzagi independentistek gose greba abiatu zuten atzo, euren eskubide judizialak urratzen ari direla argudiatuta. Zehazki, biek leporatzen diote Auzitegi Konstituzionalari Giza Eskubideen Europako Auzitegira joateko aukera eragotzi nahi diela: «Auzitegi [Konstituzional] inpartzial bat aldarrikatzen dugu, gure eskubideen jarduna oztopatuko ez duena», jakinarazi zuten biek, haien abokatu Jordi Pinak irakurritako manifestu baten bidez. Urriaren 1eko erreferendumaren aurkako epaiketa egiteko hilabete inguru falta dela —data zehazteko dago— eman dute erabakiaren berri.

Auzitegi Konstituzionalaren «blokeoa» salatzeko hasi dute gose greba, Pinak jakinarazi zuenez. Sanchezek eta Turullek Estrasburgora jotzeko asmoa dute, baina, horretarako, auzitegi horretan aurkezturiko babes helegiteen inguruan erabaki behar du aurretik Espainiako justiziak. Oraindik ez du hala egin, eta bi buruzagiek uste dute erabaki hori nahita atzeratzen ari direla, «nazioarteko justiziara» jo ez dezaten; izan ere, Estrasburgora joan aurretik, Espainiako baliabide juridiko guztiak agortu behar dituzte espetxeratuek. Babes helegite horiek iazko azaroan aurkeztu zituzten, Auzitegi Nazionalak emandako espetxeratze aginduen aurka, eta gainontzeko buruzagi katalan independentisten helegiteak ere onartuak ditu auzitegiak, baina oraindik ez du horien inguruko erabakirik hartu; beraz, gutxienez urtebetez atzeratzen ari dira erabaki horiek, ohi baino gehiago.

Bien bitartean, grebalariek ez dute baztertu beste buruzagi independentista batzuek ere bide beretik jotzea edo bestelako protesta neurri batzuk hartzea, nahiz eta epe motzera begira ez duten horrelako asmorik; hainbat hedabide katalanek jakinarazi dutenez, protesta ekintza mailakatua egingo dute.

Pinarekin batera, ekinaldiaren xehetasunen berri eman zuen Jaume Padros Kataluniako Medikuen Eskolako presidenteak: «Gertakariarengarrantzia kontuan harturik, maila goreneko adituen batzorde bat eskatu dugu». Batzorde hori, hain justu, gose grebaren jarraipena egiteaz arduratuko da, eta herritarrei eta hedabideei ekinaldiaren egoera azaltzeaz —gose grebak ez du epemugarik—.

Ordea, badirudi bi buruzagi katalan independentisten asmoak ez diola kezka handirik sortu Espainiako presidenteari. Pedro Sanchezek, G20koen bilera amaitzean, adierazi zuen Sanchezek eta Turullek ez dutela grebarako arrazoirik. «Argi dago ez dela albiste on bat, baina ez dago arrazoirik gose greba egiteko; epaiketa justua izango dute».

Argazki sinbolikoa

Jakinarazpenarekin batera, Omnium Culturalek argazki bat zabaldu zuen atzo, eta bertan ageri dira Llenoresen dauden espetxeratuak. Herritarrek, beraz, urtebetean lehenengoz ikusi ahal izan dituzte Sanchez, Oriol Junqueras, Turull, Joaquim Forn, Jordi Cuixart, Josep Rull eta Raul Romeva —Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohia eta Dolors Bassa Kataluniako Lan kontseilari ohia espetxe banatan daude, bata Gironan eta bestea Tarragonan—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.