Matxinada ondorengo nekea

Independente kontserbadore bat eta aberats populista bat lehiatuko dira gaur Tunisiako presidentetzarako bozen bigarren itzulian. Indar populistak indartu dira parlamentuan

Nabil Karui presidentegaiaren jarraitzaileak herenegun, kanpainako azken egunean, iparraldeko kostako Bizerte hirian. MOHAMED MESSARA / EFE.
Ricard Gonzalez.
Tunis
2019ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Duela zortzi urte Zine El Abidine Ben Ali kargutik bota eta mundua txunditu ostean, beste iraultza bat egin dute tunisiarrek. Alabaina, ez dute manifestazio eta greben bidez egin oraingoan: hautetsontzien bidez egin dute. Iragan igandean, parlamenturako hauteskundeak egin zituzten; joan den irailean, presidentetzarako lehen itzulikoak. Eta herritarrek gogor zigortu dute iraultzaren osteko aroan herrialdea gidatu duen klase politikoa. Nabarmentzen hasi direnen artean, profil erradikal edo populista duten hainbat alderdi daude, eta arriskuan jar dezakete oraindik ahulak diren erakunde demokratikoen gobernantza. Gaur beste azterketa bat dute, presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzuliarekin.

Joan den igandeko emaitzen ondorioz, 2014ko hauteskundeak irabazi zituen Nida Tunis alderdiak orain hiru eserleku soilik izango ditu parlamentuan —joera kontserbadoreko alderdi laikoa da—. Azken legegintzaldian bidelagun izan duten Ennahda islamistak, berriz, ez du halako kolpea jaso: 69 diputatu zituen, eta orain 52 ditu. Dena den, botoak sakabanatuago daudela eta irabazi egin dutela esan dezakete, 2011n egindako lehen hauteskunde libreetan egin zuten moduan.

Bihotza alderdi populista bigarren izan zen Tunisiako bozetan, eta Berlusconi tunisiarra deitzen dioten Nabil Karui handikiak sortua da. Kasazio auzitegiak asteazkenean utzi zuen aske Karui, eta gaur presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulia jokatuko du Kais Said independentearen aurka. Abuztuaren 23tik behin-behinean preso zegoen politikari populista, iruzur fiskala egin izana egotzita. Leku baztertuenetan ongintza ekintzak eginez irabazi du ospea bere mugimenduak.

Bi alderdi nagusien atzetik pareko boto portzentajeak eskuratu dituzten hiru alderdi indartu edo sartu dira parlamentuan: joera sozialdemokratako Ildo Demokratikoa (22 eserleku), Ben Aliren jarraitzaile nostalgikoek osatzen duten PDL Alderdi Desturiar Librea (17) eta Duintasunaren Koalizioa (21), profil islamista eta muturreko diskurtso iraultzailea duten gazteek osatua.

Transfuga uholdea

Gobernua osatzen zuten alderdiek herrialdearen egoera ekonomiko ahula ordaindu dute; bilakaera oso eskasa, da eta gorantz doaz langabezia (%15,5) eta inflazioa (%7). Halaber, ekonomia ez da establishment politikoak jaso duen porrotaren arrazoi bakarra. «Parlamentuak hondamendi irudia ematen du diputatuen absentismoaren eta alderdien arteko transfugismoaren ondorioz. Azken legealdian alderdiz aldatu dira 217 diputatuetatik 87; zazpi aldiz ere bai pare bat!», dio Lamin Benghazik, Bawsala fundazioko ikerlariak. Egin duten azken ikerketaren arabera, herritarren %76k aitortu dute parlamentuarekiko konfiantza galdu dutela.

«Orain arteko hauteskunde guztietan eman dut botoa, baina, oraingoan, alderdi ezberdin baten alde. Beharrezkoa da aldaketa bat. Orain arte ez dugu ikusi benetako gizarte justiziarik», azaldu zion BERRIAri Kathwarrek, 30 urte inguruko emakume batek, hiriburuaren metropoli eremuko Jabal Ahmar auzoko hauteslekuan legebiltzarrerako botoa eman ondoren. Beste batzuek, Anis taxi gidari beteranoak adibidez, politikarekiko zuten fedea galdu dute: «Ez dut bozkatzeko asmorik. Ez da ezer aldatuko. Politikari guztiak berdinak dira». Tunisiar gehienen iritziaren adierazgarri da politikarekiko aldentze hori, gazteena gehienbat. Hauteskunde batzordearen arabera, %41ekoa soilik izan da parte hartzea parlamenturako hauteskundeetan; %68koa izan zen 2014an. Gazteen artean %10eraino murriztu zen iragan igandean.

Abstentzioa ez ezik, herritarrek sistemarekin duten haserrea adierazteko beste modu bat ere izan dute: populistei babesa ematea. «Populismoa definitzen duten zenbait ezaugarri daude, baina garrantzitsuena elite politikoei herrialdeko gaitzak egoztea da, herria eta bere ordezkaritza izan beharko lukeena kontrajartzea. Hori da hauteskunde horietan irabazle izan diren hainbat alderdiren diskurtsoa», azaldu du Tarek Kahlaui politologoak. Alderdi berri horietako batek, Aix Tunsik, lelo gisa erabili du Ez izan beldurrik, ez gara alderdi politiko bat. Tunisiaren Bihotza bezala, ongintzazko ekintzak eginez egin da famatua —tunisiar erara bizi esan nahi du arabieraz aix tunsi-k—.

Zatiketarako aukera

Zigor botoa are eta nabarmenagoa izan zen presidentetzarako bozen lehen itzulian, iragan irailaren 15ean, outsider-ak baitziren bigarren itzulira pasa ziren bi hautagaiak. Politikari heterodoxoen gorakadaren aro honetan, Saidek, 61 urteko Zuzenbide Konstituzionaleko irakasle horrek, ez du parekorik: ez du Facebookeko orririk komunikazio bide nagusia hori den herrialde batean; arabiar klasiko loratu bat darabil, gizartearen zati handienak darabilen dialektoaren ordez; ez du mitin bat bera ere egin, eta ia ez du kanpaina egiteko talderik ere. Tunisiarrek «politikari ezberdin bat» nahi bazuten, argi dago Saidengan aurkitu dutela hori; haren ideologiak erradikalismo politikoa moralezko kontserbadurismoarekin nahasten du. Askok faboritotzat dute, lehen itzulian galdu zuten hainbat hautagairen babesa jaso duela eta, baina Karui askatu izanak parekatu egin dezake lehia.

Alderdiek gobernua osatzeko izango dituzten negoziazioen eta gaurko presidentetzarako bozen bigarren itzuliaren arabera, zaila bihur liteke presidentearen eta lehen ministroaren arteko bizikidetza. 2014ko konstituzio demokratikoak sistema semipresidentzialista bat diseinatu zuen, eta estatuburuari segurtasunerako eta atzerriko politiken eskumenak eman zituen. Hori bai, parlamentu berriak duen zatiketa handiaren ondorioz, ezin da baztertu hemendik hilabete batzuetara bozak berriz egiteko aukera. Demokrazia tunisiar berria zaharraren gaitz berak izaten hasia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.