Somalian 90etik gora lagun hil dituzte bonba-auto bat leherrarazita

Gobernuak Al-Shabaab jo du hiriburuko erasoaren erruduntzat, nahiz eta talde islamistak ez duen bere gain hartu. Gertakariak agerian utzi du armadak jihadistei aurre egiteko gaitasuna falta duela

Somalian 90etik gora lagun hil dituzte bonba-auto bat leherrarazita.
ander perez zala
2019ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Somaliako hiriburuan gutxienez 92 lagun hil eta 128 zauritu zituzten atzo goizean, kontrolgune batean bonba-auto bat leherrarazita. Muqdishoko zerga bulego baten ondoan gertatu zen, 08:00ak aldera, eta une horretan patruila-autoak, ikasleak eta saltzaileak zeuden inguruan. Inork ez zuen bere gain hartu leherketa, baina Somaliako Gobernuak Al-Shabaab muturreko talde islamista jo zuen erasoaren erruduntzat, besteak beste kontrolgunearen inguruko errepidearen eraikuntzaren aurka agertu zelako.

Mohamed Abdulahi Farmajo Somaliako presidentea gogor mintzatu zen erasoa kritikatzean: «Argi dago terroristek ez dutela inor lasai utziko herrialde honetan. Gure etsaiak dira, eta horiek deuseztatzean jarri behar dugu arreta».

Nasra Ali Medina ospitaleko medikuaren eta gobernuaren arabera, hilen kopurua behin-behinekoa da, zaurituetako asko oso larri baitaude. Hortaz, Abdirizak Mohamed diputatuak Twitter sare sozialean iradoki zuen bezala, baliteke hilak gehiago izatea; haren arabera, gutxienez 94 dira zendu direnak.

Horien artean 73 zibil daude, Omar Mohamud Mohamed hiriburuko alkateak jakinarazi zuenez: «Hildako gehienak unibertsitateko ikasle eta bestelako zibil errugabeak dira».



Erdogan ospitaleko mediku Yahye Ismailek Efe berri agentziari adierazi zionez, egoera «txarra» zen: «Beste eriei, senideei, medikuei, erizainei eta ospitaleko gainontzeko langileei eskatu diegu odola premiaz emateko».

Al Shabaabek atzokoaren antzeko erasoak egin ditu Somaliako hiriburuan, nahiz eta duela hamar bat urte hiri horren kontrol osoa galdu zuen: esaterako, iragan uztailean 29 pertsona hil zituen hotel bati eraso egin zionean. Politikariak, armadako ofizialak eta diplomazialariak zeuden han.

Nazioartean oihartzun handiena izan duen erasoa ere talde horri egotzi zion gobernuak: 2017ko urriaren 14an, hiriburuko merkataritza gune bati eraso egin, eta seiehun bat lagun hil zituzten.

Al-Shabaab duela hamar urte baino gehiago sortu zuten, eta Al-Qaedaren nazioarteko aliatu sarearen parte da. Somalian, herrialdearen erdialdearen eta hegoaldearen parte handi baten kontrola du, eta, Nazio Batuen Erakundeak urte hasieran ohartarazi zuenez, taldea lehergailuak egiteko gai da; aurrez, horrelakoak lapurtu egiten zituen.

Atzoko erasoak agerian utzi du Somaliako armadak gaitasuna falta duela taldeari aurre egiteko. Afrikako Batasunak, gainera, gero eta soldadu gutxiago bidaltzen ditu herrialde horretara.

Hamarkada gatazkatsuak

Somalian gatazka egoera da nagusi 1991. urteaz geroztik. Mohamed Siad Barre estatuburua kargutik bota zuten, eta herrialdeko agintea kolokan egon da ordutik. 2000. urtean, batasun gobernu bat osatzen saiatu ziren, baina asmoak ez zuen arrakastarik izan.

Talde islamisten koalizio batek hartu zituen hiriburua eta herrialdearen hegoaldeko zati bat, eta egoerak korapilatzen jarraitu zuen, talde islamista matxino hori kanporatzeko saiakerak hasi baitziren.

Azkenean, Mendebaldeak babestutako trantsizio gobernu bat osatu zuten , 2004. eta 2012. urteen artean. Herrialdeak gobernu zentral bat du harrezkeroztik, baina desegonkortasuna da nagusi.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.