'Bateragune' berriz egin ala ez: fiskalaren kontraesanak auzitan

Goreneko zigor aretoko epaile guziek aztertuko dute auzia berregin ala ez, bihar. Fiskalak ez zuen halakorik eskatu berrikuspen helegitea tramitatzerakoan; orain, ordea, bai

Iñigo Iruin abokatua, aitzinean, eta Arnaldo Otegi, Miren Zabaleta eta Rafa Diez auzipetuak, gibelean, joan den abuztuan,Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Donostia
2020ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Behin ireki, eta ezin itxita. Horrela dabil Bateragune auzia 2009ko urrian auzipetuak atxilotu zituztenetik. Uztailaren akaberan ailegatu zen ustez azkena behar zuen sententzia: 2018ko azaroan Estrasburgoko auzitegiak errandakoari men eginez, eta Iñigo Iruin abokatuak jarritako berrikuspen helegiteari erantzunez, Espainiako Auzitegi Gorenak erabaki zuen 2012an berak emandako zigor epaia bertan behera uztea. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 2018an ebatzi zuen, hain zuzen, inpartzialtasunik gabe epaitu eta kondenatu zituztela 2011n Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaleta. Bortz auzipetuek jaso eta betetako zigorrak baliorik gabe utzi zituen Gorenak, hortaz: ixtera zihoan Bateragune.

Ez zegoen ados AVT-Verde Esperanza biktimen elkartea, ordea, eta Espainiako Auzitegi Nazionalera jo zuen, bertze epaimahai bat izendatuta auzia berriz egin zedila eskatzeko. Auzitegi Nazionalak ez zuen onartu: argudiatu zuen, bertzeak bertze, epaiketa berriz egiteak ez lukeela lege babesik —Espainiako Prozedura Kriminaleko Legeak ez du halakorik aurreikusten— eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak dioela «pertsona interesdunek» eskatuta soilik egin daitekeela auzia berriro. Alegia: Otegik, Diezek, Jacintok, Rodriguezek eta Zabaletak hala eskatuta egin daitekeela; ez bertzela.

Illana Navia Osorio Espainiako Auzitegi Goreneko fiskalak bertzelako bertsio bat eman zuen azaroan, Goreneko presidente Manuel Marchenak irailean irekitako probidentzia bati erantzunez. Hain zuzen, fiskalak, Bateraguneko auzipetuek 2011ko sententziari aurkezturiko kasazio helegiteari erantzunez, eskatu zuen auzia berriro egin zedila. Bere burua kontraerraten ari da fiskala: izan ere, defentsak jarritako berrikuspen helegitea tramitatzerakoan, fiskalak ez zuen halakorik eskatu. Epaia bertan behera geldi zedila baino ez zuen galdegin orduan; eta, orain, aldiz, epaiketa berriro egitea nahi du. Kontraerran bikoitza dago, beraz: batetik, irizpide ezberdinak dituzte Auzitegi Nazionaleko eta Goreneko fiskalek; eta, bertzetik, Goreneko fiskal Navia Osoriok hasiera batean eskatu ez zuen zerbait galdegin du orain.

Auzitegi Goreneko bigarren aretoko magistratu guziak bihar bilduko dira aldeen argudioak aintzat hartuta Bateragune auzia berriz egin ala ez erabakitzeko.

Lehen aldia litzateke

Estrasburgoko epaiak argi dio: «Erreparazio modurik egokiena, printzipioz, auzia berregitea edo kasua berriz irekitzea litzateke, pertsona interesdunak hala eskatuta». Eta auzipetuek ez dute halakorik galdegin. Horixe argudiatuko du auzipetuen defentsak.

Ez da erabiliko duten argudio bakarra, ordea: Estrasburgoko sententziak Espainian betearazteko irizpidearen aurka ere egiten du fiskalaren eskaerak. 2015ean Botere Judizialaren Lege Organikoan egindako moldaketa batean argitu zuten nola betearazi behar ziren Giza Eskubideen Europako Auzitegiko epaiak Espainian: berrikuspen helegite baten bidez. 2020ko uztaileko sententzia halako helegite bati erantzunez iritsi zen, hain zuzen; eta Gorenaren 2012ko epaia baliogabetzea ebatzi zuen, ez bertzerik. Ez legoke berez hori aldatzerik. Edo, aldatuko balitz, lehen aldia litzateke. 2015etik honarako Estrasburgoko sententzien aplikazioetan ez da halakorik gertatu, orain arte—ez Euskal Herriko gaiei dagokienean, ez bertzelakoetan—.

Era berean, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak epaiketa berriro egitearen aurka eman zituen argudioetan erran bezala, Espainiako legediak ez du aurreikusten epaiketa bat berriro egiteko aukerarik. Estrasburgok hala eskatuta Valladolideko Probintzia Auzitegiak emandako epai baten baliogabetzean hala ebatzi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak berak, 2017an, auzia berriro egiteari buruz: «Aukera hori ez dago aurreikusita ordenamendu prozesalean, eta, gainera, egitate berengatik bi aldiz epaitua ez izatearen eskubidea urratuko luke». Bertzeak bertze Manuel Marchena epaileak izenpetu zuen sententzia hori; Bateragune berriro egiteko fiskalaren eskaera aintzat hartu duen epaile berak, hain justu.

Areto osoa erabakitzaile

Hasiera batean, bortz epailek osatutako taldeak erabaki behar zuen Bateragune auzia berriro egin ala ez: Julian Sanchez Melgar presidenteak, Miguel Colmenero txostengileak eta Vicente Magro, Eduardo de Porres eta Angel Luis Hurtado magistratuek, zehazki. Auzitegi Goreneko presidente Manuel Marchenak, ordea, ostiralean erabaki zuen auzitegiko bigarren aretoko epaile guztiek hartzea parte erabakian —Goreneko zigor arloko aretoa da—. Marchena bera ere kontuan hartuta, hamasei magistratu izanen dira, beraz, guztira. Data ere aldatzea erabaki du Marchenak: asteartean aztertu behar zuten auzia, berez, baina bihar egitea erabaki dute, azkenean.

Epaile talde osoak parte hartzeak garrantzi berezia ematen dio erabakiari, eta, halako aitzineko kasu batzuetan gertatu izan den gisan, baliteke Auzitegi Gorenak erabakiaren bitartez doktrina bat ezarri nahi izatea.

Ateak itxita eztabaidatuko dute auziaz, eta espero da erabakia egunean berean edo datozenetan jakinaraztea. Haien esku dago Bateragune auzia behin betiko itxi, ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.