I-11k hogei urte

Batasun mezua bidali du Bidenek, I-11ko atentatuen urteurrenean

Afganistandik atera izana defendatu du presidenteak. Al-Qaedak adierazi du AEBek «etsita eta hautsita» amaitu dutela gerra. Trumpek guda galdu izana leporatu dio Bideni

Hainbat herritar, New Yorkeko memorialean, atzo. PETER FOLEY / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko irailaren 12a
00:00
Entzun
Aurtengo irailaren 11ko omenaldiek zerbait berezia izan dute: hogei urteren ostean, tropa estatubatuarrak Afganistandik kanpo egonik egiten diren lehenak izan dira. Halere, AEBetako presidente Joe Bidenek ez du herrialde hartako egoeraz hitz egin, nazioarteko indarren irteera defendatzetik haratago. Biden herritarren arteko batasuna eta beldurrari aurre egiteko beharra nabarmentzera mugatu da: «Niretzat, irailaren 11ko lezio nagusia da, zaurgarriagoak garenean, AEBen arimaren aldeko batailan, batasuna dela gure indargunea». Al-Qaedako buru Ayman al-Zawahirik, berriz, AEBek gudan jasaniko «porrota» ospatu du.

New Yorken, Shaksvillen (Pennsylvania) eta Arlingtonen (Virginia) —atentatuak gertatutako hiru hiriak— egon zen arren, Bidenek uko egin zion omenaldietan hitza hartzeari, eta bezperan zabaldutako mezu labur baten bidez mintzatu zitzaien herritarrei. Hogei urte atzera eginez, AEBetako presidenteak azaldu zuen «batasun nazionalaren» erakusle izan zirela atentatuen ondorengo egunak: «Sarri ikusten ez den zerbait». Hala, estatubatuarrak «iluntasunean argia» aurkitzeko gai izan zirela nabarmendu zuen: «Suspertzeko, berritzeko eta berreraikitzeko motibazioa aurkitu genuen».

Egungo egoeraren inguruko hitzik egin gabe, «bestearekiko errespetuan» oinarritutako etorkizun bat eraikitzearen alde agertu zen Biden. Bide horretan,atentatuen ostean AEBetako musulmanek jasaniko indarkeria arbuiatu zuen, «erlijio baketsu baten jarraitzaile leialak» direla argudiatuta. Jokaera horiek, baina, «beldurraren eta haserrearen» ondoriotzat jo zituen, atentatuek «gizakiaren alderik txarrena» ere azaleratu zutelakoan.

Kazetarien aurrean eginiko adierazpen bakarrak Shaksvilleko suhiltzaileen egoitzaren aurrean egin zituen. Han, AEBetako tropak Afganistandik irten izana defendatu zuen, ironia erabilita: «Zein da estrategia? Al-Qaeda dagoen eremu guztiak inbaditu eta tropak han mantenduko ditugu?». Halere, presidenteak onartu zuen herrialdetik irteteko modua ez dela herritar askoren gustukoa izan.

Eguneko ekitaldi nagusia New Yorkeko zero eremuan egin zuten. Bidenekin batera, han izan ziren Bill Clinton eta Barack Obama presidente ohiak ere. Hirurek hitza hartu gabe jarraitu zuten zeremonia, biktimen senide eta lagunek hildakoen izenak gogoratzen zituzten bitartean. Halere, Obamak idatziz adierazi zuen egun hartako irudi nagusia laguntzera gerturatu ziren herritarrena izan zela. Egun ere ikusten duen irudia dela nabarmendu zuen; besteak beste, militarren jardunean, «duela hogei urte jaio gabe zeuden soldaduak, euren biziak arriskuan jarriz, estatubatuarrak salbatzen eta errefuxiatuak laguntzen» ikustean. Hitz horiekin egin zien erreferentzia, zeharka bada ere, abuztu amaieran Kabulgo aireportuan jazotako gertaerei.

Shaksvillen, George W. Bush izan zen gerturatutakoei mintzatu zitzaiena. 2001eko irailaren 11n Etxe Zuriko maizterra zenak egungo presidentearen bidetik jarraitu zuen, eta batasunaren aldeko aldarria egin. Bushen hitzetan, atentatuek «betirako» aldatu zituzten estatubatuarren bizitzak. Halere, gehitu zuen herritarrak gai izan zirela ezbeharrari aurre egiteko: «Zauritutako gure nazioaz harro geunden». Errepublikanoak estremistei aurre egiteko beharra ere adierazi zuen; herrialde barruan, nahiz kanpoan. Haren hitzetan, muturreko jokabideen oinarrian «pluralismoarekiko mespretxua» eta «giza bizitzarekiko indiferentzia» daude, eta «herrialdearen sinboloak zikintzea» dute helburu.

Inolako ekitalditan parte hartu ez zuen arren, Donald Trump presidente ohiak komunikatu bat argitaratu zuen; atentatuetan baino, Etxe Zuriak Afganistango inbasioaren amaieran izaniko jarreran zentratua: «Une tristea da gure herriari min egin zioten haien aurkako gerra amaitzeko moduagatik ere». Hala, azken asteetan hildako hamahiru soldaduak eta bidean galdutako armamentua ekarri zituen gogora: «Gerra baten hogeigarren urteurrena da, eta garaipenaren, ohorearen eta indarraren urtea beharko luke. Horren ordez, Biden eta haren administrazio inozoa errenditu egin ziren».

AEBetako tropen porrota aipatu zuen Al-Zawahirik ere, Al-Qaedak atzo argitaratutako bideo batean. Datarik ageri ez den arren, azken asteetan grabatua izan daitekeela uste da, tropen erretiratzeari egin baitzion erreferentzia: «Gaur, [AEBak] Afganistandik irteten ari dira, hautsita eta etsita, hogei urteko gerraren ostean». Al-Zawahirik gerrarako deia egiteko baliatu zuen mezua, nabarmenduz mundu guztia «guda zelai bat» dela.

Hasi eta amaitu

Atzo hogei urte, Al-Qaedak bere gain hartutako hiru atentatutan gutxienez 2.996 lagunek galdu zuten bizia, eta beste milaka zauritu ziren. Bi hegazkinek New Yorkeko World Trade Centerreko dorre bikien aurka jo zuten, horiek eraistea eraginez. Han, 2.606 lagun hil ziren; tartean, erreskate lanetan aritutako 400 pertsona baino gehiago. Denbora gutxian, hirugarren hegazkin bat Pentagonoaren aurka amildu zen, eta 125 heriotza eragin. Azken hegazkin batek Shaksvillen jo zuen lurra. AEBetako agintarien arabera, 33 bidaiariak eta zazpi langileak lau erasotzaileei aurre egiteko gai izan ziren, eta hegazkina jenderik gabeko eremu batean erortzea ahalbidetu zuten.

Atentatuak aitzakiatzat hartuta, Bushek Afganistan inbaditzeko erabakia hartu zuen, talibanak Al-Qaeda babesten ari zirela argudiatuta. Nazioarteko tropek fundamentalistak agintetik kanporatzea lortu zuten arren, gerrak bestelako amaiera izan du. Trumpek herrialdea uztea adostu zuen iaz talibanekin, eta Bidenek, akordioari jarraipena emanez, tropak ateratzeari ekin zion maiatzean. Ordutik, matxinoen oldarraldia geraezina izan zen, eta abuzturako agintea hartu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.