Albistea entzun

Israelek sustatutako sarraskia

Gaur 40 urte dira Sabra eta Xatilako sarraskia gertatu zela. Libanoko miliziek 2.000 palestinar baino gehiago hil zituzten hiru egun eta bi gau iraun zuen operazio horretan.
Xatilako errefuxiatu palestinarren kanpalekua, Libanon. Milaka palestinar bizi dira oraindik han.
Xatilako errefuxiatu palestinarren kanpalekua, Libanon. Milaka palestinar bizi dira oraindik han. JOAN CABASES VEGA Tamaina handiagoan ikusi

Joan Cabases Vega -

2022ko irailak 18 - Beirut

Burumakur eta ahotsean indarrik gabe, Pierre-Pascal Rossik mikrofonoa jarri zuen kokots azpian, eta kamerari hitz egin zion: «Ankerra da ikusten ari garena. Ez dago azalpen baliagarririk; kosta egiten da hitz egitea». Suitzako telebistako kazetari hori izan zen sartzen lehena Sabra eta Xatilan Beiruteko errefuxiatu palestinarren kanpalekuetan, 1982ko sarraskia gertatu eta berehala.

Libanoko milizia falangistak lasai ibili ziren bertako kale estuetan eta errefuxiatuek egindako eraikinen artean, inork geldiarazi gabe. Triskantzak hiru egun eta bi gau iraun zuen. Joan zirenean, 2.000 hildako baino gehiago utzi zituzten atzean. Heriotza kiratsak sei hilabetez eutsi zion inguruan, baina bizirik irten ziren askok oraindik nabaritzen dute.

Egunotan, berrogei urte geroago, Libanon babesten diren ehunka mila palestinarrek tristuraz gogoratzen dute Sabrako eta Xatilako sarraskia. Beit Aftal Assumud erakundearen sortzaile eta zuzendaria da Kassem Aina; Libanoko palestinarren aurkako sarraski horretako eta horren aurrekoen biktima izan zirenen familiei laguntzeko sortu zuten erakundea. Xatilan du egoitza, eta, han, Jerusalemgo Al-Aqsako meskitaren bi metro koadroko irudi bat bizkarrean duela, bere komunitatearen izenean hitz egin du BERRIArekin Ainak. «Berrogei urte eta gero, barruan daramagu oraindik sarraskiaren mina», dio tristuraz. Haren esanetan, are handiagoa da samina biktimen senideen kasuan, falta sumatzen dutelako eta zigorgabetasuna mingarriagoa delako: «Noski, palestinarrok atsekabetuta gaude egunotan, ez delako egin justiziarik; kriminalek zigortuta behar lukete».

Ibilgailuen azpietan eta atari galdu txikietan ezkutatutako gorpuak ikus daitezke sarraskia amaitu berritan hartutako irudietan. Heriotzatik ihesi zihoazen gazte eta helduak ziren. Erasotzaileei ez zitzaien axola izan. 1982an Libanon zegoen nahasmena erabatekoa zen. Herrialdeak zazpi urte zeramatzan gerra zibilean, eta talde palestinarrak Israelen aurka borrokatzen ziren Libanotik; bitartean, Israelgo armadak hartua zuen herrialdearen hegoaldea. Israelgo indarren helburua zen Libanon aterpetzen zen erresistentzia palestinarra suntsitzea, eta haiek Libanoko falangistekin zuten kidetasuna kontuan hartuta —biek partekatzen zuten palestinarrekiko etsaitasuna—, askok jotzen dute Israelgo Gobernua gertatutakoaren erantzule.

«Ezin dugu Sabra eta Xatilaz hitz egin, eta falangeak bakarrik aipatu. Haiek egin zituzten krimenak, baina Israelek babestu egin zituen», nabarmendu du Ainak. Ariel Sharon, ordu hartan Israelgo armadaburu zena —lehen ministro bilakatu zen gero—, Xatilatik berrehun metrora kokatutako eraikin batean zegoen bilduta militarburu israeldarrekin. Handik eman zien bere onespena mendeku bila palestinarren errefuxiatu guneetara zihoazen indar falangistei. Aurreko egunean, bonba batez hil zuten haien buruzagi Baxir Gemayel, hark Libanoko presidente kargua bereganatu eta hiru astera. «Errefuxiatuen kanpalekuetan ez zegoen milizianorik, zibilak bakarrik zeuden. Israelgo agintariak sarraskiaren aurka egon izan balira, geldiaraziko zituzten, baina ez zuten egin. Begira geratu ziren», deitoratu du Ainak.

Falangeak eta Mossad

Orain, Israelgo auzitegi bat ikertzen ari da orduko gobernuak Libanoko milizia falangistekin izan zuen harremana. Eitay Mack abokatu israeldarraren eskaerak bidea eman du Mossaden Israelgo espioitza agentziaren dokumentu bat argitara ateratzeko. Horretan berresten dute Israelek Sabra eta Xatilako sarraskia gertatu aurreko urteetan armatu eta trebatu zituela Libanoko falangistak, eta urte horietan ere sarraskiak gertatu zirela; bestak beste, Tal Zaatarrekoa. Beiruteko beste errefuxiatuen kanpaleku bat da hura, eta 1976an milaka pertsona hil zituzten. Mackek berak kontatu dio egunkari honi: «Dokumentu horrek gure susmoak baieztatzen ditu, tartean Mossadek harremanak izan zituela Libanoko falangeekin 1976an. Jasotzen du ere Israelek falangeei saldutako arma kopuru izugarria; eskaini zizkieten trebakuntza ikastaroen berri ere ematen du. Armada bat sortzearen pare izan zen».

Mossaden dokumentuaren arabera, Israelgo Gobernuak eta garai hartan lehen ministro karguan zen Menahem Beginek kudeatzen zituzten armadak Libanon egiten zituen ekintzak, eta eragina zuten falange libanoarrek Libanon egiten zituzten operazioetan. Gainera, buruzagi israeldarrek bazekiten ankerkeriak egiteko baliatzen ari zirela falange libanoarrei emandako armak. «Horrek, derrigor, mendekuan pentsatzera eramaten gaitu. Israelgo buruzagiak aurrez gertatutako sarraskien jakitun baziren, ezin dute defendatu ezin zutela aurreikusi zer gertatu zitekeen Libanoko falangeei Sabran eta Xatilan sartzea baimenduz gero», hausnartu du abokatuak.

Macken esanetan, Israelgo estatuaren inguruko ikuspegian mugarri bat izan zen askorentzat Sabra eta Xatilako sarraskia: «Porrot bat izan zen. Agintarien aldeko konfiantza amaitzea eragin zuen. Jendea uko egiten hasi zen soldaduska egiteari eta burokrazian aritzeari».

Bitartean, Libanon, horrenbeste jasan duen komunitate palestinarra ozta-ozta bizi da, Mendebaldearentzat ulergaitza den moduan: «Utz diezaiogun jendeari etortzen, ikus dezaten zenbateraino sufritzen dugun gure etxeetan, eta aldera dezatela Palestinako gure lurrak okupatu zituztenek duten bizimoduarekin», esan du Ainak. Bera da Libanon bizi diren eta agintariek baztertu eta legez 37 lanetan aritzea debekatzen dieten 500.000 palestinarretako bat. «Libanora heldu nintzenean, bi urte nituen. Orain, 76 ditut, baina ez didate etxera itzultzen uzten. Non dago justizia?».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Bakhmut, higatze bataila bat

Bakhmut, higatze bataila bat

I. S.

Ez dago argi Bakhmut leku estrategiko bat ote den, baina Ukrainako indarrek hura defendatu nahi dute, eta Errusiakoek, berriz, hartu. Asteak daramatzate han borrokan.
Gush Etzion kokagunea, Zisjordanian, artxiboko argazki batean. ©ABIR SULTAN / EFE

Zisjordanian hustutako lau kokagune berriz baimendu ditu Israelek

Arantxa Elizegi Egilegor

2005ean hustu zituzten kokaguneak, Ariel Sharon lehen ministroaren aginduz. Haietako bat palestinarren jabetza pribatuan dago eraikia
Carles Puigdemont, artxiboko argazki batean, Bruselan. ©JULIEN WARNARD / EFE

Carles Puigdemonten aurkako atxilotze agindua berretsi dute

Berria

Espainiako Gorenak atzera bota ditu defentsako abokatuek eta fiskaltzak jarritako helegiteak
Zenbait indiar, beren etxetik kanpo, 6,8 graduko lurrikara sentitu ostean, Srinagar hirian, Indian. ©FAROOQ KHAN / EFE

6,8 graduko lurrikara batek Pakistan eta Afganistan astindu ditu

Mikel O. Iribar

India iparraldeko zenbait eskualdetan ere sentitu dute seismoa; 187 kilometroko sakonera izan du. Gutxienez hiru lagun hil dira, eta laurehundik gora zauritu. Alerta gorena ezarri dute Pakistanen eta Afganistanen.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.