Umeen diskriminazioa? Pasaporterik ez

Isabel Canales Arrasate, Virginia Canales Arrasate eta Izaskun Osinalde de Miguel
2022ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Estigmarik ezin du ekarri adingabeei COVID-19 txertoa jartzeak edo ez jartzeak. Familiak eta adingabeak euren hautuan babestuta sentitu behar dira, erabakia edozein dela ere. Guztion ardura da ume bat ere ez diskriminatzea inolako arrazoigatik. Haurtzaroko COVID-19 txertaketari aspalditik zor diogu debatea.

Funtsezkoa da haurren txertaketaren inguruko alderdi etikoak ez ahaztea. Hau nagusion onerako izango zela askotan entzun izan da. Gaixotasun larritik babesten ei duten txerto hauek, baina, zoritxarrez ez dute birusaren transmisioa behar bezala ekiditen, zientziak eta azken boladako transmisio komunitario zabalak argi utzi duten bezala. Eta horrela izan balitz ere, zilegi litzateke besteon balizko babes horren izenean umeak txertatzea, jakinda haurrengan, orokorrean, COVID-19 gaixotasuna arina dela eta txerto hauen epe luzeko segurtasunaz daturik ez dugunean?

Haurtzaroko COVID-19 txertoak larrialdirako daude baimenduta. Agertzen joan daitezkeen albo-ondorioak komunikatzea beti izan bada oinarrizkoa, orain ezinbestekoa da.

Debateaz gain datuak behar ditugu, berehala. Umeak (0-19) izan dira oraintsu, gure inguruan, intzidentzian lider; positibotasunean, aldiz, kontrakoa. Juan Simók dioen bezala, ez du ematen umeak birusaren gordailu izan direnik, ezta kutsatze-iturri nagusi ere.

Era berean, gaixotasuna pasatu duten haurren kopuruari buruzko datuak behar ditugu, seroprebalentzia eta immunitate zelularra aztertzea.

Immunitate naturala txertoek eragindakoa baino sendoagoa eta luzeagoa litzateke.

Norvegiak ez die txertoa eskaintzen gaixotasuna pasatu duten 12-15 urte bitarteko umeei. Eta Finlandiak eta Norvegiak 5-11 urte bitarteko haur osasuntsuei ez die txerto hau jarriko, momentuz. Horretarako segurtasunari buruzko informazio gehiago behar dutela adierazi dute.

Pasaportearen oinarri zientifiko eta etikorik eza, bereziki mingarria izan daiteke haurren kasuan.

Euskadin, 2021eko abenduaren 15ean, COVID pasaportearen aplikazioa zabaldu egin zen, ia esparru itxi edo masa-barruti guztiak hartuaz 11 urtetik gorako biztanle guztiei eraginez. 11 urtetik gorako umeak barne.

Pasaportearen aplikazioa zabaldu zuten lehenengo egunetan, honelako asko kontatu ziguten gurasoek: «Entrenatzaileak mezu bat bidali digu, Larak ezin duela taldean jokatu pasaporte barik», «Jonek COVID pasaportea badu, gaixotasuna uztailean pasatuta, baina urtarrilera arte bakarrik; txertoa jartzen ez badu edo astean hiru PCR egin ezean, ezingo du futbol taldean jokatu, ezta dutxarik hartu ere». Pasaporteak urtebeteko balioa du txertoa jarrita, eta sei hilabetekoa gaixotasuna sendatuta. Hau ere ez da ulertzen.

Ez da erraza seme-alaben osasunari buruzko erabakiak hartzea. Guraso batzuek seme-alabei COVID-19 txertoa ematea erabaki dute, eta beste batzuek zalantza egiten dute edo oraingoz ez diete jarriko, euretako asko txertatuta egon arren. Revista Pediatría Atención Primaria aldizkariko artikulu batean esaten denez, «txertoen segurtasuna eta eraginkortasuna zalantzan jartzeak ez du esan nahi mediku hori txertoen aurkakoa denik, ezta ukatzailea edo konspiranoikoa denik ere. Aitzitik, mediku izateagatik duen erantzukizun zientifikoaz jabetzen den norbait da, eta horregatik zuhurtzia handia eskatzen duena». Errespetu hori bera zor diegu guraso guztiei erabaki honetan.

Haurrak ez dira heldu txikiak. Garapen betean dauden etapa honetan, eragin erabakigarria dute berensozializazio-premiak, hezkuntzak, nutrizioak eta abarrek. Honelako arau batek edo gurasoen erabaki batek (errespetatu beharrekoa, partekatu ala ez) ezin du inolaz ere umeen oinarrizko eskubiderik mugatu. Erresuma Batuan adingabeei txertoa eskaintzea, ez inposatzea eta familiak eta haurrak babestea azpimarratzen ari dira, estigmarik egon ez dadin, erabakia dena dela.

Pandemiaren hasierako 42 eguneko konfinamendu zorrotza, beste adin eta herrialde batzuetan parekorik izan ez arren... Terrazak irekita eta haur parkeak itxita, ebidentziarik gabe... Eskola-kirola geldituta (orain berriro ere mugatuta), ikerketek argi adierazita ere transmisioan zuten eragin murritza... Ia edozeinen kontaktu estu gisa definitzen zituzten protokoloek eta sarritan egin izan diren eskola-baheketek proba diagnostikoak eta askotan hasierako konfinamenduen itxura handia hartzen duten isolamenduak egitera bultzatuta... Honek guztiak eragin ditzakeen ondorioak latzak dira haien osasun mentalean, obesitatean, haur-pobrezian eta arrakala akademikoan.

Gabonen osteko buelta honetan COVID pasaportea desagertu egin behar da. Ez bakarrik ez dagoelako zientzian oinarrituta eta umeengan diskriminazioa sor dezakeelako: ezin zaiolako inori pasaportea eskatu, sistemak berak ezin izan duenean pasaporte hau edukitzeko baldintzetako bat (gaixotasuna pasatu izana) egoki artatu: azkenaldian zenbat ume izan dira positibo, sintomatiko, zenbat errekuperatu dira eztanda egitear dagoen sistema honek erregistratu ez dituenak?

Gaixotasuna pasatu eta pasatzen ari diren umeen kopurua gorantza doa, sendoagoa eta luzeagoa den immunitate naturala duten umeen kasuak bezala. Immunitate naturala izanik txertatuta ez dauden umeak eguneroko ekintzetatik kanpo ari dira geratzen,asko antzeman edota erregistratu gabe daudela.

Ezein legek edo arauk ez lioke inolako pasaporterik eskatu behar haur bati, gutxiago galarazten zaien horrek bere eskubideetan eta osasun ebolutiboan eragina duela jakinda. Ez diezaiegun min gehiago egin. Primum non nocere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.