Hauskortasuna Derryn

Ipar Irlandan izandako istiluek gatazkaren zauriak zabaldu dituzte. Poliziak bi gazte atxilotu ditu tiroz hildako kazetariaren heriotzaren erantzule direlakoan

Lyra McKee kazetaria. JESS LOWE / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Ostiral Santuko Akordioaren urtemugak agerian utzi du paperean sinatutakoa hauskorra dela oraindik. Bereziki Derryn. Bloody Sundaytik ia 50 urte pasatu badira ere, egun beltz hura ez dute ahaztu. 1972ko ilbeltzak 30 egun zituen. Ipar Irlandako gatazka armatuaren urte beltzak ziren. Erresuma Batuko armadak eskubide zibilen aldeko hamahiru manifestari hil zituen tiroka.Erantzuna handik lau aste eskasera etorri zen. IRA Irlandako Armada Errepublikanoak bonba-auto bat leherrarazi zuen paraxutisten erregimentuko egoitzan, Aldershoten (Ingalaterran). Zazpi lagun hil zituzten. Londresek Ipar Irlandako Gobernuaren kontrol zuzena bereganatu zuen ondoren. Urte ankerra izan zen. Erasoetan 479 lagun hil zituzten, gatazkako kopururik handiena.

Irlandaren historiako gertakari lazgarrienetakoak aztarna sakona utzi du Derryn. Eta zauria zabaldu egin da berriz. Ostiral Santuaren bezperan, ostegun gauean, liskar handiak izan ziren hirian. Mulroy Park eta Galliagh auzo errepublikanoetan hainbat miaketa egin zituen Poliziak, su armen bila, filtrazio baten arabera asteburuan polizien kontrako erasoak egitekoak zirelako. Mark Hamilton poliziaburuak aurretik adierazi zuen «errepublikano disidenteak indarkeriazko ekintzak» prestatzen ari zirela: «Aste Santuko asteburuan erabil ditzaketen armen bila ari gara».

Tiroketa

Operazioa zabalik zela, liskarrak piztu ziren. Creggan auzoa izan zen istiluen epizentroa. Gazte talde batek molotov koktelak jaurti zizkien poliziei, 50 inguru, eta su eman zien bi polizia autori. 23:00ak inguruan, berriz, tiroketa hasi zen. Orduan egin zioten tiro buruan Lyra McKeeri. Kazetaria gertatutakoa grabatzen ari zen sakelako telefonoarekin polizia auto baten atzealdean babestuta, beste kazetari talde batekin. Erietxera eraman zuten, baina han hil zen 29 urteko gaztea. McKee Belfasten jaiotakoa zen, eta duela gutxi joan zen bikotekidearekin bizitzera Derryra. Kaliforniako Mediagazar atarirako editore lanak egiten zituen, eta liburu bat prestatzen ari zen gatazkan desagertutako gazteen inguruan. LGTB komunitateko ekintzailea ere bazen, eta erreferente bat zen gay eta lesbianen eskubideen aldeko borrokan.

PSNI Ipar Irlandako Polizia Zerbitzuak 18 eta 19 urteko bi gazte atxilotu eta galdekatu zituen atzo tiroketaren erantzuleak direlakoan. IRA Berria edo Benetako IRA seinalatu dute, bake prozesuaren kontrako errepublikano disidenteak, eta polizia «ekintza terrorista» gisa ikertzen ari da gertatutakoa. Benetako Irlandako Armada Errepublikanoa 1997an sortu zen, barne zatiketa batetik, eta uhartearen batasuna lortzeko borroka armatua defendatzen du. Sortu eta gutxira, 1998an, bonba-auto bat jarri zuen Omaghen. Ekintza horretan 29 lagun hil zituzten.

SNPIk tiroketaren uneko irudiak ere zabaldu ditu, eta horietan ikusten da nola burua estalia zuen gizon batek tiro egiten duen eta beste gizon batek lurretik zerbait jasotzen duen.

Gaitzespenak

Jason Murphy detektibeak zehaztu du gertatutakoaren erantzunak «komunitatearen barruan» daudela: «Jendeak badaki zeintzuk diren». Ikerlaria, era berean, kezkatuta agertu da «terrorista eredu berri bat» sortzen ari delako. Herritarrei «eromen hau» amaitzeko eskatu zien Murphyk.

Ez da gertaera honek irekitako zauriaz hitz egin duen bakarra. Stephen Martin PSNIko inspektoreordeak adierazi du hiria «bihotza hautsita» dagoela: «Derry berriz ere titular beltzetan agertu da, eta, beste behin, familia bat doluan egotea baino ez du ekarri honek». Haren hitzetan, pertsona bateksakatu zuen kakoa, baina asko dira gertatutakoaren zerikusia dutenak.

Ugari izan dira erasoa gaitzetsi duten politikariak ere. Karen Bradley Ipar Irlandarako Erresuma Batuko ordezkariak, gertatutako gaitzesteaz gain, gogorarazi du herritarren gehiengoak etorkizun baketsua nahi duela.

Irlandako Errepublikaren independentziaren 70. urtemugaren egunean gertatu zen erasoa. Irlandak 1922an lortu zuen independentzia, mendetako okupazioaren ostean, baina beste 27 urte behar izan zituen errepublika bihurtzeko. Ipar Irlandak, baina, okupatuta jarraitzen du, eta une honetan autonomia etenda dago, bozen ostean alderdi errepublikanoak eta unionistak akordio bat ezin lortuta ibili direlako.

Ostiral Santuko akordioak sinatu eta 21 urtera, bada, nabarmena da 3.600 hildako utzi zituen eta hiru hamarkada iraun zuen gatazka armatuari amaiera eman zion itunak, garai politiko berri baten abiapuntua izan bazen ere, ez duela amaitu komunitateen arteko zatiketa eta ez duela ekarri erabateko bakea. Ipar Irlandako alderdi guztiek, errepublikanoek zein unionistek, katolikoek zein protestanteek, komunikatu bat kaleratu zuten atzo, lasaitzeko deia eginez: «Komunitate honen kide guztien kontrako erasoa izan da hilketa, bakearen eta prozesu demokratikoen kontrakoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.