Fronte Polisarioak hautsitzat jo du 1991ko su-etena, eta gerra egoera ezarri du

SEADeko presidenteak «segurtasun nazionalaren kontrola» hartzeko eskatu die indar armatuei. EBk menia errespetatzeko deia egin die Marokori eta sahararrei

Soldadu sahararrak, atzo, Marokoren hormaren inguruan patruilatzen. JAVIER MARTIN / EFE.
ander perez zala
2020ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Fronte Polisarioak hautsitzat jo du Marokorekin 1991n sinatu zuen su-etena, eta, hortaz, gerra egoera ezartzea erabaki du, atzo ohar baten bidez jakinarazi zuenez. Brahim Ghali SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidenteak hartu du erabakia, eta bere indar armatuei agindu die «segurtasun nazionalaren kontrola» hartzeko. Horren aurretik, Fronte Polisarioak jakinarazi zuen Marokoren lau base militar eta bi zaintza postu bonbardatu dituela, eta «galera materialak» eragin dituela; hildakoak ere aipatu zituen. Bart gauean bigarren bonbardaketa baten berri eman zuen, eta «hainbat militar» marokoar hil zituela ere jakinarazi zuen.

Mendebaldeko Sahararen eta Marokoren arteko tentsio militarrak gora egin zuen herenegun, Rabat herrialde okupatuaren eta Mauritaniaren arteko mugan dagoen Guergueraten sartu zenean —Mendebaldeko Sahararen hegoaldean dago—. Eskualde hori desmilitarizatua da, bost kilometrokoa, baina Marokok militarrak hara bidaltzea erabaki zuen sahararren protesta bat desegiteko; dozenaka manifestari urriaren 21etik ari ziren protestan, inguruko errepide bakarra trabatzen.

Minurso Nazio Batuen Erakundearen misioari exijitzen diote bete dezala autodeterminazio erreferendum bat antolatzeko egindako promesa. Minurso 1991n eratu zuten helburu horrekin eta su-etena zaintzeko egitekoarekin; halere, hamarkadotan bi aldeek elkarri egotzi diote akordio hori hainbatetan urratzea eta Guergueraren sartzea.

Ghaliren iritziz, Marokoren operazioa Fronte Polisarioak eta Antonio Guterres NBEren idazkari nagusiak izan behar duten bilkuraren bezperan gertatu izanak erakusten du «aurrez pentsaturiko eraso bat» izan dela. Hori ikusirik, etxeratze agindua dekretatu du Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetan (Aljeria).

Marokoko Gobernuak atzo ez zion erantzunik eman gerra egoeraren deklarazioari, ezta Fronte Polisarioak erasoetan ustez hil dituen militarren inguruko adierazpenari ere. Aldiz, SEADeko agintari batek Equipe Media agentziari esan dio Rabatek «gerra luze baterako» prestatu behar duela.

Marokok adierazi zuen ez ziela zibilei eraso egin, baina Fronte Polisarioak kontrakoa dio: «Marokok azpilana egin die su-etenari eta horri loturiko akordio militarrei. Eraso horrekin, irtenbide baketsu eta iraunkor baterako edozein aukera ahuldu du». Mohamed Eluali Akeik SEADeko lehen ministroak iazko azaroanBERRIAri adierazi zion «aukera guztiak mahai gainean» daudela, «baita borroka armatura itzultzea ere». Europako Batasunak ez du aukera hori nahi, eta bi aldeei eskatu die menia errespetatzeko. «EBk bat egiten du NBEren goraldiaren aurkako deiarekin, eta 1991ko irailaren 6tik indarrean dagoen menia errespetatzeko eskatzen du, baita 2019an bertan behera geraturiko negoziazio politikoei berriz ekiteko ere», adierazi zuen atzo talde komunitarioaren eledun batek.

Guerguerateko muga egunbete egon da itxita, eta soilik NBEren autoak, langileak eta kasko urdinak igaro ahal izan dira epe horretan; ez dute adierazpenik egin gertaturikoaz. Azkenean, atzo arratsaldean ireki zuten berriz, eta kamioiak hasi ziren hortik pasatzen, Marokoko Atzerri Ministerioak jakinarazi zuenez.

2017an, sei hilabete iraun zuen liskar bat izan zuten bi aldeek Guergueraten, eta, azkenean, Marokok handik erretiratzea erabaki zuen; Fronte Polisarioa, aldiz, eremu horretan geratu zen. Errepide bateko obrak hastearekin batera, harresian barrena 3,8 kilometro egin zuten aurrera militarrek, berez okupatuta daukaten herrialdean aurrera egin eta lurralde liberatuetan sartuz; orduan ere, Polisarioak su-etenaren urraketatzat jo zuen gertakaria, baina ez zuen hautsitzat jo, ezta gerra egoera ezarri ere.

Testuinguru aldaketa

Aurten, ordea, beste testuinguru bati egin beharko dio aurre NBEren misioak. Erakundearen Segurtasun Kontseiluak urriaren 30ean onartu zuen Minursoren luzapena, AEBek aurkeztu zuten proposamen batekin, eta ebazpenak bi abstentzio jaso zituen: Errusiarena eta Hego Afrikarena.

Moskuren iritziz, testuak ez dio nahikoa pisu aitortzen herrialde okupatuaren autodeterminazio eskubideari. Washingtonek eta Berlinek, berriz, Mendebaldeko Sahararako NBEren ordezkari bat izendatzeko beharra nabarmendu zuten, kargu horretan dagoen hutsuneak aurrerapauso politikoak zailtzen dituelakoan.

Fronte Polisarioak, berriz, bere egitekoa amaitzeko exijitzen dio Minursori: autodeterminazio erreferendum bat antolatu dezala. Marokok eskualde autonomo bat eratzea proposatzen du, eta Etxe Zuriaren babesa izan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.