Frantziako Asanblearako bozak. Bigarren itzulia

Macronen gehiengo ziurgabea

Bi itzulien arteko kanpainak Frantziako presidentearen aliantza ahuldu du, eta Asanblean 289 aulkira iristeko helburua are gehiago zaildu dio. Ezkerra, printzipioz, oposizioko lehen indarra izango da

Emmanuel Macron Frantziako presidentea, herenegun, Suresnesen (Frantzia), Charles de Gaulle jeneralak 1940an Londrestik eginiko agerraldiaren 82. urteurren ekitaldian. GONZALO FUENTES / EFE.
ander perez zala
2022ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Emmanuel Macron Frantziako presidentea eta Ensemble haren aliantza ahulduta daude. Ezkerra, NUPES Herri Batasun Ekologista eta Sozial Berrian elkartu dena, aurkaria baino askoz ere pozago dago, kolokan jarri dituelako botereak 25 urteotan izan dituen oinarriak. Macronek ez baitu gehiengo osorik bermatua Asanblean, Frantziako presidentea eta haren aliatuak ziurgabetasunean murgilduta baitaude datorren legealdirako erabakigarriak diren behe ganberarako bozen bigarren itzuliari begira.

Lehen itzulitik astebete pasatu den honetan, hauteskundeek utz dezaketen balizko paisaiak aldaketa esanguratsu bat jasan du: Ensemblek geroz eta aukera gutxiago dituela eserlekuen gehiengo osoa lortzeko, eta NUPESek geroz eta ordezkaritza handiagoa bilduko duela; betiere, oposizioko lehen indar gisara.

Batez beste, inkestek 255 eta 305 diputatu artean ematen dizkiote Macronen aliantzari—gehiengo osoa 289koa da—, eta 140 eta 210 artean ezkerrarenari. Hau da, Frantziako presidentea aukera gehiago ditu gehiengo osoa ez izateko hori lortzeko baino; hortaz, hori beteko balitz, NUPESek bere helburuetako bat lortuko luke: Frantziako politika parlamentarizatzea.

Horrek, ezinbestean, berekin ekarriko luke Macronek aliantzak negoziatu beharko lituzkeela—edo konstituzioaren 49.3. artikulua erabili beharko lukeela— bere neurriak onarrarazteko; tartean, erretreten erreforma gatazkatsua. Eta hori da Frantziako presidentearen beldurra: agian ezin izango duela iragan agintaldian bezala jardun.

Horregatik, Macronen aliatuak «Frantzia gobernaezinaren» mamua astintzen aritu dira asteon, eta ez dute erabat argitu lehia ezkerraren eta eskuin muturraren artekoa den 68 hautesbarrutietan noren alde bozkatzera deitu duten; horrek, beste behin ere, ahuldu egin du ultraeskuinaren garaipenak eragozteko osatzen den fronte errepublikanoa, eta are gehiago okertu du Ensembleren eta gobernuaren irudia. Kontrara, NUPESek behin eta berriz eskatu du RN Batasun Nazionalaren hautagaiei botorik ez emateko Frantziako presidentearen aliantzaren diputatugaia parean izango duten 108 barruti elektoraletan.

Egiazko lehia, ordea, Ensemble eta ezkerraren aliantza aurrez aurre dauden 270 hautesbarrutietakoa izango da, batez ere horien emaitzen arabera beteko baitu Macronek 2017ko gehiengo osoa berreskuratzeko helburua.

Hain justu, horietan badu abantaila bat Frantziako presidenteak, teorian boto erreserba bat duelako: besteak beste, lehen itzulian LR Errepublikanoen hautagaien alde egin zuten boto emaileek gaurko bigarren itzulian haren aliantzakoen alde egingo dutela. NUPESek, berriz, ez du horrelakorik, eta egunotako itxaropen bakarra abstentziora jo zutenak konbentzitzea izan du —parte hartzea %47,51koa izan zen iragan igandean—; batez ere, gazteak.

Asteotako lehia Macronen aliantzaren eta ezkerrarenaren artekoa izan da, horretatik kanpo geratu baitira LR eta RN. Eskuin tradizionalaren kasuan, ahalik eta ordezkaritzarik handiena lortzea du helburu, batez ere datorren legealdian pisua eta eragina izateko Ensemblek gehiengo osoa lortuko ez balu; inkestek 60 eta 80 aulki artean eman dizkiote LRk eta UDI Demokraten eta Independenteen Batasunak osatu duten aliantzari.

Marine Le Penen RNk, berriz, hogei eta 50 diputatu artean lortuko lituzke, eta talde parlamentario bat osatuko luke berriz ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.