Trumpen «kasketaldi» batengatik, AEBetako gobernuaren %25 itxi dute

Demokratek eta errepublikanoek ez dute aurrekonturik adostu, Trumpek 4.300 milioi euro nahi baititu Mexikoko harresia finantzatzeko. AEBek EIren aurkako koalizioan duten ordezkariak dimititu egin du

Kapitolioa, urrutitik. Itxialdi luzeena 21 egunekoa izan da: 1995etik 1996ra gertatutakoa. ERIK LESSER / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Berri txarrak Donald Trumpentzat. AEBetako Gobernuak administrazioaren laurdena itxi behar izan zuen atzo goizaldean, funtsik gabe geratu delako. Hura Etxe Zurian dagoenetik gertatutako hirugarren shutdown delakoa da, eta, Chuck Schumer Alderdi Demokrataren Senatuko buruaren arabera, AEBetako presidentearen «kasketaldi batek» eragin du itxialdia. Aurrekontuak negoziatzen ari ziren Kongresuko ordezkari demokratak eta errepublikanoak, baina ezin izan dute ados jarri, horiek onartuak izateko Trumpen eskakizun nagusia baita 4.300 milioi dolarreko funts bat sortzea Mexikoko harresia finantzatzeko. Eta ezetz esan diote demokratek. Edizio hau ixteko orduan, negoziatzen segitzen zuten, baina, bi aldeetako Kongresuko kideek zenbait hedabideri adierazi zietenez, demokratek ez dute hesia finantzatzeko asmorik, ez eta Etxe Zuriak bere eskakizunari muzin egiteko intentziorik ere.

Eta berri txar gehiago Etxe Zuriko maizterrarentzat. Herenegun, James Mattis Defentsa idazkariak eman zuen dimisioa, eta atzo, berriz, Brett McGurk AEBek EI Estatu Islamikoaren aurkako koalizioan duten ordezkariaren txanda izan zen. Hori argitaratu zuen atzo TheWashington Post egunkariak, AEBetako diplomaziaren barruko iturriak aipatuz. Trumpek asteon bertan atera ditu tropak Siriatik, eta, iturri horien arabera, McGurkek ez du bat egiten erabakiarekin.

Eta demokratek ere ez Trumpek harresiarekin —bere hauteskunde promesa nagusietako batekin— duen obsesioarekin. AEBetako presidenteak demokratei leporatu die itxialdiaren erantzukizuna, eta adierazi du oraingoan luzea izan daitekeela. Aurtengo urtarrilekoak egun batzuk iraun zuen, eta otsailekoak zenbait ordu. «Modu desesperatuan ari gara demokratekin negoziatzen mugan behar den segurtasunari buruz —gaizkile taldeak, drogak, pertsonen trafikoa—, baina luze joko du», idatzi zuen Twitterren.

Bitartean, zenbait agentzia federal, Segurtasun Nazionalekoa, Justiziakoa eta Nekazaritzakoa kasurako, funtsik gabe geratu dira. Gainontzekoek finantzaketa ziurtatua dute datorren irailaren 30era arte. Eta itxialdiak milaka langileri eragiten die. Horietako 400.000 bat «funtsezkoak» dira administrazioarentzat, eta lanean jarraituko dute, nahiz eta ez duten soldatarik jasoko. 380.000 inguru, bestalde, etxera bidali dituzte auzia konpondu bitartean.

Halere, Trumpek nekez gauzatu ahal izango du bere asmoa. Batetik, matematikek ezetz esaten diotelako. Ordezkarien Ganberak lege proiektu bat onartu zuen 4.300 milioi euroko funts hori aintzat hartuz, baina Senatuan eztabaidatu ere ez dute egin, errepublikanoek ez baitituzte 60 ordezkari bertan —51 dituzte, eta demokratek, 47—, eta hain zuzen boto kopuru hori behar da gisa horretako ekinaldi bat onartzeko.

Bestetik, urtarrilaren 3an Ordezkarien Ganberaren kontrola hartuko dutelako demokratek. Trump agintean dagoenetik errepublikanoak izan dira nagusi bi ganberetan, baina presidenteak ezin izan du bere agenda politikoa ezarri.

Orain arteko itxialdi luzeenak 21 egun iraun zuen: 1995eko abenduaren 16tik, 1996ko urtarrilaren 6ra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.