Mugarik gabeko Idiazabalgo gazta

Heletako Agour taldea gaztandegi bat irekitzear da Lizartzan. Ossau-Iratiko ekoizle nagusietako batek Hego Euskal Herriko gazta ospetsuena zabaldu nahi du munduan zehar. Beste gazta mota batzuk ere ekoitzi nahi ditu Gipuzkoako lantegi berrian.
JON URBE / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2020ko ekainak 7

Sistema metrikoak ez du balio distantzia guztiak neurtzeko. 170 kilometro daude errepidez Iratiko etxoletatik Idiazabalera; metro gutxi batzuek eta hesiren bat edo bestek baizik ez dituzte banatzen Zugarramurdiko eta Sarako artaldeak, edo Urepeleko eta Erroibarko mendi gainetan bazkatzen dutenak. Baina, gaztaren munduan, distantzia bat izan da Euskal Herriko bi sor-marka nagusien artean, Ossau-Iratiren eta Idiazabalen artean.

Bien arteko zubi lan bat egiteko proiektu bat du esku artean Heletako (Nafarroa Beherea) Agour taldeak, Ossau-Irati gaztaren egile handienetakoak. Bukatzear ditu gaztandegi berriko lanak, Lizartzan (Gipuzkoa), eta proba batzuk egin ondoren, bi aste barru iritsiko zaie lehen ardi esnea, inguruko artzainek hornitutakoa. Gaztek irailera itxaron beharko dute, gutxienez bi hilabetez onduko dituztelako gaztandegi berriko hozkailu geletan. Idiazabal jatorri izeneko gazta egingo dute Lizartzan, baina gazta urdin bat ere ekoitzi nahi du Agourrek, ardi esnearekin egindakoa hori ere. Eusko Labela izango du gazta horrek, Eusko Jaurlaritzak aurki aurkeztuko duen Gaztaberri egitasmoaren barruan baitago. Aurrerago, behi gazta bat ere egiteko asmoa du.

Eceizaren eskutik

Lizartza aukeratu izana ez dela kasualitatea azaldu du Agourreko zuzendariak, Peio Etxelekuk (Baiona, 1973). Badira urte batzuk Agourrek Tolosako Casa Eceiza gozogilearen zati bat erosi zuela, eta hark Lizartzako Irunzubi industrialde txikian duen fabrikatik 100 metro eskasera dago orain irekitzear diren gaztandegia.

Agourrek Eceizaren banaketa sarea eta 35 urtez Goenaga jogurt egile donostiarrarekin landutakoa baliatuko du Lizartzako gaztak Hego Euskal Herrian eta Espainian banatzeko, baina Eroski, Uvesco (BM eta Super Amara) eta beste banatzaile handietara ere joko du. Bizkaia begiz jota dauka Etxelekuk —«misio lurraldea da»—, gaztagintzako beste eragileek bezala onartzen baitu han merkatua egitea kostatzen ari zaiola Idiazabal gaztari.

Baina Agourren asmoak ez du mugarik Bidasoan eta Pirinioetan. Ipar Euskal Herrian, noski, baina Frantzian eta Europako beste herrialde batzuetan ere saldu nahi du Idiazabal gazta Agourrek. «Baita AEBetan ere; Frantziaren ondoren, hura da beste merkatu handia». Bere banatzaile sarea du han Agourrek, ez baita alferrik Ossau-Iratiren ekoizle handienetan bigarrena, Lactalis multinazional frantziarraren atzetik (President, Societe, Istara, Gran Capitan, Flor de Esgueva...).

Berez, hasiera batean Idiazabalek pisu txikia izango du Agourren ekoizpenean. «Idiazabalgo gaztaren sor-markaren ekoizpen osoa Ipar Euskal Herriko ekoizpenaren %10 baizik ez da; eta guk, gutxi gorabehera, Ossau-Iratiren %17-18 egiten dugu». Baina Etxelekuk ez du helburu apalik, eta ez du baztertu urte batzuen buruan ekoizpenaren heren bat proiektu berriak ekartzea. «Gure bigarren gasnategia izango da, hori segur».

Produkzioa abiarazteko akordio bat egin berri du Agourrek Hazi institutuarekin: 250.000 litro esne erosiko ditu Heletako enpresak, eta beste hainbat TGT talde katalanak, Karrantzan duen lantegirako. Jaurlaritzak bultzatutako erosketa izan da, irtenbidea nahi zuelako artzainek saldu ezin zuten esnerako. Izan ere, COVID-19ak hankaz gora jarri du Euskal Herriko gaztagintza, ostalaritzaren itxierak gazta kontsumoaren zati handi bat eragotzi duelako. Horren ondorioz, oraingo ekoizle nagusiak, Dorrea gaztandegiak, bere ekoizpena txikitzea erabaki zuen. Hark erosiko ez duen esnea da Agourrek eta TGTk hartuko dutena.

Bi urterako kontratua egin du Agourrek. «Epe luzerako harremana nahi dugu artzainekin, eta elkarren arteko konfiantzaz oinarritua dena. Bakarrik epe luzeko lan batekin da lortzen kalitatezko esnea, eta batek bestea errespetatuz, momentu zailetan elkartasuna erakutsiz da konfiantza sortzen». Etxelekuk onartu du urtearen amaieran gaztak sobran izango dituztela, baina argi du orain artzainei esnea erostea dela lehentasuna. «Iruditzen zaigu epe luzerat zaila izanen dela artzain profesionalak nonbrean izatea. Biziki ongi tratatu behar ditugu, kalitatezko esnea ongi pagatu behar dugu, epe luzerako perspektiba segurtatuz».

«Gure herrian gaude»

Azken urteetan ugaritu dira beren gazta egiten duten artzainak, baina Etxeleku ziur da nahiko hornitzaile izango dituela. «Batzuetan artzain bati komeniko zaio guri ere esnea saltzea». Haietako batzuekin jada lanean ari zen Agour, Hego Euskal Herriko artzainen 120.000 litro esnea baliatu dituelako Ossau-Iratikoak ez diren gaztak egiteko. Horietako batzuk, pasta gogorrekoak, Heletako lantegi nagusian egiten ditu; pasta bigunekoak, berriz, Iratiko Gasnategian, Mendiben (Nafarroa Beherea).

Etxelekuk onartu du ez dela ohikoa Ipar Euskal Herriko enpresa bat Hego Euskal Herrian hedatzea—ezta kontrakoa ere—, baina naturaltasunez egitea aldarrikatu du. «Gure herrian gaude. Gehiago gustatzen zait sei lurraldeak aipatzea, Iparraldea eta Hegoaldea baino». Ildo horretatik, Agourren anbizioa da «euskal gastronomiaren enbaxadorea» izatea munduan zehar. «Produktu sorta oso bat nahi dugu aurkeztu, eta haien erreferente gisa gu agertu: urdaiazpikoa, esnekiak eta postreak».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

PCR proba bat, Gurutzetako ospitalean. ©Luis Jauregialtzo, FOKU

Positibo kopuruak goia jo du Nafarroan

Uxue Rey Gorraiz

Beste 749 kasu atzeman dituzte Hegoaldean, eta nabarmen ugaritu dira Nafarroan: 362 kutsatu detektatu dituzte azken egunean. 501 lagun daude erietxeratuta Hego Euskal Herrian, eta 82 gaixo daude ZIUetan.

Zestoa, artxiboko irudi batean. ©Gorka Rubio / Foku

Eraikin publikoak eta tabernak itxi dituzte Zestoan

Berria

28 kasu baieztatu dituzte azken egunetan, eta neurri murriztaileak hartu dituzte agerraldiari aurre egiteko asmoz. Datozen egunetan egoera «kontrolatzea» espero dute.

Iñigo Urkullu omenaldian ©Eusko Jaurlaritza

Koronabirusaren biktimak omendu dituzte Gasteizen

Uxue Rey Gorraiz

Iñigo Urkullu lehendakariak gidatu du ekitaldia. Pandemiarengatik hildakoak gogoratu ditu, eta elkartasuna adierazi die familiei. «Elkarrizketa soziala» bultzatu dadin galdegin du, bizikidetza sozialaren berreraikuntzarako.

Sindikatuen eta Sareren elkarretaratzea, presoen egoeraren harira Bilbon. ©Marisol Ramires/FOKU

Hainbat espetxetan komunikazioak eten dituztela salatu dute Sarek eta Etxerat-ek

Maria Ortega Zubiate

Presoek eta haien senideek “garai oso zailak” bizi dituztela adierazi dute bi elkarteek, eta pandemiak “salbuespenezko erregimenaren aplikazioa” areagotzen duela. Positibotzat jo dituzte Eusko Legebiltzarrean eta Espainian espetxe politika aldatzeko egindako adierazpenak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna