Kanpoan dago giltza

Egungo presidente kontserbadorea eta Varsoviako alkate liberala dira faboritoak gaur Polonian egingo dituzten presidentetzarako bozak irabazteko

Andrezj Duda Poloniako presidentea eta PiS alderdiaren aliatua, mitin batean, Radom herrian. WOJTEK JARGILO / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Bi dira gaur Polonian egingo dituzten presidentetzarako bozetan babes handiena jasotzeko aukera duten hautagaiak: Andrezj Duda egungo estatuburu eta PiS Legea eta Justizia alderdiaren aliatua; eta Rafal Trzaskowski Varsoviako alkate eta Koalizio Zibileko hautagaia. Badira lehiakide gehiago ere, noski, baina bi horiek dira bigarren itzulira igarotzeko faboritoak; izan ere, inkesten arabera, inork ez ditu lortuko lehen itzulian presidentetza bermatzeko beharrezkoak diren botoen erdiak baino gehiago. Hori dela eta, euren ohiko militanteetatik at dauden botoen bila ari dira Duda eta Trzaskowski; bigarren itzuli batean —uztailaren 12an egingo lukete—, eskuin muturraren sostengua izango luke lehenak, eta ezkerreko beste lau alderdi txikiagoena bigarrenak.

Duela hilabete sartu zen lehian Varsoviako alkatea, eta hasieran erraz gailenduko zela zirudien arren, adituen iritziz, irudi liberalegia du Poloniako gizarte kontserbadorearentzat. Askok hiriburuko eliteko kidetzat daukate, eta atzerriko eraginen menpekotzat jotzen dute. «Badu noski talenturik, eta ikuspegi europarreko intelektuala da; baina horrek ez du zertan abantaila bat izan hauteskunde hauetan», nabarmendu du Gazeta Wyborcza egunkariko kazetari Adam Michnikek. Dudaren aldekoek «atzerriko interesen esanetara» aritzea egozten diote Trzaskowskiri, besteak beste LGTBI komunitatearen eskubideak aldarrikatu izan dituelako.

Lerroaren beste muturrean kokatzen da PiS Dudaren alderdi aliatua. Telebistako eztabaida saio batean hauxe esan zuen Dudaren alderdikide eta diputatu Przemys?aw Czarnekek: «Utz ditzagun giza eskubideak eta gisako txorakeriak. Pertsona horiek [LGTBI komunitateko kideak] ez dira jende normala bezalakoak». Egia da Dudak berak diskurtso leunagoa duela Czarneken aldean, batez ere azken asteetan, datozen lau urteetako agintaldia kolokan ikusi duenean.

Muturreko jarrerak oposizioaren mesedetan direla iritzi diote Trzaskowskiren kanpainako arduradunek ere: «Zenbat eta gehiago bultza, bazterretik orduan eta gertuago daude, eta aukera gehiago izango ditugu kanpora botatzeko». Alderdikideen eta haren babesleen artean, ordea, oso bestela argudiatzen dute atzera egin izana. «Muturreko jarreretatik aldendu da ez duelako gizartea zatitu nahi», arrazoitu du aste honetan Radoslaw Fogiel PiSeko diputatuak.

Legea eta Justizia alderdiak «familia balioak» ditu bere kanpainako zutabe nagusietako bat, baina ez bakarra. COVID-19ak eragindako osasun krisiak eta beheraldi ekonomikoak garrantzia hartu dute bozetan. Gizarte laguntzetara diru gehiago bideratzearen alde egin dute bi hautagai nagusiek, baita azpiegituretara ere. Baina azken puntuan desberdintasun handi bat dago bien artean: azpiegitura handietan inbertitzearen aldekoa da Duda, eta txikiagoen aldeko kanpaina egin du egun Varsoviako alkate denak.

Elkarlan zaila

Polonian, estatuburuak legeak blokeatzeko eskumena du, baita proposamenak egitekoa ere, baina horiek parlamentuaren onespena behar dute aurrera egiteko. Beraz, beharrezkoa da presidentearen eta gobernuaren arteko elkarlana politikek aurrera egingo badute. Dudaren kasuan, ez da orain arte arazo handirik egon, Legea eta Justizia alderdiak gehiengoa baitu behe ganberan.

Baina, Trzaskowskik irabaziz gero, zail izango luke bere ekinaldiak aurrera ateratzea, baldin eta PiSekoen gustukoak ez badira. Alderantziz ere gertatuko litzateke, noski, kontserbadoreek gehiengoa izan arren nahitaezkoa baitute estatuburuaren onespena.

Maiatzerako deitu zituen Dudak presidentetzarako bozak, orduan inkestek garaipena bermatzen ziotelako. Pandemiak, baina, bozak atzeratzera derrigortu zuen. Orain, bi aldeek onartzen dute oso tarte txikia dagoela batzuen eta besteen artean. Ondorioz, Duda buru-belarri sartu da lehian, eta aste honetan bertan Washingtonera jo du Donald Trump AEBetako presidentearen babes bila; izan ere, buruzagi estatubatuarra estimu handian dute poloniarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.