Floydi lepoa estutu zion poliziaren aurkako epaiketa hasiko dute bihar

Bigarren graduko erailketa eta giza hilketa egozten dizkio fiskaltzak. Oihartzun mediatiko handia eragin du epaiketak, eta segurtasun neurriak gogortu dituzte Minnesotan, protesten beldurrez

George Floyden anaia Terrence Floyd, New Yorken bere anaia omentzeko asmoz egindako ekitaldi batean. JUSTIN LANE / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Minneapoliseko Udal Gobernua (AEB) eraikin publikoak babesteko neurri bereziak hartzen ari da egunotan, eta bertako polizia departamentuak segurtasun plan handi bat jarri du abian, beste departamentu batzuetako polizia agentziekin elkarlanean. Hain justu, plan hori antolatu duen polizia departamenduko agenteek hil zuten George Floyd gizon afro-amerikarra, iazko maiatzean, eta beldur dira heriotza haren egiletzat jotzen denaren aurka bihar hasiko den epaiketak protesta olde berri bat eragingo ote duen.

Paradoxikoki, ordea, protestak galarazteko ahaleginak ez dira epaiketaren mediatizazioaren aurkako neurriekin uztartu, eta ikuskizun bihurtu da epaiketa, hasi aurretik. Peter Cahill epaileak berak ere ez dio mugarik jarri horri. Are, joan den abenduan oniritzia eman zion epaiketa zuzenean jarraitzeko aukerari, auziaren garrantzia argudiatuta eta hainbat legelariren kritiken artean.

Testuinguru horretan ekingo diote Derek Chauvin belaunarekin Floydi lepoa estutu zion poliziaren aurkako epaiketari. Fiskaltzak bigarren graduko erailketa eta bigarren graduko giza hilketa egozten dizkio Chauvini. Hirugarren graduko hilketa ere leporatu zioten hasieran, baina kasua aztertzen ari den epaileak atzera bota zuen, ebatzi baitzuen kargu hori pertsona bat baino gehiago arriskuan jartzen denean soilik aplikatu daitekeela, eta, aldiz, Chauvinek Floyden aurka soilik egin zuela. Minnesotako Helegite Auzitegiaren ebazpen batek erabaki hori atzera bota du aste honetan bertan, ordea, eta fiskalek aukera izango dute polizia ohiari kargu hori ere egozteko. Kondenatuko balute, nabarmen igo lezake horrek zigorrean jasotako espetxe urte kopurua.

Atxilotuta eta aurpegia lurraren kontra zutela, Floydek hainbatetan errepikatu zuen arnasa ezin zuela hartu eta hiltzen ari zela. Chauvinek horri hainbatetan entzungor egin ziola uste du fiskaltzak, baita behin mugitzeari utzi zionean ere, eta horretan oinarritu du polizia ohiaren aurkako zigor eskaria. Haren aurkako akusazioek diote poliziek badakitela modu horretan pertsona bat atxikitzea arriskutsua dela, eta hori izan zela Floydek konortea, lehenik, eta bizia, ondoren, galtzearen arrazoia.

Defentsak, aldiz, heriotzaren arrazoia Floydek kontsumitu zituen substantziak —metanfetamina eta opiazeoak aurkitu zituzten autopsian— eta bere osasun arazoak izan zirela argudiatuko du, iragarria duenez. Floyden erresistentziak indarraren erabilera eskatzen zuela esan zuen Eric Nelson Chauvinen abokatuak, epaiketaren aurreko saio batean, eta, polizia agente bat zen heinean, horretarako baimena bazuela. Gainera, polizia ohiak bere buruaren defentsan jardun zuela argudiatu izan du Nelsonek.

Autopsia ofizialak dio «bihotz-biriketako geldialdi» baten ondorioz hil zela Floyd. Haren senideek kritikatu egin zuten, ordea, eta beste autopsia bat eskatu zuten, beraien kabuz. Azken horrek jaso zuen asfixiatuta hil zela. Defentsak probatzat erabili nahi du autopsia hori, baina baliteke epaileak ez onartzea.

Epaiketan deklaratu dezaketen lekukoen zerrendak aurkeztu zituzten otsail hasieran bi aldeek. Guztira, 500 lagun inguru dira, eta horien artean daude Chauvinekin batera Floyden atxiloketan parte hartu zuten gainerako hiru agenteak, fiskaltzak eskatuta: Tou Thao, J. Alexander Kueng eta Thomas Lane. Chauvinen kasua eta beste hiruena bereizi egin zituen epaileak, eta abuztuan deklaratu beharko dute azken horiek akusatu moduan. Erailketan eta giza hilketan lagundu izana egozten die fiskaltzak.

Eredua, berriz eztabaidara

AEBetako Poliziaren arrazakeriari buruzko eztabaida azaleratu zuen Floyden hilketak, eta protesta handiak piztu zituen herrialde osoan, urtetan pilatutako haserrearen erakusle. Floyden erantzule zuzenenak epaitzea du asmo bihar hasiko den epaiketak, ordea, eta atxilotu zuten horiengan jarri da foku mediatikoa, nahiz eta poliziaren baitako arrazakeria erauzteko sakonagoko aldaketak eskatu protestariek.

Polizia ereduaren inguruko eztabaida berriz piztu du epaiketak, hala ere, eta baita Ordezkarien Ganberak Poliziaren sakoneko erreforma bat egitea proposatzen duen lege proiektu bat onartu izanak ere. Atxilotuak itoaraztea eragin dezaketen esku hartzeak debekatzea, baliabide militarrak mugatzea eta abusuengatik kanporatutako agenteen erregistro bat egitea aurreikusten du, beste zenbait neurrirekin batera. Demokraten aldeko botoekin onartu zuten, eta, senatuak berretsi beharko du, aurrera egin dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.