Hong Kongek behin-behinean eten du Txinarako estradizioen legea

Carrie Lam gobernuburuak adierazi du erabakiak ez duela zerikusirik azken asteko manifestazioekin. Herritarrek protestei eutsiko diete harik eta gobernuak lege proiektua bertan behera utzi arte

Manifestariak iragan ostegunean, Hong Kongen, lege proiektuaren aurkako protestetako batean. EDWIN KWOK / EFE.
ander perez zala
2019ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Hong Kongeko gobernuburu Carrie Lamek behin-behinean eten du Txinarako estradizioen lege proiektua onarrarazteko asmoa. Legeak «gizartean zatiketa handia» eragin duela argudiatuta, agintariak atzo eman zuen erabakiaren berri, jarrera defentsiboa gailendu zen prentsaurreko batean: ezeztatu egin zuen erabakiak zerikusirik duela azken asteko manifestazioekin, eta autokritika bakarra egin zion bere buruari, «komunikazio txarra» egiteagatik. Ez zion erreferentziarik egin, beraz, Poliziak protestarien aurka erabili zuen indarkeriari, ezta gobernuak erakutsi duen intrantsigentziari ere.

Parlamentuak lege proiektu hori onartuko balu, Hong Kongek aukera izango luke edozein iheslari Txinara estraditatzeko. Hori gertatuko balitz, protestariek uste dute handitu egingo dela Txinarekiko duten menpekotasuna, eta horregatik atera ziren kalera iragan igandean. Manifestazioaren antolatzaileen arabera, milioi bat herritar izan ziren protestan egun horretan —datu ofizialen arabera, 250.000—. Azken urteotako jendetsuena izan zen, 2014ko Aterkien Iraultzaren ondoren; «demokrazia eta sufragio unibertsala» eskatu zuten orduan.

Azken asteko kexa bat dator urteotako beste kritikekin: Txinak erreforma demokratikoak oztopatzen dituela, eta Hong Kongeko 2017ko hauteskundeak manipulatu zituela; zeharkako botoa eman zuten herritarrek, eta hautagai independenterik gabe egin ziren, Hong Kong Txinaren parte denetik egin bezala. Lamek irabazi zituen.

Hong Kongek estatus politiko berezia du Txinan: Herrialde bat, bi sistema esan ohi zaio, autonomia handiagoa duelako eta sistema ekonomiko desberdina, kapitalista —Londresek eta Pekinek adostu zuten sistema, 1997an—.

Gaur beste ekinaldi bat

Giza Eskubideen Aldeko Fronte Zibilak atzo salatu zuen azken urteotan Pekinek gero eta gehiago esku hartu duela Hong Kongen, eta Lamen erabakia «taktikoa» dela, beranduago lege proiektua onarrarazten saiatuko delakoan; izan ere, gobernuak adierazia du lege hori «beharrezkoa» dela Hong Kong «kriminalentzat santutegi bat» bilaka ez dadin, eta lege proiektuak bermatzen duela presoak ez duela inongo abusurik jasango preso bakoitzaren kasua «indibidualki» aztertuko lukete.

Egoera horretaz jabetuta, manifestariek protestan jarraitzeko asmoa berretsi zuten atzo. Frontearen arabera, gaurkoa «Poliziaren bortizkeria salatzeko» ekinaldia izango da —81 zauritu dituzte—, eta Lami eskatuko diote aska ditzala atxiloturiko 11 herritarrak.

Eta, talde horrek ezer aipatu ez zuen arren, litekeena da gaur ere protestariek Hong Kongeko gobernuburuaren dimisioa eskatzea, iragan igandean bezala. Lamek atzo ez zion erreferentziarik egin erabaki horri; hori bai, adierazi zuen Pekinek «konfiantza, errespetua eta babesa» helarazi diola hari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.