Albistea entzun

«Ekonomia bidezkoago eta ekologikoago bat» helburu

Edinburgok ziurgabetasunez beteriko bide bat aurkeztu du Eskozia independentearen ekonomiaz. EBn berriz sartu, eta «garai egokia» denean moneta propiora pasatu nahi du
Eskoziaren independentziaren aldekoak, iragan maiatzeko protesta batean, Glasgown.
Eskoziaren independentziaren aldekoak, iragan maiatzeko protesta batean, Glasgown. ROBERT PERRY / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ander Perez Zala -

2022ko urriak 23

Herrialde independente eta subirano baten egitura ekonomikoa diseinatzea sekulako erronka da. Eta, Eskoziaren kasuan, Nicola Sturgeon lehen ministroak asteon aurkezturiko A stronger economy with independence (Ekonomia indartsuago bat independentziarekin) dokumentua kontuan harturik, zeregin hori konplexua, luzea eta ziurgabetasunez betea izan liteke. Sturgeonek 110 orrialde inguruko txosten bat atera zuen argitara aste hasieran, eta, horretan, Eskoziako Gobernuak zehaztu du nola egingo luketen aurrera balizko herrialde independentean «ekonomia bidezkoago eta ekologikoago bat» lortu eta «jendeak bizitza zoriontsu, osasuntsu eta gogo bete bat» izateko. Edinburgoren argudioa zera baita: independentziaren aferak kontuan hartzen dituela herritarren «eguneroko kezkak».

Dokumentua aurkeztearen helburua da ahalik eta herritar gehien erakartzea independentziara, argudiatuta testuinguru horretan egoera politiko eta ekonomikoa askoz ere hobea izango litzatekeela, egun Erresuma Batuan dagoena baino. Hori bai, Eskoziako lehen ministroak aitortu zuen hautua ez litzatekeela izango ziurtasunaren eta ziurgabetasunaren artekoa, ziurgabetasunen artekoa baizik. Eta, beraz, «horiek nola kudeatu» izango litzatekeela aferaren muina.

Oraingoan, 2013ko Eskoziaren Etorkizuna. Eskozia independenteari buruzko zure gida-n argudiatu ez bezala, Edinburgok erabaki du libera esterlina mantenduko luketela, eta, «garai egokia» iristean, Eskoziak moneta propioa izango lukeela. Ordea, txostenak ez du zehazten trantsizio hori noiz egingo luketen, ezta zer irizpideren arabera ere; soilik dio libera esterlinaren erabilera «ahalik eta laburrena» izango litzatekeela. Horrek zera ekarri du hizpidera subiranotasunaren ikuspuntutik: herrialde independenteak ez lukeela banku zentralik izango moneta berria ez lukeen bitartean, eta Ingalaterrako Bankuaren menpe egongo litzatekeela —ez lituzke interes tasak eta diru politika kontrolatuko, esaterako—.

Sturgeonek aitortu zuen goizegi dela jakiteko Eskoziak zer-nolako zorra eta gastua izango lukeen independentea bilakatuz gero. Argudiatu zuenez, ez dago «betebehar legalik» Erresuma Batuaren zorraren parte bat bere gain hartzeko, baina «erantzukizun morala» dutela esanda, atea ireki zion aukera horri; zorraren parte bat onartuko lukete, baina baita Eskoziari dagozkion aktiboak ere. Horrek lagunduko luke balizko banku zentrala finantzatzen, agintariaren arabera.

Estrategia horiek guztiek zalantza zenbait eragin dituzte; besteak beste, EB Europako Batasuneko estatu kide bilakatzeko bidean eragina izango luketelako. Ikusteko baitago EBko 27 herrialdeetako estatuburu eta gobernuburuek eta Europako Batzordeak oniritzia emango lioketen banku zentral propiorik ez lukeen hautagai bat talde komunitarioan sartzeari; moneta propioaren alde kanpaina egiten duen Scottish Currency Group taldearen arabera, ez. Eskoziako lehen ministroak, gainera, adierazi zuen Eskoziak EBn berriz sartzeko pausoa emango zuela, baina ez zuen ezer esan erabaki horretaz erreferendumik egingo luketen.

Murrizketak?

Aldaketa ekonomikoak ez lirateke soilik horretara mugatuko, eta baliteke bidea erabat erraza ez izatea. Sturgeonek iradoki baitzuen moneta berrira arteko bidean murrizketak egongo liratekeela, eta zerga batzuk igo beharko lituzketela; hori guztia, EBren politika fiskalekin bat egiteko.

Eskoziako lehen ministroaren arabera, talde komunitariora itzultzeak bide emango luke 27 estatu kideetan eta Erresuma Batuan aske mugitzeko, eta errazagoa izateko brexit-ak kalte gehien egin dien sektoreetara langileak erakartzeko, orain ez bezala. Batez beste, EBko estatu kide bilakatzeko prozesuak bederatzi urte irauten du; Finlandiak behar izan zuen denbora gutxien, hiru urtean egin baitzuen bidea, eta Malta eta Zipre izan ziren denbora gehien behar izan zutenak, hamalau urte bakoitzak. Eskozian, baliteke banku zentralaren eta moneta propioaren aferaren araberakoa izatea denbora tartea.

Ekonomia «berdeago» hori lortzeko xedean, berriz, Sturgeonek nahi du petrolio eta gas ekoizpena «ahalik eta azkarren» amaitzea; baina, hori gertatu arte, Iparraldeko itsasoko zergak deiturikoak erabiliko lituzkete 23.000 milioi euroko funts bat eratzeko, eta, horren bidez, karbono gutxiko industrietan, etxebizitza ekologikoetan eta teknologia digitaletan inbertitzeko. Hori guztia, printzipioz, independentea bilakatu osteko hamar urteetan.

Ondasunei dagokionez, Eskoziako lehen ministroak baieztatu zuen Ingalaterra eta Eskozia lotzen dituen bi errepidetan ondasunen kontrolerako postuak eraiki beharko lituzketela, eta, beraz, muga gogor bat egongo litzatekeela. Bi nazioen arteko muga 154,5 kilometrokoa da, eta 25 pasabide ditu; baina, Sturgeonek aurkezturiko dokumentuaren arabera, gehienetan ez litzateke beharrezkoa ondasunak kontrolatzea. Halere, Eskoziak eta Ingalaterrak harreman ekonomiko handia dutela kontuan harturik, testuinguru horrek merkataritzaren inguruko tirabirak eragin litzake.

2014ko independentzia erreferendumaren kanpainan, ekonomia izan zen eskoziarren artean zalantza gehien eragin zuen auzia, eta badirudi datorren urtean egin nahi duten bigarren galdeketan ere garrantzi berbera izango duela, are gehiago kontuan harturik bi kontsulten artean brexit-a gauzatu dela eta COVID-19aren pandemiaren ondorioak jasan dituztela.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Grande Syntheko kanpalekuaren irudi bat, Dunquerqueko basoan. ©MARTA MAROTO

Erresuma Batura iristeko azken itsasoa

Marta Maroto

Mila migratzaile inguru bizi dira gaur egun Calaisen eta Dunquerqueko basoan jarritako Grande Syntheko kanpalekuan. Frantziako Poliziak ebakuazioak egiten ditu tarteka, objektu pertsonalak eta kanpadendak konfiskatzeko.

Brigitte Lips, bere etxeko sukaldean, Calaisen. ©MARTA MAROTO

Brigitte Lips, Calaisko 'amona'

M. Maroto

Brigitte Lips frantziarra da, erretiratua, eta 67 urte ditu. Hogei urte baino gehiago daramatza laguntza ematen pasaeran doazen migratzaileei, Calaistik abiatuta Mantxako kanala zeharkatu nahi dutenei.
Orduak pasa ahala, Nova Kakhovka herria urak hartu du. ©EFE

Dnieperko presa estrategiko bat txikitzea egotzi diote elkarri Ukrainak eta Errusiak

Igor Susaeta - Mikel O. Iribar

Ibaiaren bi aldeetan bizi diren herritarrak ebakuatzen hasi dira Kiev eta Mosku. Zentral hidroelektrikoa kudeatzen duen enpresak jakinarazi du lau bat egun beharko direla emaria egonkortzeko.

Luiz Inacio da Silva 'Lula', Brasilgo presidentea. / ©Andre Borges, EFE

Lulak plan bat aurkeztu du basogabetzea 2030erako amaitzeko

Arantxa Elizegi Egilegor

Araudi berrian, zigor gogorragoak aurreikusten dira legez kanpoko basogabetzearen aurka, eta jasoa dago 30.000 kilometro koadroko eremu babestu bat sortzea.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.