Eskola jantokiak, iruzurretik erabakitzeko eskubidera

Eva Lopez de Arroyabe, David Lopategi
2019ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Eskola jantokien ereduen inguruko eztabaida ez da berria, nahiz eta azkenaldian asko hitz egiten ari den. Urteak dira ezberdinen arteko ariketa kolektibo eredugarria egiten hasi zirela ikastetxeak, tokiko mugimenduak eta Gure platera, Gure aukera plataforma, eragin politikoa lortuz eta sigla konkretuak gaindituz.

Gaur egun, debate honi ihes egin diezaiokeen ikastetxerik ez dago. Elikadura osasungarria, hurbilekoa, nahikoa eta kalitatezkoa izateko eskubideak garrantzi handia hartu du. Horrela islatzen dute elikadura eta kontsumo ohituretan emandako aldaketek. EAEko ikastetxeetan, jantokientzat zer-nolako eredua nahiko luketen galdetuko bagenu, gehienek hurbileko eredu bat aukeratuko lukete, gure baserritarrek, abeltzainek eta arrantzaleek modu jasangarrian ekoiztutako tokiko produktuekin.

Hala ere, inportanteena ahaztu egiten dugula dirudi, hau da, ekoizpenari estuki lotutako gaia: EAEko ikastetxe guztiak tokiko produkzioko elikagaiekin hornitu ditzakegu? Baserritar nahikoak ditugu? Ba al dago herrialde osoko eskaerari erantzuteko lur nahiko eta egokirik? Galdera horien guztien erantzuna, zoritxarrez, ezezkoa da.

Argi dago eredu aldaketa ezin dela egun batetik bestera egin, baina bermatu nahi badugu ikastetxeetan elikagaiak tokiko ekoizpen jasangarritik datozela, plan integralak behar ditugu lurren kontserbaziorako eta baserrien transmisiorako; eredu jasangarri eta ekologikoan formakuntza behar dugu, bereziki gazteentzat; eskoletan, heziketa eta jendartean, sentsibilizazioa; komertzializazio kanal laburren promozioa; nekazari eta baserritarrei zerbitzua emango dieten azpiegiturak, eta abar.

Gaurko egoera hauxe da: EAEn kontsumitzen ditugun elikagaien %3 bakarrik ekoizten da maila lokalean. Lurraldearen antolamendurako politikek hamarkadak daramatzate lur onenak zementatzen, eta, ondorioz, nekazaritza eta abeltzaintza mendietara mugituz. Horrela, ekoizpen-proiektu txikienak eta jasangarrienak babestu ordez, nekazaritza-industria ekoizpenaren aldeko apustu argia egiten da.

Hori guztia kontuan hartuta, argi geratzen da Jaurlaritzak guraso elkarteei jantokien kudeaketa osoa euren gain hartzeko luzamendua pozoitutako proposamena dela, iruzurra. Hala ere, egoera negargarria den honetan eta eredua guztiz agortuta dagoela kontuan hartuta, azken hamarkadetako nekazaritzako elikadura politika guztiak hankaz gora jar ditzakeen aukera leiho baten aurrean gaude. Guraso elkarte eta, oro har, hezkuntza komunitate, jangeletako langile, lehen sektorea eta administrazio lokalaren arteko aliantza indartsua antolatzen eta eraikitzen badugu, domino efektua eragin ahal izango dugu. Horrela, elikadura politika publikoak berritu genitzake, tokian tokiko enplegua sustatuz, elikagaien eraldaketarako azpiegiturak berreskuratuz eta sortuz eta sektorearentzat industria lagungarri bat garatuz.

EH Bildun hezkuntza komunitatearekin eta mugimendu sozialekin elkarlanean jarraituko dugu, egunerokoan, egungo ereduari alternatibak eraikitzen, gobernuak luzatutako iruzurra salatuz eta erdigunean jarriz hezkuntza komunitateak duen eskubidea zein jangela eredu nahi duen erabakitzeko, jantoki hutsetatik jangela hezitzaileetara igarotzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.