Itsasoek bat egiten dutenean

Nekatoeneko egonaldian sortu olerki batzuk aurkeztu ditu Nahia Zubeldia idazle musikariak. Lumi taldearen bigarren diskoak bilduko du sorkuntza osoa: musikatuak zein idatziak geldituko dira lanak

Nahia Zubeldiak azaroa eta abendua bitartean Nekatoenean idatzi zituen olerkiak aurkeztu zituen ortziralean, Manu Matthysekin batera musikatuak. BOB EDME.
Ainize Madariaga
Hendaia
2021eko apirilaren 4a
00:00
Entzun
«Ez, kanpoan eginen dugu». Bozgorailuak besoetan altxatu eta Nekatoeneko (Hendaia, Lapurdi) gibeleko larrainera eramaten hasi da Nahia Zubeldia. Manu Matthys musikariak ere lagundu dio tresna bakoitzari bere tokia ematen, trebezia handiz, harien arteko urrats airosen dantzan; erori bai, erori ez, suspensea iraunaraziz. Eszenografian ederki parte hartu dute lizar hostoberrituek. Kontrastea sortu du dekoratuak ere, Zubeldia hasi baita azaroa eta abendua bitartean lau astez idatzi zituen testu batzuk errezitatzen, oihartzuna piztu du sintetizadore modularrari esker, naturari are kultura gehiago erantsiz. Aitortu du «sentsazio bitxia» sortzen diola musikarik gabeko sorkuntzak: «Testua beti kantu posible bat da niretzat».

Sentsazio bitxia eragiten du emanaldiak berak ere, ikusirik badela urtea Ipar Euskal Herrian sortzaileek eten dituztela emanaldiak oro. Horregatik, zuzeneko kontzertura bertaratu den publikoa arras mugatua da: artistaren egonaldia bultzatu duten erakundeen ordezkariak eta kazetariak. «Izurderik ikusiko dugu, osaba? Kusi tematien eguneroko galdera. Izurderik ez. Baina lupiak, doradak, eta itsasontzi formako oroitzapenak». Oroitzapen pertsonaletako bat ahoz gora partekatu du, ttipitan Joxe Migel osabak eramaten baitzuen itsas belan, bai Galiziaraino ere. «Berak ninduen azken batean itsasoari lotu», xehatu du Zubeldiak.

Bazuen zentzua kanpora ateratzeak, ezin bereiziak baitira sorkuntzaren txori eta itsaso soinuak eta zinezkoak. Non dago sorkuntzaren muga? Kreazioaren mugimenduak mugak hausten ditu: «Lumi musika taldearen bigarren diskoa atera nahiko genuke; musikatu gabekoak liburuxkan sartuko ditugu, hala ere. Momentuz baditugu zortzi kantu prest. Baina ez dira sekula fini, jo ahala aldatu egiten baitira beti kantuak». Kanbiatu ez dena da ttipitan kantariak eraiki zuen hosto zepoa: «[Ameriketako] Estatu Batuek presidente beltza ukan zuten. Ziburuk, auzapez abertzalea. Eta gure zepoa, hantxe, bere tokian, erreka zaharreko patar beherean».

Itsasoaren zabala

Elkano fundazioak partez lagundu zuen Nekatoeneko artista egonaldia, baina ez zuen gaia «inposatu»; Rafael Zulaikak zehaztu du haien xedea: «Norberak itsasoarekin ukan duen harremana argitara atera nahi genuen». Zubeldiak itsasoa haur likido baten gisa ikusten du: «Behar ez den tokietara doa, ez du nahitan egiten./ Portzelanak eta haitz-erlaitzak ohargabean ditu hausten./ Itsasoa ez dago haserre». Errezitalabukatu du, eta hautatzeko utzi dio publikoari: musikatu dituzten zortzietatik bizpahiru kantatuko baititu. Euskal Kultur Erakundetik jin da Maia Etxandi: «Denborako kosmonauta? Titulua polita atzematen dut». Hitz idatziek hartu dute melodien barkua. «Zer besterik?», galdetu du kantariak. «Ba, zuek hauta», eman die errefera Garbiñe Ubedak, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakariak, lehen lerrotik. Abiatu du, beraz, Elkano, itsasoari so abestia. «Ezkerrean itsasoa, eskuinean itsasoa./ Nire aurrean ere ura infinitura doa./ Ondo lotu dut bihotza, uztartu itsumandoa./ Moluketan ote dago nire Eldoradoa?». Metrikan matematika sendi da, kalkulatuak dira oin eta errimak. Alta, klasikotik abiatu bada ere, «ezagunetik ezezagunera» nabigatu du Zubeldiak: «Nire kantu idatzi kuttunenak musikarekin sortu ditudanak dira. Musikarik gabe sortzea zaila baitzitzaidan». Elektronikak ozen lagundu ditu ondoko kantuak ere. Haietako batek goraki salatu du espekulazioa ez dela mito bat, mitologiatik hartu badu ere; Sirena salduak neholako gupidarik gabe ezarri baititu salmentan dituen eta ez dituen ondasun guziak: «Dastatu nahi duzu, Monsieur? Zoratu nahi duzu, Madame? Dena badut, salgai. Salduko dut dena. Mendiak, herriak, hodei ta sasiak zureak dituzu, dirurik baduzu».

CPIE Euskal Itsas Bazterrakoek ere txalotu dute lana. Zubeldiak estimatu du eskaini dioten libertatea: «Eskertzekoa da emaitzaren betebeharrik eza. Horrek askatasun handia ematen du, eta sortzeko, lasaitasuna behar da». Jon Frahier CPIE zentroko animatzaileak harmonizatu du emanaldiaren azpiegitura osoa.

Desmuntatzean, Zubeldiak irriñoa ezin utzia du; alta, ez du gorde aise izan ez denik: «Egunez jendea hor duzu parean, ikusten dituzu, guti dira. Urtebete jo gabe... Banuke gogoa taberna zoko batean aritzeko!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.