'Tablao'-ak irekitzeko prest

Flamenco on Fire jaialdia gaur eguerdian abiatuko da. Igandera arte, ia 30 proposamen eskainiko dituzte Iruñeko eta Tuterako areto eta karriketan. Eguerdi eta iluntzetan izanen dira kontzertuak

Maria Jose Llergo musikaria bitan arituko da Iruñean: 25an Baluarte jauregian, eta 26an udaletxeko balkoian. BERRIA.
Yasmine Khris.
Iruñea
2022ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Erlijio ilun bat. Horrela definitzen zuen flamenkoa Miguel Unamuno idazleak. Denon ulermenean ez dena. Topikoetatik harago, sarritan, genero musikala gizartearen muturretan kokatu izan zuten: musika genero herrikoia, balio gutxikoa, edo, alderantziz, musika elitista, entzule arrunten irismenetik urrun. Iluntasunetik ateratzeko helburua dute, bertzeak bertze, Flamenco on Fire jaialdiaren antolatzaileek. 2014tik, Nafarroa flamenkoaren erakusleiho bihurtzen da udaro, tokiko eta nazioarteko artista anitzekin.

Bederatzigarren aldia ate joka dago, eta aurten Iruñeko eta Tuterako oholtzetara azalduko dira flamenkoaren ahots klasikoak eta proposamen berritzaileak. Emanaldiak eginen dituzte gaurtik igandera bitartean, eta, bi urteren ondoren, COVID-19aren kontrako neurririk gabe.

Udako agendan finkaturiko ekitaldia da Flamenco on Fire, eta zaletasuna geroz eta gehiago nabaritu izan dute egileek. «Nafarroa osora eraman nahi dugu flamenkoa, eta leku ederretan kontzertuak eskaini», kontatu du Arturo Fernandez jaialdiko zuzendariak. Izan ere, hilaren 12an aperitifa izan zuten flamenko zaleek, Vianan. F on Fire zikloaren kariaz, lehenbiziko saioa eskaini zuten Sandra Carrasco eta Joni Jimenez artistek udaletxeko balkoian, eta gauean, La Fabi eta Alba Heredia gehitu zitzaizkien, Voces ikuskizun polifonikoan. «Hasiera zoragarria» izan zela dio Fernandezek: «Kantatzeko oso modu desberdinak jarri zituen agerian, dantza zertzelada batekin». Jaialdi nagusitik independente moduan antolatzen dute F on Fire, eta izandako harrera «paregabea» nabarmendu dute.

Tradizioei ere ez diete hutsik egin. Urtero bezala, gai bat aukeratu dute, eta errezitalak, hitzaldiak eta bestelakoak emanen dituzte hari horren inguruan. Iaz Zer da flamenkoa? galderari erantzun ondoren, flamenkoaren lirika jarri dute erdigunean aurten, hitzen garrantzia azpimarratzeko. «Jakin-mina pizteko eta flamenkoa hari buruz asko ez dakitenei hurbiltzeko asmoa dugu», azaldu du Fernandezek. Bizitzaz, heriotzaz, maitasunaz... Flamenkoak kantu egiten duenaz. Hemen ere, kontzeptu abstraktuak alde batera utzi nahi dituzte antolatzaileek. Izan ere, funtzio dibulgatzailea eman nahi diote festibalari. «Jendeak kantatzen den horretan arreta jartzen badu, uste dugu hasiera bat izan daitekeela flamenkoaz ez dakienarentzat ere».

Entzule berrien bila

Jaialdiak ateak irekiko ditu gaur Tuteran, eguerdian. Erriberako hiriburuko udaletxeko balkoian emanen dute lehenbiziko kontzertua bi artista nafarrek, 12:00etan, Alberto Jimenez Gilabert Bayron-ek eta Bruno Jimenezek; ondoren, Jose Montoya Carpio El Berenjeno eta Manuel Heredia arituko dira eguerdi partean. 21:30etan, berriz, Gaztanbide aretoan, Carmen Linares sona handiko abeslaria izanen da, Pepe Habichuela gitarra jotzailearekin batera. Gau berean, Iruñeraino helduko da festibalaren oihartzuna: Rafael Riqueni Sevillako (Espainia) gitarristak emanaldia emanen du Nafarroako Jauregian, 22:30etan.

Urtero jaialdian izaten diren kontzertu handietan flamenkoaren musikari gorenak biltzen dira, bai artista ospetsuak eta bai berriak. Izan ere, Sabicas maisuaren izena eta ondarea nabarmentzen duen jaialdiak gaur egungo flamenko musikarien aldeko apustua egiten du aldi bakoitzean, ikus-entzule berriak erakarriz eta sormena piztuz. Aurten, adibidez, Jose Merce, Rafael Riqueni eta El Purili izen klasikoek partekatuko dituzte oholtzak artista gazteago edota flamenkoaren agertokian lehenbiziko pausoak egin dituzten musikariekin. Maria Jose Llergo abeslariak (Pozoblanco, Espainia), errate baterako, 28 urte ditu, eta bere lehenbiziko lana aurkeztuko du: Sanación. Goya sari bat jaso zuen Te espera el mar abestiarekin, eta, azkenaldian sareetan eginiko inkesta baten arabera, Eurovisionen hurrengo aldian aurkezteko hautagairik gogokoena izango litzateke Espainian. Bertzalde, Israel Fernandez (Toledo, Espainia, 1989) da aldi honetan gehien espero diren kantautoreetako bat. Haren azken argitalpenek arrakasta handia izan dute (La Inocencia, Amor), eta flamenko eszenako ahots karismatikoenetakoa da. Kontzertu guztiak 21:30ean izanen dira, Baluarte jauregian, Maria Toledorena izan ezik: 20:30ean izanen da, Gaiarre aretoan.

Hamaika proposamen

Flamenco on Fire jaialdi «heterodoxo» gisa definitzea gustuko dute antolatzaileek, izan artisten estiloagatik edo proposamen eskaintzagatik. Hain zuzen ere, kontzertu handiekin batera, Flamenco on Fire jaialdiak bertze hainbat proposamen egiten ditu. Kontzertuak balkoietan instituzio bihurtu dira urteekin, eta harrera ona egiten diete karrikako entzuleek. Formatu herrikoiago batez, bikote xume bat osatu ohi dute ahotsak eta gitarrak, eguerdiko ordua biguntzeko.

«Flamenkoa partekatzea da gure helburua, eta, horretarako, karrikak dibulgazio laborategiak ditugu, non flamenkoa ulertzeko modu garaikide eta tradizionalak erakusten baititugu», gehitu du Fernandezek. Gaur, bi kontzertu izanen dira Tuterako karrikan, 12:00etatik aurrera; eta Iruñean, berriz, egunero hiru hitzordu izanen dira. «Pozik gaude, halaber, eskuzabalak izateagatik. Luxua da balkoi bat inauguratzera datozen artistez doan gozatzeko aukera izatea».

Paraleloki, Flamenco on Firek zinema ziklo bat aurkeztuko du. Historikoki flamenkoa elikatu duten istorioen eta bizipenen zatiez osatuta egongo da. Besteak beste, La Paquera, Terremoto eta Manolo Sanlucar garrantzi handiko artistak jendeari hurbiltzeko modu desberdina izango da hori. Film luze eta laburren proiekzioak eginen dira, eta mahai inguruak antolatuko dituzte Civivox Kondestablearen gunean.

Berritasunen aldetik, aurten lehenengo aldiz, Flamenko saria banatuko dute, musikariak izan gabe flamenkoaren alde egin duten pertsonak ezagutarazi eta haiei aitortza egiteko helburuarekin. Lehenengo urte honetan, hiru pertsona edo erakunde proposatu dituzte antolatzaileek saria jasotzeko: Jose Maria Velazquez-Gaztelu poeta eta zinema zuzendaria, Pepe Lamarca argazkilaria eta Corral de la Moreria Madrilgo tablao-a. Saria zeinek jasoko duen bihar jakinaraziko dute.

Azkenik, jaialdiak umeendako kultur aukerak ere eskainiko ditu: Francisco Suarez El Trombo-k dantza tailer bat emango du. Jarduera asteburuan izanen da, 12:30ean, Ezpeleta jauregian. Gastrosabicas ibilbidea ere sortu du Nafarroako Ostalaritza eta Turismo Elkarteak, jaialdiari sukaldaritzaren alea ere jartzeko. Aste osoan izanen da Iruñean eta Tuteran.

Bertako flamenkoa

Osasun neurrien desagerpenarekin batera, publikoaren itzuleraz poztu da Fernandez. Sumatu izan du urtez urte nafar entzuleen interes geroz eta handiagoa. «Estatuaren hegoaldetik jarraitzen da jaialdia, eta artistek beraiek etorri nahi dute hona», ziurtatu du. Baina tokiko artisten presentzia ere zaintzen dute antolatzaileek, eta, iaz bezala, aurten bi nafar musikarik irekiko dute festibala: «Jaialdiak babesten du bertako talentua, eta hori azpimarratzekoa da».

Flamenco on Fireren formatua aldatu izan den arren —2014ko lehenbiziko aldian bederatzi egunez egin zen—, ziurtatu dute esentziak bere horretan segitzen duela: «Lortu dugu konbinatzea antzerkia, dantza, karrikako artea, kontzertu nagusiak eta abar. Azkenean, gauza bera egiten genuen duela bederatzi urte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.