Albistea entzun

Nola bizi, hala hezi

Jexux Larrañaga Arriola - Gizarte Antropologian doktorea

2021eko azaroak 5

Gure bizierak atondu izan dituen ongizate gizartearen pitzadurak, euskarri zituen giza psikismoen krisia dakargu. Psikismoen krisia (Z. Bauman) mundu likido batean gertatzen ari da, pandemialdiak areagotu duen arrisku bizipenarekin eta gaixotasunekin batera (estresa, antsietatea edo depresioa). Aberastasun materialaren hazkundea jomugan, hazkunde handiagoa behar eta diru gehiago egiteko beharra erakusten duen zibilizazio patroiaren krisia da; baliabide materialen neurrigabeko ustiaketan biziera bat atondu duen ongizate sistemaren gainbehera. Hara, mugarik gabeko hazkundean zetzan psikismo horren desira ase ezina. Pandemia osteko kontsumitzaileen gogobetetze adierazleek ongizate horren hazkundea berretsi nahi luketenean, ustezko ongizatea pitzaturik ageri da, ondoez psikiko eta gaixotasun handiagoz garatzen ari dela baieztatu ahal izan dugunean.

Agidanez, hiper hazkundearen aberastasun materiala mugagabe eskuratu nahi izateak, munduko ekosistemen hondoratze masiboa eta hazkorra zekarren ordainetan. Hauxe zen kontraesana: etengabeko hazkuntzan behar zukeen sistema produktibo globalak, biosferaren muga eta agortze zantzuekin talka eginez zetorrela. Hara hor bizi dugun krisi sistemikoaren oinarria.

Gaur egun, Gizarte Berrikuntza Eraldatzailearen norantzak balio behar liguke aurrerabidea egiteko. Zumitz egokienak ereiteko aukera aurreikusi beharko litzateke kezka pedagogikoen artean, nola ez, norbanakoa salerosgai edo bezero gisa hartzen duen sistemaren merkantilizaziotik at, bizi kalitatearen galera ez baizik harreman ahaltsuagoak gizarte/eskolatik eraikitzeko eta bestelako ongizaterako kultura abegitsua landu ahal izateko. Hau da, hezkuntza sistema ona bezain garrantzitsua izango da krisi sitemikoari aurre egingo dion gizarte hezitzailea eraiki ahal izatea.

Eskola erakunde ekoizlea da, giza subjektibitatearen ekoizle. Jakintzen, irudikapenen, praktiken, pentsamenduen, iritzien, esperientzien, subjektibitateen funtsezko ekoizlea. Hortaz, hezkuntza-eragile guztien zeregina izango da etengabe pentsatzea eta birpentsatzea zer ekoizten ari garen eta zertarako, eta, horretarako, ezagutza eta ikaskuntza-espazio eraginkorrak ez ezik, kritikoak eta esanguratsuak sortzeko aukera baliatzea. Bizitzen ari garen krisi sistemikoaren aurrean gaur egungo eskolaren funtsezko zeregina hauxe liteke: bestelako subjektua sortu beharraren jabekuntza hartzea eta horretarako lana egitea. Norberetasun berriak ekoizteko ziurtasun eta helduleku gutxiko munduan, etengabe moldatzeko eskakizunari aurre egiten zaio eskolatik, tokian tokiko kultur eta hizkuntza ezaugarriak belaunaldi berrietan garatu ahal izateko etengabeko hezkuntzan dihardugunez gero. Oinarri emozional, balio eta harremanei dagozkien zumitz egokienak lantzea (geure geureak) funtsezkoa izango da subjektua ondoratu ez dadin.

Dagoeneko, ziurgabetasun handiko garai batean sarturik bizi gara. Bizi gaituen arrisku gizarteak (U. Beck), hondamendiak eragiten ditu sistematikoki, ekosistemen hondoratze hazkorrari muga jarriko dion trantsizio sozio-ekologikoa inoiz baino beharrezkoa zaigu. Honezkero, gizarte logikatik ulertu behar dugu hezkuntzaren logika, eta hezkuntzaren logikatik gizartearen aldaketa. Nola bizi den gizartea, hala heziko ditu bere nerabe eta gaztetxoak. Nola bizi garen hala heziko dugu. Hara, ziurgabetasunaren gizartean, giza subjektibitatea bilakatuko da etorkizuna eraikitzeko gakoa.

Etengabeko hezkuntza berrikuntzaz eta hobekuntzaz ari garen honetan funtsezko galdera da honakoa: Nolako herria eta gizartea nahi dugu hurrengo belaunaldientzat? Zein seme-alabari uzten diegu mundu hau? Etorkizun hurbilerako hobetsiko dugun gizarte ereduak bere neurriko hezkuntza-sistema eskatzen du gaur egun. Eskolan, gizarte erreprodukzio lanean bakarrik badihardugu, zer aldaketa espero liteke hortik? Gure herriko egitura sozioekonomikoa berbideratzeko abagunean, hezkuntzaren mugak eta arazoak ez dira neurri teknikoekin eta paradigma pedagogikoen eskutik bakarrik konponduko. Hezkuntzaren eraldaketak, gizarte kulturaren koordenatu berrien aldaketa eskatzen digu, bizi kalitatea lehenetsiko duen eta bizierak aldatzeko prestuago dagoen etorkizun bideragarriago baterantz.

Egungo garapen eredua birformulatzeko prest dauden pertsonak sortu beharko dira, ez hainbeste egitura sozial eta produktiboetara ongi moldatuko direnak, baizik pentsamendu kritikoa eta autonomia garatu eta estimatuko dutenak. Hara, sormena, berrikuntza, motibazioa, talde lana eta ekintza gaitasuna, biharko hiritargoaren zumitz ezinbestekoak dira; autonomiaz jokatu eta pentsamendu kritiko garatua izango duten hiritarrak, kontzientzia sozio-ekologiko leialarekin; herri bezala dugun jomugarantz abiatzeko, hezkuntza sistema oso lagungarri suerta daiteke krisi sistemikoaren bidegurutze honetan. Alegia, heziketa mota baten edo bestearen aldeko hautua Euskal Herriak dituen helburuen arabera pentsatu beharko genuke. Azken buruan, gure gazteen heziketa, jomuga horren menpe ulertu beharko da, ez hainbeste hortik kanpo balego bezala. Hara, gure hezkuntza gaitasuna baliabide indartsua da euskal gizartea eta bere bizi-baldintzak hobetzeko itxaropenean, bestelako subjektua sortze bidean.

Hezkuntzaren bidez bestelako bizierak atontzeko makulu egokirik ematen ez badugu, ordea, gure identitatearen eraikuntza beste batzuek egingo dute, eta nagusiki, merkatu sistema globalak. Pandemia osteko artikulazio identitario komunitarioa erabakigarria izango da, hain zuzen, pedagogia kritikoa erabiltzeko eskolak izango duen gaitasuna, norbanakotasunak kontsumismoan oinarritzea akats handiegia litzatekeelako, noraizeak kontra jotzen badu ere, gure gaztetxoen barne izaera alde behar dugulako, proiektu komunitario bizigarriei eta interes kolektiboari lotuta.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...