«Soslai aldaketa» aulkian

Natalia Arroyo entrenatzaile katalanak zuzenduko du Reala; urtebeteko kontratua sinatu du. 34 urte ditu, futbolari izana da, eta Kataluniako selekzioko hautatzaile lana eta kazetari lana uztartu ditu

Natalia Arroyo eta Jokin Aperribai, Realaren elastiko bat heltzen, atzo, Anoeta estadioan, entrenatzaile kataluniarrak talde txuri-urdinarekin kontratua izenpetu eta gero. REALA.
jon olano
2020ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Natalia Arroyo izango da Realeko entrenatzailea, Gonzalo Arkonada ordezkatuta. Arroyo kataluniarra da, Esplugues de Llobregatekoa, eta herrialde horretako selekzioko hautatzailea 2014az geroztik. Denboraldi baterako sinatu du talde txuri-urdinarekin, 2021eko ekainaren 30era arte, eta beste sasoi baterako luza dezake, ezarritako helburuak betetzen baditu. Datozen egunetan jakinaraziko dute nork osatuko duen Arroyo buru izango duen talde teknikoa.

34 urte ditu, eta Bartzelonako harrobian hezi zen futbolari gisa. Espanyolen eta Levante Las Planasen aritu zen. 22 urte zituela, ordea, jokatzeari utzi behar izan zion, lesio larri baten ondorioz. Harrezkero, entrenatzaile aritu da. Kazetaria ere bada; Gol telebista katean aritu da partiden kontakizunak egiten —150 partida baino gehiagoren berri eman du—, eta Kataluniako Ara egunkarian ere idatzi ohi du. BERRIAk harekin hitz egin zuen iazko urrian, Bartzelonaren jokatzeko erari buruzko erreportaje batean. Realaren ardura hartzeak kazetaritza alde batera uztera behartuko du. Talde txuri-urdinarena izango da haren lehen esperientzia profesionala entrenatzaile gisa.

Bideo batean, Arroyo «oso pozik» azaldu da Reala zuzentzearekin: «Hunkigarria da, ilusionagarria. Taldea hazten ari da urtez urte, tituluak lortzen ari da... Jokalari gisa Zubietan izan nintzenean, hemen futbola arnasten da. Gozamena da hemen egotea eta irudikatzea zer eraiki daitekeen».

Garbiñe Etxeberria Realeko futbol zuzendariak, berriz, gogorarazi du lehen taldeak hamalau urte daramatzala Espainiako Lehen Mailan, eta urte horiek «hazkunde handikoak» izan direla; bide horretatik jarraitzearen aldeko apustua egin du: «Aldaketa egin beharra zegoen; aurrekoa oso ondo egon da, eskertuta gaude, baina ziklo bat bukatu da. Aurrera begira, geure buruari ere exijitu behar diogu». Etxeberriak aitortu du «aldaketa handia» izango dela, orain arte taldeak izandako entrenatzaile soslaia aldatu dutelako, baina pozik agertu da erabakiarekin.

Bestalde, Jokin Aperribai klubeko presidenteak ongietorria eman dio Arroyori: «Haren arrakasta klubarena izango da. Emakumezkoen taldeak poz handiak eman dizkigu azkenaldian, eta gero eta gehiago profesionalizatu nahi dugu, nesken esfortzua profesionala delako». Haren fitxaketaren berri ematearekin batera, Realak jakinarazi du emakumezkoen saila klubaren futbol zuzendaritzara batuko dela datorren denboralditik aurrera.

Arkonadaren ordezko

Realak duela bi aste baieztatu zuen jada zabaltzen ari zen zurrumurrua: Arkonadak ez zuela jarraituko entrenatzaile lanetan.2017ko azaroaren 21ean hartu zuen kargu hori teknikari donostiarrak, Juanjo Arregi ordezkatuta. Ligako zazpi jardunaldiren ondoren, Arregik taldea utzi zuenean, taldea punturik gabe zegoen. Hamabi gol sartuak zizkioten, eta bi bakarrik zituen berak sartuak. Arkonada iritsi bitartean, Gorka Alvarezek egin zituen entrenatzaile lanak behin-behinean.

Arkonadaren izendapenak dudak piztu zituen. Izan ere, aurretik Realean egon bazen ere, ez zuen eskarmenturik emakumeen futbolean. Baina aurkezpenean argi esan zuen: «Egokitu beharko dut, baina ikasteko ilusio handiz nago».

Espainiako Kopa eta Euskal Herria kopa irabazi ditu bi sasoi eta erdian, eta Espainiako Superkopako finala jokatu zuen aurtengo otsailean. Liga eten zenean, Reala seigarren postuan zegoen sailkapenean. Hemendik aurrera, beste zeregin batzuetan arituko da Zubietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.