Txinak segurtasun nazionalerako bulegoa ezarriko du Hong Kongen

Pekinek Hong Kongeko segurtasun nazionalerako legearen zenbait eduki ezagutarazi ditu. Legearen arabera, bere gain hartuko ditu estatuaren segurtasunarekin lotutako auziak

Txinako Polizia bi manifestari atxilotzen, Hong Kongen autonomiaren aldeko protesta batean, joan den irailean. JEROME FAVRE / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Txinak Hong Kongerako iragarri zuen segurtasun nazionalerako legearen zenbait xehetasun argitu zituen atzo, Herri Batzar Nazionalak hiru eguneko bilkuran haren edukia aztertu ondoren. Xinhua estatuko albiste agentziak jakinarazi zuenez, Hong Kongek segurtasun nazionalerako bulego bat sortuko du, hirian inteligentzia lanak egiteko eta estatu segurtasunari dagozkion delituez arduratzeko. Bulego hori Txinako Gobernuaren menpekoa izango da. Horrez gain, legeak dio hiriko agintariak epaile batzuk izendatu ahalko dituela segurtasun nazionaleko auzietan.

Txinako Batzarrak maiatzean eztabaidatu eta onartu zuen legea. Auziak protestak piztu zituen berriro ere Hong Kongen, koronabirusagatik ezarritako itxialdia altxatu zenean. Egitasmoarekin kritiko agertu direnek salatu dute Pekinek eskubide eta askatasunak murrizteko erabiliko duela legea. Txinako Gobernuak Hong Kongi dagozkion eskumen batzuk bere gain hartuko dituela ere ohartarazi dute.

Etxean bezala, nazioartean hainbat eragileren kritikak eragin ditu egitasmoak. AEBak, Europako Batasuna eta Erresuma Batua legearen aurka agertu dira, Hong Kongen autonomia urratzen duela iritzita. Pekinek legea indarrean jarriz gero, Txina Nazioarteko Justizia Auzitegian salatzearen alde agertu zen herenegun Europako Parlamentua. Txinak behin eta berriz exijitu die atzerriko eragileei ez esku hartzeko bere barne auzietan.

Hain justu, atzerriko eragileen esku hartzeak eragoztea da Hong Kongerako onartu duen legearen helburuetako bat, Txinako Gobernuaren esanetan. Legeak nazioarteko segurtasunaren kontrako lau delitu mota zehazten ditu: sezesioa, subertsioa, terrorismoa eta atzerriko indarrekin egindako konspirazioa. Debekatu egingo ditu «atzerriko elkarte politikoek antolatutako ekintzak» ere, eta Hong Kongeko talde politikoek ezin izango dituzte «loturak» izan atzerriko elkarte politikoekin. Puntu horrek eragin zuzena izan dezake Hong Kongeko oposizioko zenbait taldetan, Pekinek atzerriko eragileen menpe egotea egozten baitie.

Txinako Gobernuak Hong Kongeko inbertitzaile eta herritar ugariren kezkak baretu nahi izan ditu. Ziurtatu die legeak giza eskubideak eta askatasunak errespetatuko dituela, eta «aztoratzaile» gutxi batzuei eragingo diela soilik. Pekinen esanetan, indartu egingo du herrialde bat, bi sistema delako printzipioa, Hong Kongek 1997an kolonia britainiarra izateari utzi eta Txinako parte bihurtu zenean, hiriaren autonomia bermatzeko ezarri zuena. Hong Kongen gobernu eredu propio hori ezinbestekotzat jotzen dute adituek, hiriak aurrerantzean ere inbertsiogileak erakar ditzan, eta finantza gune globala izan dadin.

Kolonia ohiaren autonomiak bere horretan jarraituko duela zalantzan jarri du, baina, Mike Pompeo AEBetako Estatu idazkariak. Txinari ohartarazi dio legea indarrean jartzen badu, AEBek Txinako hiri arrunt bat balitz bezala hartuko dutela Hong Kong, eta ez egungo hiri autonomoaren pare. Ondorioz, harekiko harremana irizpide horretara egokituko dutela adierazi du.

Bozen aurretik indarrean

Txinako Gobernuak ez du zehaztu Hong Kongeko segurtasun nazionalerako legea noiz jarriko duen indarrean, baina analistek ziurtzat jotzen dute Hong Kongeko Kontseilu Legegilerako bozen aurretik emango duela pausoa. Hiriko erakunde legegilerako hauteskundeak irailaren 6an egingo dituzte.

Hiriko oposizioko ordezkariek salatu dute Pekinek Kontseilu Legegilearen gainetik pasatu nahi duela, eta legea ezartzeko garaian ez dituela bete Hong Kongeko Oinarrizko Legea moldatzeko prozedurak, lege horrek berak aurreikusten dituenak. Oinarrizko Legea Hong Kongeko «konstituzio txikia» da. Txinak eranskin batean gehitu asmo du segurtasun nazionalerako legea, Hong Kongeko Kontseilu Legegilean bozkatu ordez.

Hiriaren Oinarrizko Legeak segurtasun lege bat garatzea aurreikusten du. 2003an egitasmo bat eztabaidatu zuen Kontseiluak, baina alboratu egin zuen, kalean sortu ziren protestek behartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.