Sanferminak maiatzean

Ezkurdiak eta Lasok buruz buruko finala jokatuko dute gaur, Iruñean, Nafarroa Arenan. Lehen aldiz izango da finala Nafarroan, eta bete egingo da pilotalekua

Joseba Ezkurdia eta Unai Laso, asteazkenean, Nafarroa Arenan egindako pilota aukeraketan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun

Ia hilabete eta erdi falta da sanferminetarako, baina festen aurrerapen moduko bat bizi izango dute gaur Iruñean. Buruz Buruko Txapelketako finala jokatuko da Nafarroa Arenan (17:15, ETB1). Lehen aldiz jokatuko da Nafarroan txapelketa nagusiaren finala, eta nekez izan zezakeen estreinako hobeagorik, lurralde horretako bi pilotari ariko baitira: batetik, Joseba Ezkurdia, Arbizukoa, eta, bestetik, Unai Laso, Bizkarreta-Gerendiaingoa.

Ikusmin handia piztu du finalak, eta horren erakusle da sarrera guztiak saldu izana. Bete egingo da Nafarroa Arena: 3.000 ikusle. Sekulako giroa egongo da, San Fermin egunean egoten denaren parekoa edo handiagoa, Labriten sartzen diren ikusleak halako bi kabitzen baitira Nafarroa Arenan.

Ezkurdiak eta Lasok ere nahita ez lukete izango lehen aldi ederragorik, biak aurreneko aldiz ariko baitira buruz buruko finalean. Aspekoak izan du gertuen: finalerdiak jokatutakoa da. Lehen finalean irabazi nahi du txapela; bosgarrena luke profesionaletan: bitan irabazi du binakakoa, eta beste bitan lau eta erdikoa; azken bi horiek, Nafarroa Arenan. Iaioa da finalak jokatzen: denak irabazi ditu. Eskura du hiru modalitatetan txapela irabazi duten pilotarien taldeko kide izatea. Bederatzigarrena litzateke. Julian Retegi, Fernando Arretxe, Juan Martinez de Irujo, Aimar Olaizola, Abel Barriola, Mikel Urrutikoetxea, Oinatz Bengoetxea eta Jokin Altuna dira beste zortziak.

Ezkurdiak bost partida jokatuta iritsi behar zuen finalera, baina hiru baino ez ditu jokatu: final-zortzirenetakoa —22-7 irabazi zion Asier Agirreri—, final-laurdenetako ligaxkako lehena —22-21 Jose Javier Zabaletari—, eta finalerdietakoa —22-2 Erik Jakari—. Ez zen aritu ligaxkako bigarren eta hirugarren jardunaldietan, Altuna III.ak eta Dario Gomezek uko egin baitzioten haren aurka jokatzeari, min hartuta baitzeuden. Sasoi betean eta konfiantzaz gainezka iritsiko da. Urte eta erdi zeraman finalik jokatu gabe, 2020ko abenduan binakakoa jokatu zuenetik.

Lehen aldiz buruz buru

Lasok, berriz, lehen txapela irabazi nahi du. Hirugarren ahalegina nahi du izatea balekoa, hirugarren finala baitu jarraian: lau eta erdikoa eta binakakoa jokatu ditu aurretik —Nafarroako lau eta erdikoan ere aritu zen—. Duela urtebete profesionaletara itzuli zenetik jokatu ditu guztiak. Altuna III.ak irabazi zion aurreko guztietan, baina, oraingoan, gai izan da hari nagusitzeko. Finalerdietan izan zen, atzetik aurrera eginda: 19-13 zihoan galtzen, eta bederatzi tanto egin zizkion jarraian. Burua hotz izanda lortu zuen hori. Horixe falta izan zitzaion aurreko aldietan.

Altuna III.aren aurkako partiden madarikazioa hautsita, txapelarena hautsi nahi du. Mugarriz mugarri dabil buruz buruko honetan ere, aurreko lau aldietan ez baitzen pasatu final-zortzirenetatik. Lau partida jokatu ditu, eta laurak irabazi ditu: Altuna III.ari ez ezik, Jon Ander Peñari (22-13), Iñaki Artolari (22-10) eta Jakari ere irabazi die (22-5). Ez zuen jokatu ligaxkako azken partida, Beñat Rezustaren aurka, mina baitzuen eskuin sorbaldan. Ordurako sailkatuta zegoen. Finalerdietan ikusi zen osatu dela. Irabaziko balu, Baikoren bolada txarra etengo luke: bost urte daramatza lehen mailako txapelik lortu gabe. Ezkurdiak, berriz, Asperen bolada luzatu nahi du.

Inoiz ez dute jokatu elkarren aurka buruz buru; lau eta erdian, bitan jokatu dute, eta bietan gailendu da Arbizukoa. Bi garaipen horietan erabakigarria izan da sakea. Gaur, are eta erabakigarriagoa izango da. Errestoan asmatzea, aurrean eraginkor izatea eta tentsioa eta emozioak kudeatzea izango dira beste gakoak. Erasoan jokatuko dute biek, oldarkor, aurkariari min egiteko asmoz. Halaxe jokatzen dute beti. Beste pizgarri bat da final ikusgarria izateko.

Ikusi gehiago:Juan Martinez de Irujo: A zer inbidia!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.