IRITZIA

A zer inbidia!

Juan Martinez de Irujo
2022ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun

Inbidia latza pasatuko dut gaur. Edozer gauza emango nuke gaur jokatzeko. Buruz buruko finala, etxean, Nafarroa Arena bete batean, bi pilotari nafarren arteko lehia... Sekulakoa izango da. Pilotazale moduan gozatuko dut; ziur bainago gozatu egingo dugula.

Unai da faboritoa, baina gutxigatik. Ikusgarri ari da itzuli zenetik: final guztiak jokatu ditu, eta horrek sekulako meritua du; oso zaila da horren denbora luzean gorabeherarik ez izatea. Galdu egin ditu final guztiak, denak Jokinen aurka, baina, behingoz, gai izan da hari irabazteko. Ziur naiz mamu beltza kanporatu izanak konfiantza izugarria eman diola.

Josebak, berriz, behetik gora egin du. Finalerdietan Eriken aurka egin zuena ikusi besterik ez dago: partida itzela jokatu zuen, eta agerian utzi zuen berea emanez gero edozeini irabaz diezaiokeela.

Argi dut erritmo bizian jokatuko dutela, eta horrek ikusgarriagoa egingo duela finala. Egun, pilotari guztiek jokatzen dute ia berdin buruz buru: airez, aurkariari pentsatzeko astirik ez emateko. Halaxe jokatuko dute biek. Baina aldeak daude baten eta bestearen artean: Unaik gehiago atzeratzen du pilota, eta Josebak defentsa hobea du airez. Sakea eta errestoa erabakigarriak izango dira, are gehiago frontoi honetan; ezkerpareta berezia du; behera botatzen du pilota.

Eta erne tentsioarekin. Tentsio handikoak dira finalak, baina batez ere, buruz burukoa. Eta zer esanik ez gaur, biek etxean jokatuta. Gaur da eguna, eta ondo egon beharra dago; bestela, akabo.

Ez dut inor ustekabean harrapatuko Josebak irabaztea nahi dudala esanda: ea txapela janzten duen hiru modalitateetan. Baina Unaik irabazita ere ez naiz triste joango etxera. Asko poztuko naiz, asko sufritu baitu. Argi dut ez bada gaur beste aukeraren bat izango duela.

Ikusi gehiago:Atarikoa: Sanferminak maiatzean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.