Andre zuberotarrek etxea gobernatzeko

Jusef Egiategi idazlearen 'Aberatztarzun gussién guils bakhoitza' (1782) eskuizkribuaren edizio kritikoa plazaratu du 'Egan' aldizkariak. Manuel Padilla Moyanok editatu du, eta Koro Segurola aldizkariko zuzendariak egin du hitzaurrea.

Txomin Peillen euskaltzainari egin nahi izan diote omenaldia alearekin. 'EGAN' ALDIZKARIA.
Naroa Torralba Rodriguez.
2023ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Jusef Egiategi idazle zuberotarraren Aberatztarzun gussién guils bakhoitza (1782) eskuizkribua plazaratu du Egan literatura aldizkariak bere azkeneko zenbakian. Lehen aldiz, bi bertsiotan atera dute: orrialde batean ageri da eskuizkribuan dagoen eran; bestean, grafia gaurkotuan. Eskuliburu baten traza du lanak, etxea gobernatzeko jakituria eskaintzen baitio andre euskaldunari. Txomin Peillen idazle eta euskaltzain zenari eskaini diote ale hau argitaratzaileek, Manuel Padilla ediziogileak eta Koro Segurola zuzendariak; izan ere, Peillen urte luzez ibili zen eskuizkribuaren bila.

Liburua galdutzat emana zen orain dela gutxira arte. Segurolak azaldu duenez, 2000ko hamarkadaren hasieran Aingeru Irigarai Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteko kidearen semeari galdetu zion Peillenek ea aitaren eskuizkribuen artean egon zitekeen lana, eta XX. mendeko kopia bat aurkitu zuten haien artean. Horren laburpen bat argitaratu zuen Peillenek 2012an. Segurola: «Egiategi jendaurrera Peillenek atera zuen. Berak aurkitu zituen haren beste bi eskuizkribu Frantziako Liburutegian».

Eskuizkribu horien oharretan, Egiategik aipatzen zuen bazuela Aberatztarzun gussién guils bakhoitza izeneko lana. Hain zuzen, Koldo Mitxelenak adierazi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko Liburutegian zegoela ale hori, baina Peillen bila joan zenean ez zuen esku artean izaterik lortu. Deigarria egin zitzaion hori Segurolari: «Bitxia da gaur arte inork argitaratu ezizana».

2021ean, Pedro Berriotxoa historialaria Iñaki Artetxeren etxera joan zen ikerlan bat egitera, eta han topatu zuen, kasualitatez: «Artetxe Gipuzkoako liburuzaina zen; nik uste dut maileguan hartuko zuela eta itzultzea ahaztuko zitzaiola. Hori da hipotesia».

Aurkitutako dokumentua originala zela frogatzea izan da orain erronka: «Papera aztertu genuen kodikologiaren metodoaz; papera zein urtetan ekoitzi zen adierazten du horrek. Eskuizkribuak papera baino lehenagoko data baldin badarama, esan nahi du kopia bat dela, edo faltsukeria bat». 1780ko data dauka haiek topatutako paperak, eta Egiategik esan zuen 1782an inprimatu zuela. Segurola: «Baina, inork ez du alerik ikusi inprimaturik».

Inprentatik igaro edo ez, gehitu du liburu honek Zuberoako literatura corpusa osatzen duela: «Honi esker jakin daiteke XVIII. mendean nolakoa zen Zuberoako euskara. Garrantzi berezia du ez delako testu erlijiozkoa. Euskarazko literatura profanoaren adibide gutxietakoa da».

Manuel Padilla filologoak tesia egin zuen XVI-XVIII. mendeetako Zuberoako euskarari buruz, baina Segurolak zehaztu du tesian galdutzat eman zuela liburua: «Honek osatu egin du hark egindako lana, edizio kritikoaz».Izan ere, Egiategiren bizitzaz «oso gutxi» dago bilduta: «Eskola maisua izan zitekeen, errejent bezala sinatzen zuelako. Pentsatzen dugu irakasle izan zitekeela, kristautasuna euskaldun jendearen artean sartzeko euskaraz irakasten baitzen. Elizaren kontrolpean, euskaraz erakusten zen katixima. Garai hartan eragin protestantearen pean zeuden Zuberoa eta Biarno. Heziketa hori euskaraz emanda, dogma katolikoa ezartzen zioten gizarteari».

Izan, itzulpen bat da Egiategik emandakoa. «Istorio bitxia da» Segurolarentzat: «Emakume zuberotar bat Frantziara joan zen neskame. Etxeko andreak entziklopedia frantses bat eman zion, eta Egiategik kontatzen du itzulpena egiteko eskatu ziotela».

Etxea gobernatzeko jakituria eskaintzen zien liburuak, beraz, Zuberoako emakumeei: «Txerriez, oiloez, baratzeaz, ogiaz, irinaz... Hau XVIII. mendean eta zubereraz irakurtzea ikaragarria da, ohituta gaudelako garai hartako izkribu denetan sermoiak irakurtzera. Egiategik bazituen beste bi lan filosofiaz, gogoeta moralez. Hau guztiz desberdina da. Garai hartako Zuberoako ohiturak nolakoak ziren azaldu nahi zuen, eta honek mota askotako ikerketak emateko bidea ematen du; ez bakarrik filologikoak».

Zuberoa Oloroeko elizbarrutira lotua zen, eta hark ez zuen oztoporik jarri euskaraz argitaratzeko. Baina Baionako elizbarrutira igaro, Revol apezpikua hil eta Frantziako Iraultzaren ondorioz, eten egin zen argitalpenen jario hori. «Dena den, liburuak adierazten du bazeudela euskaraz eta zubereraz irakurtzeko gai ziren emakumeak».

Aldizkari zientifikoa

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteaksortu zuen Egan literatura aldizkaria, 1948. urtean, eta, geroztik, ia etenik gabe argitaratu izan da: «Elkarteko literatura gehigarri gisa abiatu zen, urtean lau zenbaki kaleratuz, euskaraz eta gaztelaniaz». 1953an, euskara hutsez argitaratzeari ekin zioten, Antonio Arruek, Aingeru Irigaraik eta Koldo Mitxelenak zuzendaritza hartu zutenean. Harrezkero, euskara hutsezko aldizkaria da.2018an eskaini zioten Segurolari zuzendari izatea: «Ordutik, maila zientifikora gidatu dugu aldizkaria, iraun dezan. Gaurkotu egin dugu». Argitalpen guztiak digitalizatuta daude haien atarian.

Egan-en bi zenbaki kaleratzen dituzte urtean: «Azken honek urtebete eman digu, berezia delako. Eskuizkribua transkribatu, aztertu eta edizioa egitea lan handia izan da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.