Lehenengo finala daukate zain

Realak Espainiako Kopako finalerdia jokatuko du gaur, Anoetan, Sevillaren kontra. Arkonadak jokalari bakarra faltako du: Iraia. Sevillak hobera egin du azken partidetan

Realeko jokalariak atzo, Zubietan, gaurko partida prestatzeko lan saioaren aurretik. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Hiri ederra da Granada (Espainia). Zer esanik ez udaberrian. Bada, maiatzaren 11n han izan nahi du Realak, Espainiako Kopakoko finala jokatzen. Horretarako, ordea, azken oztopo bat gainditu beharko du, gaur, Anoetan: Sevilla (16:30, Movistar Vamos). Irabaziz gero, estreinako aldiz jokatuko du finala talde txuri-urdinak, eta, beraz, beste mugarri bat gaindituko du bere historian. 2004an sortu zenetik garrantzitsuenetakoa, igoerarekin eta 2011n jokatuko Kopako finalerdiarekin batera. Orduan, Realak 2-0 galdu zuen Bartzelonaren aurka, baina gaur emaitza bestelakoa izatea espero dute.

Giro aparta izango da Anoetan. Aurreko igandean, Athleticen aurka jokatutako derbian, 21.234 ikusle bildu ziren Anoetan; eta, gaur, kopuru hori gaindi daiteke, kontuan hartuta taldeak jokoan duela final baterako sailkatzea.

Zaleen hauspoarekin eta bultzadarekin batera, Realari sasoiko unerik gozoenetakoan ailegatu zaio norgehiagoka. Urtea hasi zenetik ez du neurketarik galdu. Ligan sei partida jokatu ditu, eta hiru garaipen eta hiru berdinketa izan ditu; Kopan, berriz, Rayo Vallecano utzi zuen kanpoan (4-0).

Taldeak, gainera, denboraldi hasieran egin zuen joko alaia eta erasokorra berreskuratu du, eta defentsan sendotasuna, erdiko hiru atzelarirekin jokatuta. Arkonadak jokalari bakarra faltako du gaurko neurketarako: Iraia. Herenegun egindako agerraldian, Arkonadak aurreratu zuenjokalarietako batek istripu txiki bat izan zuela etxean, eta ez zekitela jokatuko ote zuen. Atzo baieztatu zen, hain zuzen, ezingo duela jokatu, ez baitzuen deialdian sartu.

Asteazkenean, Levanteren kontrako partidan, txandakatze dezente egin zituen entrenatzaileak, baina, ezustekohandirik ezean, Mariasun, Soldevilla Nahikari, Marta Cardona, Leire Bañoseta Nuria Mendoza hamaikakora itzuliko dira.

Bi taldeak, gozatzera

Arkonada ziur dago bere taldeak onena emango duela: «Taldeak ondo erantzungo du halako partida garrantzitsu batean. Denbora daramagu horretaz hizketan, eta badakigu zer dugun jokoan gaurko lehian. Baina lasai jokatu behar dugu, eta burua hotz eduki. Hala egiten dugunean, gauzak hobeto ateratzen zaizkigu. Ez dugu presiorik, eta irabaztera eta disfrutatzera aterako gara. Beldurrak eta ardurak aldagelan utziko ditugu».Teknikariak argi du halako partidetan ez dagoela faboritorik: «Norgehiagoka zaila, deserosoa, eta luzea izango da».

Izan ere, nahiz eta Sevilla azken postuan egon Ligan, eta Realak denboraldi honetan jokatu dituzten bi partidak irabazi dizkion (2-0 Zubietan eta 0-2 Sevillan), hobera egin du,Cristian Toro argentinarrak Paco Garciaren lekua hartu zuenetik aulkian.

Azken jardunaldian, adibidez, bina berdindu zuen Valentziaren aurka, etxean. Atzealdean ondo ixten da taldea, nahiz eta jokalari gazteak dituen defentsan; erasoan, berriz, erdilari eta aurrelari bizkorrakditu, kontraerasoan ederki irteten direnak: Toni Payne, Jennifer, Olga... «Taldea ondo lehiatzen ari da, eta emaitzak baino ez zaizkigu falta gora egiteko. Ziur nago lortuko dugula», adierazi zuen Cristian Toro entrenatzaileak.

Ligan ez bezala, gainera, Kopan oso ondo ari da Sevilla. Bai final-zortzirenetan, baita final-laurdenetanere, etxetik kanpo jokatu zuen, baina aurrera egitea lortu zuen. Lehenbizi, Logroño kanporatu zuten (0-1), eta, ondoren, ezustea eman zuen Levanteren kontra, penaltietan bazterrean utziz.

«Ilusioz» helduko diote finalerdiari: «Talde joko ona eginez gero, aukera izango dugu finalerako sailkatzeko. Norgehiagoka batera jokatuta, edozer gauza gerta daiteke, eta ñabardura txikiena ere prestatu dugu. Jokalariek finalerako sailka gaitezkeela sinestea nahi dut, eta, batez ere, gozatzea, halako aukerak gutxitan suertatzen baitira».

REALA-SEVILLA

Reala. Mariasun; Nuria Mendoza,Maddi Torre, Etxezarreta, Soldevilla,Marta Cardona; Leire Baños, Itxaso; Nerea Eizagirre, Kiana eta Nahikari.

Sevilla. Noelia Ramos; Maite, Marta, Maria Bores, Cometti;Karen Araya, Nagore, Tony Payne, Olga; Karpova eta Jefiner.

Epailea. Frias Acedo.

Lekua. Anoeta (29.000 ikusle).

Ordua. 16:30 (Movistar Vamos).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.