Eztenka egiten duen barrea

Antzokietan bi urteko ibilbidea egin ondoren, 'Erlauntza' zinemarako moldatzeko lanetan murgilduta dago lantaldea, Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean.

Erlauntza filmeko lantalde guztia aritzen da maskararekin, filmatzen ari diren aktoreak izan ezik. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Inigo Astiz
Gamiz-Fika
2020ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Hormakideak dira fikzioaren eta errealitatearen etxeak. Kasu honetan, literalki. «Bakoitzak konta diezaiola zerbait kuadrillari sekula kontatzera ausartu ez dena». Horma zuriko etxe apain baten barruan zarratuta, ezkontza aurreko festa ospatzen dabiltzan sei kuadrillakideren ahotik ari dira elkarren miseriak haizatzen Aitziber Garmendia, Itziar Atienza, Sara Cozar, Getari Etxegarai, Leire Ruiz eta Naiara Arnedo aktoreak. Edanda eta drogatuta, pixkanaka azaleratzen dira sekretuak, algara eta lanturu artean. Haiengandik bi metro eskasera, oihalezko etxola beltz txiki batean elkarren gainean pilatuta, silaba eta mugimendu guztiak zaintzen ditu pantaila baten bidez Mireia Gabilondok zuzendutako hamar pertsonako lantaldeak. Bi aste daramatzate etxe horretan sartuta aktoreek, eta etxola horretan pilatuta zuzendari eta teknikariek; euskaraz lehenik eta gazteleraz ondoren, angelu itxiagoan aurrena eta zabalagoan ondoren, behin eta berriz errepikatzen dute eszena bera, ahitzeraino, baina bat-batean egiten du lehenago ere beste hamaika aldiz egina duen txiste bera aktoreetako batek etxe barruan, eta barre txikian hasten dira denak etxola beltzean. «Bale, moztu», eman du agindua zuzendariak. «Ona da». Eta hala doaz eszenaz eszena Erlauntza filmaren grabazio egunak Gamiz-Fikan (Bizkaia). Acronica eta Tentazioa etxeek ekoitzi dute, eta irail alderako nahi lukete bukatuta.

Erlauntza antzezlanaren zinemarako moldaketa da filma: komedia azido bat. Kepa Errastik idatzi, eta 2018an estreinatu zuten, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Gabilondok zuzendu zuen lana orduan ere, eta orain pelikulan lanean ari den aktore talde bera izan zen oholtzan. Hasieratik jaso zuen publikoaren harrera beroa, eta abegi ona egin zion kritikak ere. «Euskal Herriak behar zuen komedia inteligentearen eredua» zela idatzi zuen Agus Perez BERRIA egunkariko kritikariak, esaterako. Gaztelerazko bertsioa ere estreinatu zuten antzokietan bigarren bueltan, eta oraindik ere biran jarraitzen dute. Tarte batez, eten egin du hori guztia koronabirusak, eta etenaldi hori baliatu dute kamera aurrean jartzeko.

«Aktore pelikula bat da», esan du Gabilondok. «Komedia gazi-gozoa», zehaztu du. «Hitz egiten da laguntasunaz, eta elkarri ezkutatzen dizkiogun gauzez. Publikoak barre egiten du, baina benetako toki batetik, min hartzen den leku batetik».

Bi hizkuntzatan

Iaz ere prest zuten zinemarako egokitzapena, eta horretara bideratutako diru laguntza poltsa batera aurkeztu zuten proiektua. Ez zuten laguntza jaso, ordea, eta «hoztu» egin zituen horrek. Orain arte. Behartutako etenaldiak berpiztu du proiektua, eta, laguntzarik gabe ere, aurrera egitea erabaki dute. «Denok geneukan gogo handia».

Guztira, 30 pertsona inguruko lantaldearekin ari dira lanean, eta hamalau egunetan utziko dute dena filmatuta. Aktore taldeak bi urtez antzokietan metatutako esperientziak eta istorioaren ezaugarriek egin dute posible hori. Pelikulako pertsonaietako batek landetxeko giltza ezkutatzea erabakiko du kontakizunaren hasiera aldera, eta, ondorioz, antzezlanean gertatzen zen bezala, lau horma horien artean gertatuko da gertatu beharreko guztia.

Berezia da hizkuntzekin egin duten lanketa. Jatorrizko bertsioan nahi dituzte hala euskarazkoa nola gaztelerazkoa, eta, horregatik, aktoreek bi hizkuntzetan grabatzen dituzte filmeko eszena guztiak. Bi bertsioetan bera da argumentua. Berak dira pertsonaiak. Bera da kameren kokapena. Baina, ezinbestean, ezberdintasun txiki batzuk izango dituzten bi film izango dira azken emaitza. «Garbi eduki genuen hasieratik», esan du Gabilondok. «Antzerkian nola bi bertsioak dauden eta biak landuta dauden, erabaki genuen bi hizkuntzetan egitea, eta ez nuen bikoiztu nahi. Aktoreak edukita, nahiago izan genuen hala egin».

Pandemia betean, pelikulako lantaldeak zorrotz jarraitzen die osasun aginduei, eta, maskara jantzita dabiltza horregatik denak landetxearen inguruan. Aktoreek bakarrik dituzte aurpegiak bistara, eta haiek ere kamera grabatzen hasten denean soilik, goizean entseguak maskara eta guzti egiten baitituzte.

Leireren rola jokatzen du Aitziber Garmendia aktoreak, ezkongai den kuadrillako kidearena, alegia. Taldeko giroa nabarmendu du lehenik, eta, esan duenez, giro horrek lagunduta egiten diote aurre nekeari. «Momentu bera grabatzen gabiltza behin eta berriz, eta mantendu egin behar duzu hor, emozio berarekin eta intentzio berarekin». Eta adi egon behar hizkuntza batetik besterako jauzietan ere.

Handitik txikira

Antzerkian egindako lana oso lagungarri izaten ari zaiela dio Getari Etxegaraik, baina, istorioa antzekoa izanik ere, pertsonaia jokatzeko modua aldatu behar izan dutela dio. «Antzerkian dena handiago egiten da, eta hemen saiatu behar dugu txikitzen».

Filmaketak aurrera doaz Gamiz-Fikan. Isiltasun une bat oihal beltzezko etxolan. Isiltasun une bat horma zurizko etxean. Martxan da kamera, sartu dira aktoreak pertsonaietan, eta badator lehen esaldia: «Ostia! Erlauntza bat!». Barrez aktoreak etxean, irribarre txikiarekin teknikariak etxolan. «Castellano», egin du norbaitek adeitsu oharra. Eta orduan konturatu da aktorea ere lapsusaz. «Ai... Barkatu, barkatu». Berriz isiltasuna, berriz kamerak martxan, eta buelta lehen esaldiko sorpresa berera denak, kasu honetan, gazteleraz. «Hostia! Un enjambre!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.