Bihotz ausart baten bidaia

Bederatzi urteko isilaldia hautsi du Natalie Merchantek 'Keep Your Courage' diskoaren argitalpenarekin. Pandemia garaian osatu ditu diskoko kantuak.

Natalie Merchant 10.000 Maniacs taldeko abeslaria izan zen bakarka hasi aurretik. SHERVIN LAINEZ.
mikel lizarralde
2023ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Natalie Merchant (Jamestown, AEB, 1963) beti izango da gogoratua 10.000 Maniacs taldearekin 1980ko hamarkadan eta hurrengo hamarraldiaren lehen erdian pop disko aipagarriak egin zituelako. Biziak eta ausartak lehendabizikoak, bide berriak bilatzen zituztenak (Secrets of The I Ching, 1983; The Wishing Chair, 1985); eta aire klasikoagokoak gerora iritsi zirenak (In My Tribe, 1987; Blind Man's Zoo, 1989; Out Time in Eden, 1992). Merchantek, baina 1993an utzi zuen taldea, eta, orduz geroztik, bakarkako bidean jarri ditu indarrak. Dagoeneko bederatzi disko atera ditu —batzuk kantu berriz osatuak eta beste batzuk nahas-mahas gisa uler daitezkeenak—, eta horietako azkena da Keep Your Courage (2023), aldatzen ari den munduak ekar litzakeen arriskuen aurrean, erresistentzia, maitasuna eta batasuna aldarrikatzen dituen lana.

Merkatuaren legeetatik eta modetatik kanpo bizi da aspaldian Merchant, eta, agian horregatik, ez du bere kantuak argitaratzeko inolako urgentziarik. Ezta idazteko ere —horren seinale da bederatzi urte pasatu direla Natalie Merchant (2014) azken-aurreko lanetik—. Hain zuzen ere, denbora zeramatzan ezer idatzi gabe, pandemia iritsi eta itxialdiak kantuak sortzeko aukera zabaldu zionean. «Dena gelditu zenean, gure zaurgarritasunaz jabetu ginen. Gure menpeko errutina guztiak arrotz bihurtu zitzaizkigun, eta geure burua bilatzeko garaia izan zen», azaldu du Merchantek Rockdelux atari digitalean eginiko elkarrizketa batean: «Badakit kantuak idazten, eta une horretan garrantzitsua zen niretzat proiektu bat abiaraztea, helmuga bat izatea».

Hala ere, Keep Your Courage ez da itxialdiari eta koronabirusari buruzko disko bat. Aipatu duenez, garai hura beldur handikoa izan zen, «era guztietako beldurra: globala, nazionala, komunitarioa, familiarra eta pertsonala», eta horrek bultzatu zuen «bihotza» lehen planoan jarriko zuen disko bat osatzera: «Bihotz ausart baten bidaia marrazten duen kantu bilduma da hau».

Lan talde handia

Merchantek aitortu du diskoa osatzen duten hamar kantuek ondo funtzionatzen zutela pianoaren laguntza hutsarekin, baina sentitu zuela janzkera oparo bat behar zutela. Hala, talde handi bat bildu du bere inguruan kantu bakoitzari behar duen sonoritatea eman nahian, eta zeregin horretan hainbat moldatzaile eta zuzendarik lagundu diote: Stephen Barber, Megan Gould, Colin Jacobsen eta Gabriel Kahane. Baina, gainera, Lunasa musika zeltako taldeak, Kinan Azmeh klarinete jotzaile siriarrak eta Steve David tronboi jole estatubatuarrak ere parte hartu dute diskoan.

Guztien artean, soularen eta folk zeltaren eragin nabarmena duen eta orkestra konponketez josita dagoen diskoa osatu dute. Aire klasikoa dute kantuek, eta batzuetan 1960ko eta 1970eko hamarkadetan AEBetan loratu zen folk-popera gerturatzen den bezala —Carole Kingen kantuak egiteko moduak antzeman daitezke (Come on, Aphrodite)—, besteetan Van Morrisonen moldeak bere egiten ditu Merchantek.

Merchant ahots garbi eta adierazkorreko kantaria da, eta diskoan hori are eta nabarmenago antzematen da ekoizpenak berak lagunduta. Izan ere, Keep Your Courage disko oso jantzia izan arren, kantariaren boza lehen planoan dago denbora guztian. «Intentsitatean, erritmoan, soinu geruzen kopuruan hazten doazen pasarte sotil eta errazetatik abiatzen saiatu naiz, gero lasaitasunera itzultzeko. Disko honetan, musikak beti konposizioaren eta ahotsaren menpe izan behar zuela sentitzen nuen». Ez zen erabaki estetiko hutsa, hitzak ondo ulertzea nahi baitzuen kantariak: «Ahotsa ez zen estali behar inoiz; istorioak kontatzen ari da, eta ez dut nahi entzuleak istorio horien parte bat gal dezaten edo ez daitezen jabetu transmititu nahi dudanaz».

Soul ahots batek kantatuak

Big Girls eta Come On, Aphrodite diskoko lehenengo bi kantuetan Abena Koomson kantari eta Resistance Revival Chorus eskubide zibilen aldeko mugimenduarekin lotuta dagoen proiektuaren zuzendariekin partekatzen ditu ahotsak Merchantek. Lehenengoan, jende zaurituari laguntzeaz mintzo da abeslaria, eta bi ahotsetara abestua izateak «unibertsalagoa» bihurtzen du. «Gainera, betidanik entzun nahi izan ditut nire abestiak soul kantari baten ahotsean. Carole Kingek grabatu zuen (You Make Me Feel Like) A Natural Woman, eta kantu bikaina da. Baina Aretha Franklinek kantatzen duenean maila estrastoferikora eramaten du».

Sister Tilly-n dagoeneko joan den emakume belaunaldi bati buruz hitz egiten du Merchantek, eta Narcissus bezala, hazten doan orkestrazio batek lagunduta dator. Hunting The Wren, bere aldetik —Merchantek idatzi ez duen kantu bakarra—, Lankum talde irlandarraren kantu baten bertsioa da, eta kantariaren alderdirik barnerakoiena azaltzen du piano eta gitarra zertzelada gutxi batzuk eta orkestra konponketa dotore batekin.

Keep Your Courage ez da, ordea, norabide bakarreko diskoa, eta kantuen segidak sorpresak ere eman ditzake. Eye of The Storm, adibidez, Irlandako musikaren oihartzunez betea dator, biolin eta txirulak lagun; eta, jarraian, Tower of Babel-ek R&Bera jotzen du, diskoaren izpirituan dagoen esaldi bat nabarmentzeko («Jende guztia hain nahastua dago»), eta horren aurrean sendabidea musika izan daitekeela erakusteko.

Song of Himself pop kantu akustiko gogoangarria da, eta The Feast of Saint Valentine, berriz, diskoa ixten duen balada orkestratu sendia. Merchantek berak azaldu duenez, bildumak proposatzen duen zikloari amaiera emateko pieza egokiena: «Diskoa maitasun eskaera batekin hasten, eta amaitu, berriz, maitasunak dena konkistatzen duela dioen beste batekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.