Literatura

Elkarrentzako infernu izatea

Asteazkenean beteko dira berrogei urte Jean Paul Sartre hil zenetik, eta egun bizi dugun itxialdia ere izan daiteke nahikoa aitzakia haren aipurik ezagunena biltzen duen 'Huis clos' antzezlana gogoratzeko.

Jean Paul Sartre idazle eta pentsalaria liburutegian, eskuizkribu batzuekin lanean. JEAN MARQUIS.
Inigo Astiz
2020ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Besteak dira infernua». Urteen poderioz, pixkanaka-pixkanaka, pilula bakar horretara murriztuz joan da Jean Paul Sartre idazleak (Paris, 1905-1980) idatzitako Huis Clos (Atera ezinik) antzezlanaren osotasuna, eta, seguruenik, baita milaka orri betetzen dituen haren literatura eta pentsamendu guztia ere, haren lanak sekula irakurri ez dituen jende askorentzat behintzat. Zeren eta, adituek diotenez, esaldi hori baita pentsalari eta literaturagile frantziarraren milaka orriko produkzioan dagoen aipuetan gehien errepikatuetako bat. Topiko bihurtzeraino izan du jendeak ahotan urteotan guztiotan. Asteazkenean beteko dira berrogei urte Sartre hil zenetik, eta, kasu honetan, efemeridearen aitzakiaz gainera, koronabirusaren zabalpena eteteko ezarritako itxialdi derrigortuak ere eman dezake antzezlan hari sakonago erreparatzeko parada.

Gaizki zahartutako hotel batekoa dirudien gela batean daude Garcin, Ines eta Estelle izeneko pertsonaiak. Tximinia bat, brontzezko irudi batekin, hiru kanape eta eskutitzak irekitzeko sastakai bat; besterik ez da bertan. Bigarren inperioko estilora dekoratuta dago guztia. Ez oherik. Ez komunik. Ez leihorik. Ez eta ispilurik ere. Baina haien beharrik ere ez dute, pertsonaia guztiak jadanik hilda daudelako. Maiordomo batek lagunduta sartzen dira gelara, bata bestearen atzetik, beste bi ezezagunekin batera eternitatea pasatzera. Lau horma horien artean harrapatuta daude. Egitekorik gabe. Egonean. Beren barne mamuekin borrokan. Hiru pertsonaiak, Samuel Becketek urte batzuk geroago Godoten esperoan antzezlanean deskribatuko zuen etenik gabeko itxaronaldi jasanezin horretan hondoratuta. Are, Garcin pertsonaia berehala ohartzen denez, begiak kliskatzeko aukerarik gabe. «Argitasun beltz txiki bat, oihal moduko bat jaisten da eta berriz ere igo, eta hortxe etena. Begiek hezetasuna berreskuratzen dute, eta mundua hustu egiten da. Ez dakizu ze freskagarria zen. Lau mila atsedenaldi, ordubetean. Lau mila ebasio txiki. Eta lau mila diodanean, diot... Beraz? Betazalik gabe biziko naiz? Ba, noski. Betazalik gabe, lorik egin gabe: dena izango da bat. Ez naiz berriz sekula lokartuko... Nola jasango dut neure burua?».

Umorezko antzezlan bat egin uste zuen Sartrek, eta izan, baditu bere puntuak piezak, hasiera aldera, batez ere. Baina umore beltzetik pixkanaka beltz erabatekorantz doa egoera, eta ezin itogarriagoa da amaiera.

Errekasto paraleloak

Sartrek 1944an idatzi zuen lana, eta urte bereko maiatzaren 27an estreinatu zuten, Raymond Rouleau zuzendariak gidatuta, Vieux-Colombier antzokian, Paris artean nazien okupazio pean zegoela. Urte batzuk falta dira oraindik Sartre intelektual engaiatuaren nazioarteko erabateko ikur bilakatu arte, baina aski ezaguna zen jadanik haren izena: Goragalea eleberri entzutetsua argitaratua zuen ordurako, eta Izatea eta Ezereza liburu mardulean bilduta zituen jadanik bere ildo filosofikoaren zutabe nagusiak ere. Antzezlana baino urtebete lehenago eman zuen argitara azken hori, gainera, eta nabarmenak dira lan intelektual horren arrastoak antzezlaneko hainbat pasartetan.

Idazlearen ibilbidean ohikoa izan zenez, kasu honetan ere bere ideia existentzialistak mugimenduan erakusteko darabil literatura idazleak, eta, horregatik, kasik pentsalariaren ahotsean entzun daitezke pertsonaiek esaten dituzten hainbat esaldi. Garcinen ahotan doa gogoeta hau, esaterako: «Epaitu al dezakegu bizitza oso bat ekintza bakar bategatik?». Eta tarte batera dator ondorengo beste esaldi hau, oraingoan Inesen ahotan: «Ez gara geure bizitza baizik».

Are gehiago, paraleloan doazen bi errekasto balira bezala irakurri daitezke Huis Clos antzezlana eta 2017an euskarara itzulitako Begirada liburuxkako gogoetak, Juanmari Agirreurretak itzuliak. Izatea eta ezereza liburuko pasarte bat da, berez, Jakin aldizkariak argitaratutako testua, eta, hain zuzen, begirada da haren gaia. Besteak beste, besteen begiradapean bizitzeak norbere askatasuna nola makurrarazten duen aztertzen du bertan Sartre filosofoak. Eta gai bera darabil Sartre antzerkigileak.

Gaizki-ulertuak

Printzipioz, eternalki torturatuko dituen borreroa topatzeko beldurrez sartzen dira hiru pertsonaiak Sartrek hotel itxuraz irudikatutako infernura, baina berehala ohartuko dira euren benetako kondena zein den: eternitatea beste bi pertsonaien begiradapean pasatu behar izatea. Erru guztiak elkarren bistara, eta elkarrekiko erruki tantarik gabe, krudel jokatuko dute batak bestearekin. Gero eta krudelago, antzezlanak aurrera egin ahala. Bata bestearen epaiaren menpe egongo dira betirako, eta, munduarekiko loturak ahultzen joan ahala, baita bata bestearen begiradak eutsita ere. Besteen begietan koldar sentituz Garcin. Beste bien erdeinua jasatera kondenatuta Ines. Eta Garcinen desio begirada edonola piztearren edozertarako prest Estelle.

Hainbat aldiz moldatu dute antzezlana zinemarako, eta Jaqueline Audry zuzendariak 1954. urtean egindako egokitzapena da sonatuenetako bat. Baina, espero zitekeenez, Sartre ez zen beti erabat konforme gelditu besteek bere obraz egindako irakurketekin eta emandako epaiekin. «'Besteak dira infernua', beti ulertu da gaizki esaldi hori», aitortu zuen, adibidez, antzezlanari buruzko gogoetak biltzen zituen 1964ko grabazio batean. «Munduan bada besteen epaiaren menpeegi bizi den jende multzo bat. Baina horrek ez du esan nahi ezin dugunik besteekin bestelako harremanik eduki. Esaldi horrek gainontzeko guztiek gutako bakoitzarengan duten garrantzia nabarmentzen du, ez besterik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.