Ruper Ordorika. Musikaria

«Hasierako motibazio eta nahi berak ditut, formalki aldatu arren»

Lehenengo diskoa atera zuenetik 40 urte betetzear direla, Ruper Ordorikak bidea egiten segitzen du. Iaz kaleratu zuen 'Bakarka' diskoa, eta zuzenekoa argitaratuko du udazkenean. Gaur Donostian ariko da.

GORKA RUBIO / FOKU.
mikel lizarralde
Astigarraga
2019ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Donostiako Martutene auzoan aritu da entseatzen Ruper Ordorika (Oñati, Gipuzkoa, 1956) gaur Kursaaleko auditoriumean (19:00) emango duen kontzertuaren aurreko egunetan. Abenduan Bilboko Kafe Antzokian zuzeneko disko berri bat grabatzeko ondoan izan zuen talde berarekin: Arkaitz Miner (gitarra, mandolina, biolina), Lutxo Neira (baxua eta kontrabaxua), Hasier Oleaga (bateria) eta David Soler (pedal steel eta gitarra). Badaki ez dela nolanahiko plaza gaur zapalduko duena: «Halako emanaldiak ohikotik ateratzen dira, eta lan bat eskatzen dute. Baina inoiz ez dakizu noiz iritsiko diren horrelako eskaintzak». Kursaaleko kubo txikia inauguratzeko kontzertua Ordorikak eman zuen. Areto handian, berriz, ez du inoiz jo.

Udazkenean, zure ibilbideko hamabi kantu berreskuratu zenituen Bakarka diskoan, eta zuzeneko lan bat ere grabatu zenuen. Ziklo baten amaieran edo beste baten hasieran kokatzen zaituzte bi lan horiek?

Ez dakit... Egun batetik bestera erabaki nuen bakarkako diskoa egingo nuela, eta disko hori gehiago lotzen dut duela bizpahiru urte hasitako bakarkako bidearekin. Eskarmentu horrekin erabaki nuen diskoa grabatzea. Eta zuzenekoari dagokionez, hirugarrena izango da hau. Aurreko biek balio izan didate aurrera egiteko. Taldea aldatzeko edo erabaki inportanteak hartzeko. Baina kasu honetan ez dakit... Sentitzen nuen bazirela kantu batzuk beste era batera egiten genituenak taldean, eta aukera zen hori erakusteko.

Aurreko zuzeneko bi diskoak bai, haietako bakoitza izan zen ziklo baten amaiera. Taldekideak ere aldatu zenituen.

Momentuz ez daukat halako asmorik. Orain bakarka ari naiz. Eta taldearekin ere baditut kontzertu handi batzuk... Aurten ez dut erabaki handirik hartuko.

Zuzeneko diskoak ez dira oso estimatuak artisten artean, baina zuk hirugarrena grabatu duzu. Une jakin baten lekukotasuna bilatuta?

Nik beste jendeen zuzeneko disko gutxi ditut. Baina maite ditudan musikarienak bai. Gainera, nire esperientzia oso ona izan da zentzu horretan.

Hamar T'erdietan [2008] Gaur-en [2000] osagarria zen, kantu zerrenda erabat ezberdina baitzen. Lan berriarekin nola jokatuko duzu?

Berdin-berdin. Disko honetan aurrekoetan azaltzen ez direnak jasoko ditugu. Antzokiko kontzertuetan kantu asko jo genituen, baina hiru orduko kontzertu bat eginda, aukera daukat aukeraketa bat egiteko diskorako.

Azaldu duzu ez duzula asmo jakinik aurrera begira, baina luzera begiratzea gustatzen zaizu?

Ahal bezala ibiltzen gara. Esaterako, bakarkako diskoa hor ibili da bueltaka urte batzuk, baina une batean erabaki egin nuen egitea. Eta gauza bera gertatzen da beste askotan ere. Baditut ideia batzuk hurbil, baina etorri bezala aritzen naiz... Ez dut izaten oso urrutirako asmorik. Gehiago aritzea eta gehiago ikastea, hori da nire nahia. Ibiltzearen ondorio dira diskoak, ez ibiltzearen arrazoia.

Bakarka-k emango zizun aukera atzera begiratzeko. Zerbait bilatu duzu?

Nire kantuak jotzea ez da atzera begiratzea. Azken batean, taldean jotzea ez da Ruper gehi musikari batzuk eta konponketa batzuk, baizik eta beste soinu bat, beste esparru bat. Bakarka ere berdin. Kantuak aldatzen ditut, uzten ditut ez ditudalako sentitzen nahi bezala... Aldiro hartzen dut kantu bat, kantatzen dut, ikusten badut ez dela ondo gauzatzen, pentsatzen dut zergatik den... Kantuak errebisatzea normala iruditzen zait. Nik egiten dudana hori da.

Bakarka-rako hamabi kantu aukeratzea ez zitzaizun erraza izango.

Asko kendu nituen. Eta batzuk, onartu behar dut, sartu nituen nire ondokoen esanetara [barrez]. Batzuetan, nire joera izaten da oso barrutik begiratzekoa, nire ofiziotik, eta ahaztu egiten dut zer den kantua bera. Halakoetan ez dituzu ondo baloratzen eginahal berezirik gabe egiten dituzun horiek. Eta, hain justu, hori da ondokoak entzun nahi duena.

Bakarka-n jaso dituzun kantuak aurretik grabatuak zenituen beste konponketa batzuekin. Zaila izan da kantua bera, oinarria, berreskuratzeko prozesua?

Batzuetan bai. Baina beti jokatzen dut kantuaren alde. Egia da niretzat disko hau etorri zela arrisku sentsazio handiarekin, zeren eta musikari eta letragile handien ondoan, askotan, gu ezkutatu egiten gara. Babesa ematen digute. Eta halako kasu batean biluzik jartzen zaitu diskoak.

Zure diskoak entzuteko ohiturarik baduzu?

Ez. Berriki gauza jakinetarako jo dut haietara, baina ez.

Zergatik?

Argazki zaharrak begiratzen ez ditudan bezala. Ez dut joera hori. Asko dira diskoak, eta badakit bakoitzera iristeko nondik pasatu behar izan nuen edo zer lan egin behar izan genituen. Baina dena iruditzen zait aldagarri; dena egin genezakeen beste era batera. Hor daude diskoak, eta gure eginahal guztiak daude jasota lan horietan. Baita gure grinak ere. Baina begira, zuzeneko diskoek betetzen dute lan hori. Kantuak eramaten dituzte beste norabait, bat-batekotasunarekin eta zuzenekoen baldintzekin. Zuzenean galtzen duzu ñabardura, baina gauza izanez gero horko energiaren puska bat transmititzeko... Horrek balio handia du. Eta bada modu bat kantu batzuk seinalatzeko, beti direlako oharkabean pasatzen direnak. Beste batzuk zuzenean ez dira ondo gauzatzen, eta beste batzuek, berriz, gora egiten dute, gehienetan jendeari esker. Inoiz ez dakizu zein kantu gailenduko den. Dabilen harria [1998] egin genuenean, ez zuen jende askok esango Martin Larralde izango zenik orain dena. Edo Zaindu maite duzun hori...

Atzera begiratzeko joera ez izan arren, sentituko duzu zure konposatzeko modua aldatu dela.

Nabarmen da. Baina uste dut hasierako nahi eta motibazio bertsuak dauzkadala. Segur aski, formalki aldatu naiz, baina iruditzen zait kantuaren aurreko nahi horrek hasieratik hor dirauela.

Hala ere, azkeneko urteetan kantuek zentraltasun bat hartu dute. Bihotzerreak [1985] edo Ez da posible-ren [1990] garaian, moldaketek beste norabait eramaten zituzten kantuak.

Kantuak asko balio du, baina nola ematen den ere oso inportantea da. Horrekin lotuko nuke esaten didazun hori, garai batean egiten genituen nahasketekin eta abar. Asko miresten ditudan musikariekin jo izan dudanean, askotan egon izan naiz haiei entzuten, nirea egiten baino. Oso berandu konturatu nintzen gu entzutera zetorrenak asko estimatuko zituela gauza formalak, baina, agian, kantua entzun nahi zuela beste ezeren gainetik. Musikari handiekin grabatu dut, eta horiekin ikasgai handi bat ikasi dut. Zenbat eta musikari handiagoa izan, orduan eta gutxiago sentitzen du erakutsi beharra. Beti kantuaren alde egiten du; ez du beharrik berea erakusteko. Horrek erakutsi dit zer den funtsezkoa. Eta funtsezkoa da materiala, kantua.

Horrek garbiketa handia eskatzen dizu?

Nik bakarka egiten dut lan beti. Eta horrek eskatzen du libertatearekin jokatzea. Musikariekin elkartzean, onartzea mila modutara uler daitekeela kantua. Abagunea eman behar duzu hori gerta dadin. Hasi gabe hasieratik esaten nola egin behar diren edo egin behar ez diren gauzak. Hori ez da egun batetik bestera ikasten. Baina niretzat aurrerabide handi bat izan da, hortik topatu ditudalako pentsatuko ez nituzkeen bideak.

Kantuak egitean eta grabatzean badakizu zeren bila zoazen?

Uste dut garbiago dudala zer nahi ez dudan, baina bai... Adibidez, Guria ostatuan-en [2016] dena kontrabaxuarekin grabatu nahi nuen, eta horrek izugarri markatzen du disko osoa, gela batean grabatzean interakzio jakin bat eskatzen duelako. Memoriaren mapa [2006], berriz, bakarrik grabatu nuen, eta gero musikarien lana gainean sartu genuen... Esango nuke disko guztiak egin ditudala modu ezberdinean, eta hori bera ere bada bilaketa bat. Nire kasuan etengabea da bilaketa. Orain... esatea bukaera garbi daukadala... hori ezin daiteke egin. Azken batean, badago arlo tekniko bat asko baldintzatzen duena. Hori ez duzu sekula guztiz kontrolatzen, eta hori orain inoiz baino gutxiago, gaudelako sekulako aldaketen garaian. Eta horrek musikari erabat eragiten dio. Estandarizatu du errorea, eta gaur egun oso zaila da forma aldetik disko txarra izango den bat aurkitzea. Badaudelako akatsak zuzentzeko hamaika modu. Ni saiatzen naiz zintan grabatzen, maite dudalako, baina gero hori manipulatzeko aukera izatea ederra da oso. Beldurra galtzen diozu estudioari. Baina grabatzen duzunean zinta batekin, badakizu hor dagoela hil ala bizikoa. Ez dituzu jotzen lau konpas, eta gero horiek biderkatu edo horiei itzulia eman; jotzen duzu une bat harrapatzeko,

Urteak daramatzazu New Yorkeko musikariekin grabatzen. Zer ikasi duzu haiengandik?

Hori ere bada bitxikeria bat. Musikari batzuekin eta besteekin grabatu izan dut, eta nire kantuek esaten didate hori gauza ona dela beraientzat. Maite dute horrela gerta dadin. Urteetan ibili nintzen Ameriketara joan eta etorri, eta, horren ondorioz, harreman batzuk egin nituen, gehienak gaur egun musikari handi-handiak direnekin. Orduan ere musikari handiak ziren, baina orain, gainera, ospea dute. Eta mantentzen dut harreman hori. Eta badut, gainera, Brooklynen estudioa duen lagun zahar bat [Andy Tomassi]. Pentsa, Kennyrekin [Wollesen, bateria jotzailea] zazpi disko egin ditut dagoeneko! Nire kantuei on egin diela uste dut.

Garai batean, Ben Monder gitarrista oso hurbileko izan zenuen.Azken disko guztietan, berriz, gitarrista aldatu duzu. Soinu jakin batzuen bila?

Benek eraldatu egin zuen nire soinua So ik'so [1995] eta Dabilen harria diskoetan.Haizea garizumakoa [2009] dugu azken diskoa elkarrekin, baina gero New Yorken kontzertu bat eman genuen elkarrekin biok. Eta orain pentsatzen dut inoiz egiten badut disko bat berarekin, behar duela biona izan. Zeren eta nire kantuek eskatzen ziotena eman zien jada Benek. Ez dut baztertzen disko hori egitea bion artean. Kasu horretan, erabaki musikala bere esku utziko nuke; kantuak solte utzita.

Hala egingo zenukeen lehenengo aldia litzateke.

Bai. Eta disko entzungaitza izango litzateke! [barrez]. Ben dabil bere estratosferan! Duela pare bat urte ikusi nuen bera bakarrik kontzertu batean, eta izan zen ikaragarria.

Hurrengo urtean beteko dira 40 urte Hautsi da anphora kaleratu zenuenetik, eta badirudi gaur egun artista kontsakratua zarela euskal musikaren mundu txiki honetan. Nola ikusten duzu posizio horretatik kultur mundu txiki horren egoera?

Gure langintza honek kemen handia eskatzen du, eta musikariak behar du sinetsi egiten duen horretan. Baina musikariaren mundu erreala oso babesgabea da, eta ez dirudi etorkizun errazeko langintza denik. Ez Euskal Herrian, ez beste inon. Gehiago esango dut: uste dut euskaldun jendeak betidanik izan duela zaletasun handi bat musikarekiko. Kantuak oraindik biltzen du erritual ikaragarri bat, zer esanik ez hizkuntza ezbaian dagoen lekuetan. Iparralde osoan, adibidez. Kantua da, ia-ia, euskarri bat. Ikusten ahal dituzu Miarritze rugby taldeko jarraitzaileak Txoria txori kantatzen deus ulertu gabe. Baina diskoen industria suntsitua dago, eta ahal bezala ari gara. Zentzu horretan. gure eginkizuna ez da aldatu. Hasieran bezala, duintasunez lan egiteko gogoz gaude. Entzuleak diren bitartean, segituko dugu.

So' ik so' diskotik hasi eta gaur egun arte, bizpahiru urtetik behin argitaratu duzu kantu berriz osatutako diskoren bat. Guria ostatuan 2016an kaleratu zenuela kontuan izanda, aurten disko berri bat egokitzen zaizu...

[Barrez] Baliteke hala izatea bai... Badut asmo bat zaila dena gauzatzeko, baina ezin dezaket oraindik aipatu. Baditut kantu berri batzuk, baina ez dut garbi ikusten nola egin behar dudan. Horretan nabil. Eta, aldi berean, Guria ostatuan eta gero pentsatu nuen: noiz arte aritu naiteke bide honetan? Badakizu, denok dauzkagu mesanotxeak liburuz beteak, eta batzuetan badut sentsazio bat, ea gure diskoak ez diren bilakatuko mesanotxeko liburu horiek bezala, biharko uzten ditugunak. Eta, tartean behin, sentitzen duzu ganbara bete behar duzula, eta denbora hartu behar duzula horretarako: irakurtzeko, musika entzuteko. Aurrera egiteko. Saiatuko naiz aurten zerbait grabatzen, baina oraindik argitaratzeko asmorik gabe.

Oraingoz, hurrengo argitalpena zuzeneko diskoa izango da. Udazkenerako?

Bai, hori da asmoa. Gainera, 25 urte betetzen dituenez, Kafe Antzokikoek biniloan aterako dute, beste bi zuzenekoekin batera. Ireki zutenetik urtero-urtero jo izan dut han. Niretzat plaza berezi bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.