URREZKO LETREN TUTERA

Espezialisten artean soilik dira ezagun Yehuda Halevi eta Benjamin Tuterakoa idazleen izenak, baina Erdi Aroko hebreerazko literaturan garrantzitsuak dira Tuteran jaiotako bi idazleon lanak. Gainera, Nafarroako hiri horretan bizi izandako kristauen, musulmanen eta juduen arteko elkarbizitza giroaren berri ematen dute haien lanek.

Tuterako erdiguneko irudi bat, eguzkiaren lehen printzek argituta. VILLAR LOPEZ / EFE.
Inigo Astiz
2019ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Euskal Herriko autore gutxik dute haien pareko pisurik nazioarteko literaturan, eta, halere, apenas altxatzen diren haien izenak zurrumurru baten gainetik espezialisten zirkuluetatik kanpo. Yehuda Halevi da bata (Tutera, Nafarroa, 1070-Palestina, 1141), eta Benjamin Tuterakoa da bestea (Tutera, Nafarroa, 1130-1173). Idazleak biak. Tuterarrak biak. Juduak biak. Eta biak erreferentziazko izenak Erdi Aroko hebreerazko literaturaren historian. Berritasun handia izan ziren, esaterako, Halevik arabiar formak baliatuz idatzitako poema erlijioso eta sekularrak, eta Marco Polok bere bidaien nondik norakoak kontatu baino ia ehun urte lehenago eman zuen argitara Benjaminek Bidaien liburua, kontatuz nola egin zuen hamalau urteko bidaia Tuteratik Bagdaderaino eta buelta. Xabier Kintanaren itzulpenei esker, euskaraz irakur daitezke bi egileak, eta biak ala biak dira XII. mendeko Nafarroako Erresumaren hegoaldeko hirian bizi izandako kultura arabiar, judu eta kristauaren bizikidetzaren froga.

«[Bernart] Etxepare ez da ezarri behar euskal literaturaren hasiera gisa». Inorekin hasi behar izatekotan, Halevirekin eta Benjamin Tuterakoarekin hasi beharko luke euskal literaturaren historiak, Joseba Gabilondo Michigango Unibertsitateko irakasle, filologo eta idazlearen hitzetan, baldin eta euskaraz gain Euskal Herrian egon diren hizkuntza guztietako literaturak kontuan hartuko lituzkeen literaturen historia bat egin behar balitz; eta, hain zuzen ere, horixe proposatu zuen berak Before Babel: A History of Basque Literatures liburuan (2016). Euskal Herriko hizkuntza guztietan egindako literatura guztiak batera azaltzea. Eta horregatik egin zuen Etxeparez harago begiratzeko proposamena BERRIA egunkariari emandako elkarrizketan. Probokazio puntu batekin, seguruenik.

Lehen mailako garrantzia dute Halevik eta Benjaminek Gabilondoren ustez, eta horregatik abiatzen du kontakizuna haiekin. Euskal Herriari buruz idatzi zuten Ameryc Picaud eta beste bisitari batzuk doaz lehenik liburuan, eta Tuteran jaiotako idazleak ondoren. Historiaren hasieran.

Haien lanen kalitateaz gainera, testu horiek posible egin zituen testuingurua ere nabarmentzen du, gainera. Dioenez, bizi izan zuten garaiaren berri ere ematen digutelako haien lanek. «XI. eta XII. mendeetan hainbat hizkuntza hitz egiten ziren Tuteran: euskara, erromantzea (nafarra, aragoiarra eta gaztelarra), latina, hebreera eta arabiera».

Eta igarri daitezke kultur nahasketa horren arrastoak bi idazleen testuetan.

Halevirena da kasurik argiena. Tuteran jaio, heziketa judu eta arabiarra jaso, eta, adituek diotenez, gazte egin zuen bidea Al Andalusera. Han idatzi zituen bere lanik gehienak. Arabieraz idatzi zuen Kuzari liburua, adibidez, hizkuntza horretan ere judaismoaren defentsa egiteko, baina arabiar kutsuko poemak ere idatzi zituen hebreeraz, eta garai hartako mozarabieraz, erromantzez edo arabieraz abesten ziren herri hizkerako kanta zatiak ere bildu zituen bere lanetan.

Helmugaren atarian

Kultur bidegurutze moduko baten erdi-erdian kokatzen du idazlea, esaterako, Aviva Doron Erdi Aroko literaturan aditu eta Israelgo Haifa unibertsitateko irakasleak, Haleviri eskainitako azterketetan. «Andalustarrak dira darabiltzan lehengai poetikoak, eta arabiar poesia klasikoa du oinarri, baina Bibliako hebreera da erabiltzen duen hizkuntza, horrek dakartzan lotura linguistiko eta literario guztiekin».

400 poema liturgiko inguru ezagutzen zaizkio Haleviri, eta beste hainbeste sekular; bigarren talde horretan kokatzen diren itsas poemak dira haren lanik nabarmenenak. Palestinara joateko desira da haren poetikaren ardatz nagusia, baina badu berezitasun bat hor ere: gogo hori ez baita soilik haren poema liturgikoetan aipatzen, baita poema sekularretan ere. Biografiarekin nahasian, alegia. Sionismoaren aitzindari izan zela aipatzen du Gabilondok bere liburuan, eta etengabea da poetaren ahotan, haren sinesmenen arabera, jainkoak juduei promes egindako lurrera «itzultzeko» grina.

Eta hil ere, Jerusalemera iritsi aurre-aurrean hil zen. Arrotz. Tuterako sehaskatik urrun, helmuga espiritualaren atarian.

Bere poemarik gardenetariko batean, Halevi prest azaltzen da Iberian ezagututako edertasunari uko egiteko, baldin eta bere ametsetako lurraren hondakin ziztrinenak ezagutzeko balio badio: «Ene bihotza ekialdean da eta ni, berriz, mendebalde muturrean./ Nola dastatuko dut jakien gozotasuna?/ Nola nitzake neure botoak, neure promesak, bete/ Sion edomdarrek zanpatua badago, eta ni arabiarren menpean?/ Ez litzaidake neke izanen Sefaradeko edertasun guztiari uko egitea,/ Tenpluko hondakinen hautsari begiratu ahal izatearen truke».

Haizearen hegaletan antologian bildu zituzten haren poema nagusietako batzuk, 2002an, eta bertan dator Haleviren lanturua. Xabier Kintanak itzulita, eta Euskaltzaindiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak argitaratuta, urte hartan Tuteran egindako Nafarroa Oinez festaren arrimuan. Sarean kontsulta daiteke lana osorik, eta, Kintanak hitzaurrean onartzen duenez, «berariaz ezkutaturiko iragana» aldarrikatzea izan zen haren asmoa.

Gogoratzeko modukoak baitira bi idazle nafarron lorpenak.

«Lehenik Tuteratik, neure hiritik irten nintzen, Zaragozako hirira joan eta, Ebro ibaiaren ibilbidetik Tortosaraino jaitsi nintzen». Esaldi telegrafiko horrekin abiatzen da Benjamin Tuterakoaren Bidaien liburua. Gutxienez, hebreeraz, arameraz, grekoz, latinez eta arabieraz mintzo zen egilea, eta luzea da egindako bidaian bisitatu zituen 190 hiri eta herrialdeen zerrenda ere: Zaragoza, Marseilla, Genova, Pisa, Erroma, Kios, Konstantinopla, Antiokia, Tiro, Jerusalem, Damasko, Bagdad, Alepo, Mosul, Kairo, Alexandria, Sizilia, Palermo... Guztietan bisitatu zituen judu komunitateak, eta haien berri zehatza biltzen du liburuko oharretan; izen, abizen eta bizi baldintzei buruzko jakinarazpen eta guzti.

Benjaminek kontatzen duenez, Konstantinoplan, esaterako, juduek «ez dute zilegi zaldi gainean ibiltzea»; Tesalonikan, «zapalduak bizi dira»; eta Erroman, berriz, «errespetuz tratatuak». Herrialdez herrialde, komunitatez komunitate, hebreera izan zuen Benjaminek bidaietako lingua franca.

Bidaiaren arrazoi lainotsua

Tuteratik abiatu, eta India, Zeilan eta Txinari buruzko aipamenak egitera iritsi zen Benjamin. Europan lehenengoa izan zen Txina aipatzen, eta haren oharren zehaztasuna goraipatzen dute adituek; batez ere, ehun urteren buruan Marco Polok egingo zituen bidaia deskribapen fantasiotsuagoekin alderatuz gero. 1165. edo 1166. urtean utzi zuen Tutera, eta 1172an edo 1173an itzuli zen sorterrira.

Baina zergatik egin zuen bidaia hura?

Hamaika ikerlarik egin dio galdera hori bere buruari, baina, hamar menderen ostean, erabat argitu gabe segitzen du misterioak.

Hipotesirik ez da falta. Merkataritza gida baten itxura hartzen diote zenbaitek, esaterako, zorrotzak direlako hiri bakoitzetik bestera joateko behar diren bidaia egunen zehaztapenak, eta zabal deskribatzen dituelako leku bateko eta besteko harribitxiak. Baina bada Benjaminen testuan juduen komunitatearen batasuna aldarrikatzeko nahia ikusten duenik ere, eta aurreragoko lan osoago baten zirriborrotzat ere jotzen dute beste batzuek liburua, testuaren estilo telegrafikoagatik.

Liburuan dena ez da datu, ordea, eta badira kontakizunari kolorea ematen dioten pasarte batzuk. Adibidez, bereziki bisualak dira Nilo ibaiaren igoera neurtzeko marmolezko zutabe bati buruzko deskribapenak. Eta zinez bisualak dira Errusiako hotzari buruzkoak. «Hotzagatik inor ez da bere etxeko atetik irteten neguko egunetan, eta gizon batzuei sudurraren punta erortzen zaie hango izotz handiagatik».

Baina ez dira soilik Halevi eta Benjamin Tuterakoa. Bizitasun handiko giro baten berri ematen digute garaitsu hartan Tuteran jaiotako beste idazleek ere. Tartean dira, besteak beste, arabieraz idazten zuen Tuterako itsua (Tutera, 1092-Sevilla, 1126) eta Abraham ibn Ezra sendagile, olerkari, gramatikari, matematikari, filosofo eta astronomo judua ere (Tutera, 1089-Calahorra, 1167). Bakoitza bere hizkuntzan, baina idazle sare oparo samar baten berri ematen dute izenok guztiok bata bestearen elkarren ondoan jarrita.

Tuterak egin zuen hori posible, Rikarte Zierbide Nafarroako hizkuntza erromantzeen ikerlari eta Euskal Herriko Unibertsitateko katedradunaren arabera. Bizikidetza sasoi baten erretratua egin zuen Bidaien liburua-ren euskarazko itzulpeneko hitzaurrean. «Erdi Aroko Nafarroan, eta bereziki XII. mendeko Tuteran, kristau, judu eta mairuen artean nabari zen kultur bizikidetasun honetan uler daiteke, bere testuinguru osoan, Benjamin Tuterakoaren obra miresgarria». Eta antzera Haleviren eta beste idazleen kasuan ere.

Banu Qasi leinuarekin tratua egina zuen Iñigo Aritza Iruñeko erregeak 816an, eta hitzarmen haren ondorioz musulmanek kudeatu zuten Tutera, harik eta 1119an Nafarroako Alfontso Lehena erregeak hiria konkistatu, eta kristau bilakatu zuen arte. Harresietatik kanpo bidali zituen hiriko musulmanak, baina ez juduak. Artean, bizirik zegoen Halevi, aldaketa horiek guztiak gertatu zirenean, nahiz eta ordurako jadanik Al Andalusen egon. Eta, aldiz, Tutera kristauan sortu zen Benjamin, baina biek ezagutu zuten inguruko herriak baino nabarmen kosmopolitagoa zen hiri bat.

Iheslarien babesleku

«Nafarroako Erresuma iheska zebiltzan juduentzako babeslekua izan zen», laburbiltzen du Zierbidek.

Frantziatik, Akitaniatik, Gaztelatik eta Aragoitik kanporatutako juduak onartu zituen Nafarroak XI. eta XII. mendeen buelta hartan. Baziren lehenago ere judu elkarteak Arnedon, Calahorran eta Naiaran, baina 1112. urtean eskuratu zuten erresumako edozein lekutan ezartzeko eta hilerri propio bat edukitzeko eskubidea aitortzen zien forua. Sinagogak, Talmud eskolak eta auzitegi propioak zituzten Tuteran, adibidez, eta haien auzoak kudeatzen zituen gobernu propio moduko bat ere bazeukaten. Egun katedrala dagoen lekuan bertan zuten sinagoga nagusia, esaterako, eta, Zierbidek dioenez, juduek zuten prestakuntza kulturalik nabarmenena. «Kristauen artean analfabetismoa erabat hedaturik zegoen garai hartan; juduek, aldiz, alhametan beren hizkuntza sakratua irakurtzen, idazten eta mintzatzen ikasten zuten».

Idealismorik ez, ordea. Baziren gatazkak, eta helduko ziren juduen aurkako jazarpen urteak ere. 1149an kaleratu zituzten Al Andalusetik, eta Nafarroako Erresuman ere 1328an hasi zen haien aurkako pertsekuzioa. Eta horrekin kontrastean, horregatik, urrezko letren Tutera bat igar daiteke Haleviren eta Benjaminen hebreerazko letren arteko zirrikituen atzean apal dir-dirka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.