Durangoko 56. Azoka. Talaia

Bidea urratzeko lanabesak

Sortzaileei euren jardunean laguntzeko zenbait tresna azaldu dituzte mahai inguru batean: egile eskubideei, kontratazioari eta zabalkundeari buruzko argibideak eman dituzte

Myriam Miranda, Igor Muniategi, Amaia Ozerin eta Maite Bidarte, atzo, Landako guneko areto nagusian. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Andoni Imaz.
Durango
2021eko abenduaren 5a
00:00
Entzun
«Sortzailea izatea gauza bat da, eta profesionala izatea beste bat». Askotariko diziplinetan aritzen diren sortzaileek sumatu ohi dute ez dutela nahikoa tresnarik euren jarduna era profesionalean egin ahal izateko. Horretarako antolatu dituzte DA! Pro jardunaldiak Durangoko Azokan, eta, horien barruan, sormen lanen egile eskubideei, kontratazioari eta komunikazioari buruzko mahai inguru bat egin zuten atzo, Sortzaileek bide profesionala egiteko baliabideak izenekoa. Han izan ziren Igor Muniategi Ekki Euskal Kulturgileen Kidegoaren kontrol batzordeko kidea, Myriam Miranda Musikari elkarteko koordinatzailea eta Amaia Ozerin kultur industrietako komunikazioan aditua. Maite Bidarte kazetaria aritu zen gidari.

Zer eskubide du sortzaile batek? Nola egiten du lan? Eta nola eman behar luke egindakoaren berri sarean? Hasteko, hizlari guztiek nabarmendu dute lan asko dagoela egiteko; pandemiak areagotu egin ditu sektoreak lehenagotik zituen gaitzak, eta uste dute balio izan duela, bere txarrean, sortzaileen lan egoerari buruzko kezka pizteko hainbat jenderen artean.

Jabetza intelektualaren eremuan, Muniategiren arabera, lehen zeregina izaten da jabetza bera egon badagoela gogoan izatea. «Ez denez ondasun bat, kosta egiten da ulertzen». Eta egileak eskubide batzuk ditu haren gain. Batzuk moralak dira, obraren jatorriari buruzko eskubide ukaezinak, eta besteak, berriz, ekonomikoak: erreproduzitzeko, banatzeko, jendaurrean erakusteko, moldatzeko...

Muniategik aholku bat eman die sortzaile guztiei: «Gauzak ondo egin behar dira, eta une egokian. Bestela, arazoek konponbide zaila izaten dute». Obrak erregistratzea «naturalizatu» beharreko zerbait da, haren ustez: «Etxebizitza bat erostean, inori ez zaio burutik pasatzen ez eramatea erregistrora, eta ume jaioberri batekin ere ez». Ondoren, ordea, erregistratutako obren gaineko eskubideak bete daitezen, tresnak behar dira. Eta horretan ari da Ekki.

2014an sortu zuten Ekki, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sortzaileen egile eskubideak kudeatzeko. Gaur egun, 260 bazkide ditu, eta 2.000 obra inguru kudeatzen ditu. Iaz, 13.000 euro jaso zituzten, erabiltzaile handi eta txikietatik —EITB tartean da—, eta aurten dagoeneko 20.000 eurotara iritsi dira. «Lanabes bat da, sortzaileak euren ibilbidearen gidari izan daitezen».

Musikari elkartearen lana Euskal Herriko musikariak babestea da, hainbat arlotan. Mirandak azaldu du pandemiak begien bistan jarri dituela lanerako izan ohi dituzten arazoak. «Sektorea erabat desartikulatuta dago; ez araudirik, ez hitzarmenik, ez ezer. Nola antolatu diru laguntzak, orduan? Ezinezkoa da, ekosistematik kanpo daude».

Musikarien kontratuetan jarri du arreta. Bi aukera dituzte lana modu arautuan egiteko: autonomo izatea ala norbaitek kontratatzea. «Autonomoen hileroko kuota ia 300 euro da; lanak ondo joan behar du». Kontratatzaile batekin lan egiteko kasuan, Mirandak uste du haren ardurak eta betebeharrak ez daudela ondo zehaztuta. Kontratu gehienak merkataritza kontratuak izaten dira, gainera, eta ez lan kontratuak. Horretarako, Musikari elkartea bitartekari lanean aritzen da. «Gutxienez, gizarte segurantzan alta emanda daude, kotizatzen dute egun horretan».

Nola gobernatu sarea

Pandemiaren beste eragin bat: aurrez aurreko plazak desagertuta, digitalek are garrantzi handiagoa hartu dute. «Eta, horren erdian, sortzaile asko biluzik zeuden, ez zuten ezer garatuta», esan du Ozerinek. Kontzeptuak argitu ditu, lehenik: komunikatzea informatzea baino gehiago da, informazioa bi aldetakoa delako; publizitatea ordaindu egin behar da; eta marketinak merkatua aztertzen du, hartzailea zein izango den jakiteko. Horien artean mugitzen jakitea ere komeni zaie sortzaileei.

Aldaketa nagusia, ordea, zera da: Interneteko jarraitzaileek zer baino gehiago jakin nahi izaten dutela nola, eta zergatik. Alegia, sortzaileak egindako lana baino zerbait gehiago inporta zaiela zer dagoen lan horren atzean, egileek zer zuten buruan hori sortu dutenean. Denak du bere garrantzia: tonuak, jarrerak, estiloak... Dena da «marka bat».

Ozerinek uste du komunikazio lanak sarri azkenerako uzten direla, denboraren eta ahalaren arabera egiteko, nahiz eta kontrakoa den bide egokia: «Lehenik, helburuak». Zer kontatu nahi duzun, nori kontatu nahi diozun, eta non komeni zaizun hori kontatzea.

Estrategia horiek sare sozialen gainetik egon beharko liratekeela uste du, gainera. «Sare sozialetan, denok gara produktuak; eta baldintzak aldatuz gero, ezer gabe gera gaitezke». Horregatik, beste tresna batzuk aproposagoak izan litezkeela uste du; besteak beste, webguneak, «norberaren etxe digitalak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.