Durangoko 53. Azoka. Irudienea

Soinujolearen familia osoa

'Soinujolearen semea' filma aurrenekoz erakutsi dute Euskal Herrian. Fernando Bernues zuzendaria, Bernardo Atxaga jatorrizko eleberriaren egilea eta aktore ugari bildu dira Durangoko estreinaldira.

Soinujolearen semea pelikulan parte hartu duten aktore ugari izan ziren Durangoko estreinaldian, atzo. E. PORTILLO / FOKU.
itziar ugarte irizar
Durango
2018ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Estreinaldi giro betea zegoen atzo Irudienea atarian. Pelikula baten atzean biltzen den talde handiaren lagin on bat; zuzendaria, gidoilaria, aktoreak banan-banan heldu ahala, elkar agurtzen alfonbra gorriaren gainean. Argazkilarien flash hotsak, herritarrak eszenari begira, eta, oharkabean, hiru lagun kalean jazza egiten, eta giroa biribiltzen. Estreinaldi giroa, itxarondako estreinaldirako: Soinujolearen semea aurrenekoz ikusi ahal izan zen atzo Euskal Herrian, Durangoko Azokako Irudienea gunean.

Hirugarren Soinujolearen semea da filma. Nobela izan zen aurrena; 2003an kaleratu zuen Bernardo Atxagak. Antzezlana etorri zen ondotik; Fernando Bernuesek zuzendu zuen, eta Bernues bera izan da orain istorioa zinemara eraman duena. Denetan, bat bera da ardatza: David eta Joseba lagunen harremana. Euskal Herritik aldendu, eta AEBetara alde egin zuen bizitzera Davidek, eta hilzorian dago orain. Umetako laguna du Joseba, militantzian kide izandakoa, eta bisitan joango zaio AEBetara. Ume zirenetik une horretara arteko ibilbideak osatzen du kontakizuna, eta hala agertuko dira 36ko gerraren itzala, frankismoa, ETA, tortura eta, batez ere, traizioa.

Atzokoa Euskal Herriko estreinaldia izan zen, baina aurrenekoz erakutsi, Huelvako (Espainia) Zinema Iberoamerikarraren 44. jaialdian erakutsi zuten lana, azaroaren azkenetan. Huelvan edo Durangon, ezberdin sentitu zuen lana jendaurrean agertzeko unea Bernuesek. Huelvan, batik bat, jendearen «begirada politikoaz»izan zuen jakin-mina. Izan ere, bai Atxagak nobela aurkeztu zuenean eta bai Bernuesek antzerkirako moldatu zuenean, Espainiako kritikaren zati batek eta zenbait hedabidek «terrorismoa babestea» egotzi zioten. «Antzerkiarekin esan zidaten ETArekin oso barkabera zela, baina ez dut inondik ere hala ikusten».

Ez zuen halakorik aditu, ordea, filma aurrenekoz ikusi zutenen artean; Huelvan filmari harrera «beroa» egin zitzaiolakoan da. «Jendea galdezka hurbildu zen, eta sentsazioa izan nuen iraganeko testuingurua aztertzeko gako batzuk ulertu zirela». Edonola ere, bestela sentitzen zen, atzo, filma Durangon estreinatzean. «Ikusleak bertakoak izatean eta kontatutakoaren parte sentitzean, dimentsio zabalagoa hartzen du lanak, beroagoa, sakonagoa. Horregatik uste dut guk kontatu behar ditugula istorio hauek».

Antzezlanean bezala, Patxo Telleriak idatzi du pelikularen gidoia. «Nobela oso zabala da, eta bai antzerkian eta bai pelikulan, azkenean, muinera jo behar da. Hori jada egina genuen; baina antzerkiaren eremua hitzarena da, eta, orain, irudiarenera eraman behar izan dugu». Antzerkiaren «mugak» ez izatean, «erosoagoa» egin zaio prozesua oraingoan gidoigile eta aktoreari —pelikulan ere azaltzen da Telleria—: «Pelikulan antzezlanean baino pertsonaia eta lokalizazio gehiago sartzeko aukera izan dugu. Alde horretatik, erosoagoa izan da».

Aktore taldean ere asko izan dira antzezlanean aritu zirenak, eta pertsonaia berbera jokatu dutenak. Horien artean, Mireia Gabilondo. Carmen Zaldua Lasa da pelikulan. «Soinujolearen semearen ama», nahiago du hala izendatu. Oraingoan, seme bat ez, hiru izan dituela, hori antzezlaneko Carmenekiko diferentzia. «Pelikulan protagonista bakoitza hiru pertsonaiek jokatu dute, haurtzaroan batek, gaztaroan besteak eta helduaroan hirugarrenak. Eta ama bezala, hirurekin izan dut harremana». Laburrean, «semea galtzen ari dela ikusten duen emakume bat» ikusten du bere pertsonaian. «Orduko Euskal Herriko emakume asko bezalakoa da nirea, isila, dena barrurako gordetzen duena». Eleberria atera zenean, istorio hura kontatzea «beharrezkoa» iruditu zitzaion Gabilondori, eta hori berretsi zuen atzo ere.

«Barne-barnetik»

Lagun biren arteko harremanaren bitartez, Soinujolearen semeak-ek iragan mendeko azken erdia jasotzeko duen erak harrapatu zuen Bernues: «1950-2000. urteen artean, giro soziopolitikoan nola mugitu ginen, 36ko gerratik nola esnatu ginen; hori ez nuen aurretik inon ikusi modu horretan kontatuta. Horrek hunkitu ninduen».

Atxaga ere izan zen atzo estreinaldian. Are, berak aurkeztu zuen filma 200 laguneko areto betearen aurrean. Duela 200 urte Theophile Gautier idazle frantsesa Euskal Herrian izan zenekoari helduz hasi zen. «Euskal Herrianibili, eta ondorenean liburu bat idatzi zuen. Irakurri eta segituan konturatzen gara ez zuela ezer ikusi. Ibili zen gaur turistak ibiltzen diren bezala; oso oso kanpotik, gertaeren, pertsonen eta gizartearen azalaren azala bakarrik ikusiz». Kontrara, Gautier ez bezala, berak Soinujolearen semea idatzi zuenean «barne-barnetik» egin zuela aipatu zuen. Zinema zuzendariak ere berdin jardun duelakoan da: «Bernuesek ere hemengo jendea, bizimodua, lurra ikusi ditu liburuan. Beraz, Soinujolearen semea izeneko film hau ikustera zoazte, eta jakin, behintzat, barrutik sortutako lan bat dela, ez dela kanpotik etorritako idazle edo zinemagile batek egindako lana». Airean utzi zuen filmarekiko iritzia: «Ezin dut esan benetan pentsatzen dudana, ez dut aurreiritzirik sortu nahi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.