Musika

Apokalipsiaren kantu ilunak

Micah P. Hinsonek beste urrats bat egin du americana garaikidean 'When I Shoot at You with Arrows, I Will Shoot to Destroy You' lanean, 24 musikarirekin batera.

Micah P. Hinson AEBetako musikaria, artxiboko irudi batean. BERRIA.
Andoni Imaz.
2019ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Donejakue bidearen buruan, bideari izena ematen dion katedralean, 24 musikari daude harrian zizelkatuta. Apokalipsiaren musikariak dira. Antzinako instrumentu bana dute esku artean, xehetasun ikusgarriz eginak denak. Inor ez da, ordea, musikarik jotzen ari; ez du sekula soinurik atera harri arteko bandak: zain daude. Zortziehun urte daramatzate zain, musika tresnak afinatzen, Done Jakuek besoak noiz altxatuko zain, apokalipsia iragartzearekin batera hari soinua jarriko dion orkestra zuzentzeko. «Zerua eta infernua ekarriko dituzte Lurrera. Apokalipsia ekarriko dute».

Irudi horiek zeharo liluratu zuten Micah P. Hinson musikaria, Santiago de Compostelara (Galizia) egindako bidaietan. Lotura berezia, ia mistikoa du hiriarekin Texasko (AEB) musikariak, eta mistizismo handiarekin sortu duazken diskoa: When I Shoot at You with Arrows, I Will Shoot to Destroy You (Full Time Hobby / Popstock!, 2018). Lana Europan aurkezten ari da, eta asteazkenean Bilboko Kafe Antzokian ariko da, goiko aretoan, 20:30ean.

Kontzertuan bakarrik egongo den arren, banda handi batekin grabatu zuen lana: Micah P. Hinson and the Musicians of the Apocalypse dira. Hinson behin baino gehiagotan gurutzatu izan da apokalipsiaren ideiarekin , diskoaren aurkezpenak dioen moduan: bizkarreko lesio larri bat izan zuen, errepide istripu bortitz bat, «aldi baterako heriotza» besoan, drogekiko maitasuna, drogekiko gorrotoa, barroteen atzean igarotako denbora, buruko arazoak dituen jendearekin batera igarotako denbora. Heriotzak eta birjaiotzak ikusten ditu musikariak bere bizitzan.

Etxean zegoela, Texasen, gaztaroan beretzat garrantzitsuak izandako musikarien bila aritu zen, ikusmoldea aldatu zioten aspaldiko lagunen bila. 2018ko apirilean elkartu ziren guztiak, «hor nonbait, Texas ekialdean». Kopurua ez zen kasualitatea izan: 24 musikari zeuden Hinsonekin batera; apokalipsiaren musikariak ziren. Hiru hilabetean sortutako kantak eraman zituen taldeko buruak: zazpi, zenbaki sakratua. Egun bat eman zuten entseatzen, zer musika tresna non sartu erabakitzen, eta beste egun batean grabatu zuten disko osoa, hasi eta buka. Diskoan ez da 24 musikarien izen-abizenik ageri: «Erabaki zuten, haiengandik milaka kilometrora dauden harrizko musikariek bezala, izenik ez izatea, instrumentuek hitz egin dezaten».

Soinu «organiko» eta analogikoa du zazpi kantako diskoak; prozesuan eta emaitzan nabari da Hinsonek atzeman nahi zuen benetakotasuna. Diskoa zabaltzen duen I Am Looking for the Truth, Not a Knife in the Back kantan, zintaren hotsa ere entzun daiteke. Interpretazioari ematen dio garrantzia musikariak, soinuak berak izan dezakeen kalitateari baino gehiago: «Soinua kaka bat izan arren, hartualdia ona bada, aurrera». Diskoaren grabaketan, sei magnetofono ari ziren aldi berean grabatzen, hainbat nahaste mahairekin lotutako mikrofonoekin. Mahai horietako bat 1970eko hamarkadako Yamaha bat zen. Gero, zinta guztiak hartu zituzten, makina bakarrera pasatu, eta nahasketa egin.

Abesti batzuetan, balantzaka sumatzen dira musikariak, Hinsonen ideiari atzetik heldu nahian. Besteetan, berriz, talde osoaren indarra gailentzen da. Hamabost urteko ibilbidean landu duen americana estilotik jauzi bat eman du musikariak azken diskoan, eta soinu elektrikoetan jarri du arreta. Estridentziara hurbiltzen da, gitarra astunekin eta erritmo sendoekin. Badu gitarra akustikoarekin soilik abestutako balada pare bat ere: Fuck Your Wisdom eta My Blood Will Call Out to You from the Ground. Halere, bost minututik gorako kanta sakonek jasotzen dute ondoen diskoaren izaera orokorra.

Tempo ertaineko I Am Looking For the Truth, Not a Knife in the Back kanta lasaiak zabaltzen du diskoa, eta segidan doa The Sleep of the Damned: folk melodia bat abesten du distortsiodun ahots grabearekin, gitarra eta organoa oinarri. «Zergatik kezkatu kidea ez banaiz?», dio, etsipenez, Fuck Your Wisdom-en. Diskoaren izen bereko abestia dago erdian, kantariaren berezko ahots kraskatuari instrumentuak erantsita sortutako zazpi minutuko konposizio lasaia.

Energiaz betetako Small Spaces-ek post-punkarekin jolasten du, indar handiko errepika batez bere iraupen laburrean. Diskoko azken kanta da bereziena, bederatzi minutuko lan kontzeptuala, The Skulls of Christ: profeziez ari diren ahotsak aurrena, gitarra hots errepikakorrak, gero eta ilunago, zakarrago, zailago elkarrengandik bereizten. Ahotsak distortsio bilakatzen dira, musikariak ipar duen fedearen peskizan. Grabaketako lehen hartualdia dago diskoan, musikariei notak eta ideia orokorra azaldu ostean egindako lehen saiakera. Abesbatza zerutar baten kantuarekin bukatzen da When I Shoot at You with Arrows, I Will Shoot to Destroy You.

Existentzia gainditu nahian

Hinsonek ez du ezkutatzen bere fedea, eta, entzuleen profila zabala izan arren, Texasko musikaria kontserbadorea izan da beti. Klixea hausten saiatu ohi da, baina espiritualtasunaren epikaz janzten ditu diskoaren inguruko hitz guztiak: «Musikarekin, gizatasuna transzenditzen saiatzen zara». Jainkoaren ideiak erakartzen du, Bibliak, «existentziaz gaindiko» gauzek: «Konturatu naiz ez dudala musika egiten entretenitzeko, baizik eta jendeari ikusarazteko ez dagoela bakarrik».

The Holy Strangers lanaren (2017) ondoren iritsi da azken diskoa. Bi urte eta erdi eman zituen hura sortzen, eta diskoaren lehen zatia baizik ez zen argitaratu biniloan. Orain, beste erritmo batean aritu da, baina ez du uste artista «emankorra» denik horregatik. Ez daki nora eramango duen bizitzak: «Niretzat, garrantzitsua da ahal dudan guztia argitaratzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.