ZIFROSIAK BADU TXERTORIK?

Bisitari kopurua izan da azken hamarkadetan kulturgintzaren arrakasta baloratzeko neurgailu nagusietako bat, baina koronabirusak erabat aldatu du egoera egun gutxi batzuetan. Garai egokia izan ote daiteke bestelako neurgailu batzuk ere kontuan hartzeko? Eszeptiko mintzo dira elkarrizketatutako kulturgileak.

Pandemiaren aurretik egindako kultur saio bat. LUIS JAUREGIALTZO/FOKU.
Inigo Astiz
2020ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Lurrikarak lehertu egin ditu lurrikarak neurtzeko baliatu izan diren tresnak. Bisitari kopurua izan da azken urteetan kultur ekintzen arrakasta baloratzeko neurgailu sonatuena museoetan; ohiko bilakatu dira liburua saltzeko asmoz liburuaren salmenta kopuruen berri ematen duten bandak; bideoklip batek izan dituen ikusle kopuruak erakarrita iritsi dira kazetariak bideoklipak ikustera. Zenbat milaka euskaltzale batu ditu azken Durangoko Azokak? Lagunartean, zifrosia deitu izan zaio horri guztiari, eta, urteen poderioz, udaletxerik txikienen kultur programaziorik xumeena ere neurri horren arabera baloratzeraino hedatu da joera. Zenbakikeria. Etengabeak izan dira ahots kritikoak, eta eragileek behin eta berriz salatu dute kultura soilik kuantitatiboki neurtzeko modu hori. Filosofikoki zaurituta zetorren arren, koronabirusak eman dio orain azken kolpea, publikoaren mugimendu aukerak nabarmen murriztu baititu, eta ikusle kopuruak zorrotz kontrolatu behar izaten baitira. Garai egokia izan al daiteke, agian, kulturgintza baloratzeko bestelako neurgailuak kontuan hartzeko? Eta zein izan daitezke kontuan hartu beharreko bestelako parametro horiek? Beñat Sarasola idazle eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea, Garazi Ansa arte historialari, komisario eta BERRIA egunkariko kritikaria eta Alvaro Fierro kultur ikerlaria galdekatu ditu BERRIAk txertoaz.

«Jende pilo bat etortzen bada gure erakusketa ikustera edo festibalera, horrek esan nahi du arrakasta izan dugula? Ba, igual ekonomikoki bai, baina zer geratzen da jendearen barruan? Eztabaida hori eduki behar dugu, inportantea delako». Begi bistara neurtezinagoa dirudien hori neurtzea da, hain zuzen ere, Fierroren ofizioa. Kulturak hiri post-fordistetan duen eragina ikertu zuen bere doktore tesian, Bilboko eta Medellingo kasuak aztertuz, eta kulturaren inpaktua neurtzeko neurgailuak diseinatzea izan du lanbide azken lau urteetan Culturmetria S.L. enpresan. «Gure hipotesia da kulturak badituela hainbat balio ukiezin, eragin positiboa dutenak, eta gure lana da hori demostratzea datuekin».

Epe talka bat da sakoneko korapiloa, Fierroren hitzetan. Haren ustez, kontua ez da neurketa kuantitatiboek ez dutela balio, baizik eta ez direla aski. «Eragin ekonomikoa modu ezin hobea da kultura laster batean neurtzeko , eta inbertsioa zuritzeko modu bat ere bai. Datu horiek ere esanguratsuak dira, eta garrantzitsua da horiek neurtzea, baina, gero, badaude ukiezinak diren beste balio batzuk ere, eta horietako batzuek adierazten digute kulturak hainbat eragin positibo dituela gugan. Irizpide kritikoa sustatzen du, eta gure hausnarketak indartzen laguntzen du. Baina, noski, ekonomia laster batean neur dezakegun arren, eragin horiek luze gabe edo luzera begira bakarrik har daitezke kontuan».

Indar handia izaten du presak, ordea.

Ikerlariak aurrerapenak ikusi ditu azken urteetan, eta, dioenez, kultur programatzaileek ere buruan dute gaia. Baina Fierrok inboluziorako arriskua ikusten du orain, eta gordina da haren deskribapena. «Pandemiarekin, datorren urtean murrizketak egongo dira, eta kultura izango da murrizketak izango dituen sektoreetako bat, eta eztabaida honetan, berriz ere, hasierako puntura itzuliko gara. Uste dut ekonomia sustatzea izango dela lehentasunezko kezka, lanpostuak sortzea, eta kulturaren inpaktuari buruzko debate hori bigarren mailan geratuko da».

Bisitarien sostengua

Kasu askotan, bisitari edo salmenta kopurua ez da dirdira egiteko datu soila: jario horren araberakoa da kultur eraile askoren iraupena. Hori gertatzen da, adibidez, kontzertuak eskaintzen dituzten areto pribatuen kasuan. Salmenten arabera bizi dira arte galeriak, argitaletxeak, liburu dendak eta abar luze horiek ere, noski; baita babes publikoa duten hainbat erakunde ere: Bilboko Guggenheim museoa, kasurako.

Eusko Jaurlaritzak 7,5 milioi euro bideratu zituen iaz, esaterako, museo horrentzat, eta lau milioitik gorako saila onartu zion Bizkaiko Foru Aldundiak. Baina sarreren salmentak pisu handia izan du erakundearen kontuetan, eta sarrerek eta dendako irabaziek diru sarreren herena suposatu dute azken urteetan. Bisitarien kopuruaren jaitsierak, beraz, argiro desorekatuko ditu kontuak ere.

Nabarmenak dira datuak: guztira, 1.170.000 bisitari jaso zituen iaz urte osoan; hilabeteko ia 100.000 bisitari, alegia, bataz bestekoa eginez gero. Aurten, aldiz, ia hiru hilabete eman dituzte itxita, eta martxotik irailera arteko sei hilabeteak behar izan dituzte iazko hil bakarreko datua gainditzeko.

Hor dago kasua, baina Ansak ohartarazi duenez, Euskal Herriko museoen mapa orokorrean, salbuespen moduko bat da Guggenheim museoa. «Gainontzeko museoek ez dute horrela funtzionatzen», gogoratu du. «Gehienak diru laguntza publikoarekin eta enpresa pribatuen laguntzekin subentzionatzen dira. Arazoa zera da, diruhori justifikatzeko, egitarauaren kalitatea eta horrek gizarteari ekar diezazkiokeen onurak aipatu beharrean, antolatutako hori ikustera joaten den jende kopurua hartzen dela kontuan».

Datuen ekaitz perfektua

Arte historialaria eta arte kritikaria izateaz gainera, komisarioa ere bada Ansa, eta hainbat erakusketa antolatu ditu bere ibilbidean, eta, dioenez, ez zaio oraingoz suertatu kopuruen presiorik jasan beharra. Zehaztu duenez, enkarguz egin ditu orain arteko erakusketa guztiak, eta hori izan daiteke arrazoia, agian; «inguruan» bai, ikusi duelako presio hori.

Hedabideek zenbakiekiko duten zaletasuna ere hartu du mintzagai Ansak. «Ohikoak izaten dira dirutza baten truke saldutako artelanei buruzko albisteak. Hori erreala da, noski, baina artisten ehuneko ezin txikiago batekin gertatzen da, eta gehiengoa, berriz, miserian bizi da, bestelako lanetan arituz, eta bizimodua ahal duen bezala bilatuz».

Museoak oso eraikin ikusgarriak izan ohi direla ere gehitu behar zaio horri, historialariaren hitzetan, «helburu propagandistiko eta nazionalarekin eraikitakoak». Eta orduan dator ekaitz perfektua: eraikinaren ikusgarritasunak eraginda, batetik, eta salmenta handiei buruzko tantakako informazio horrek higatuta, bestetik, erantzun bat eman beharrean sentitzen dira erakundeak. Eta urteko bisitari kopuruak dira gizarteak izan dezakeen mesfidantza hori konpentsatzeko topatzen duten modua: «Hori da nire susmoa».

Ansak pena du: «Horrek guztiak erabat distortsionatzen du jokoa». Dioenez, bisitari kopuruari halako garrantzia aitortzeak zaildu egiten du diskurtso konplexuagoak eta esperimentalagoak dituzten arte erakusketak antolatzeko aukera. «Oso problematikoa da».

«Ni ez naiz batere optimista». Beñat Sarasola idazle eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak ere zalantza du kulturaren balioa neurtzeko bisitari edo irakurle kopuruez bestelako neurgailuak indartuko ote diren. «Inpresioa dut logika horiek nahiko sakonekoak direla, kultur ekintzak neurtzekoak alderdi kuantitatibo-ekonomiko hutsetik, eta logika hori moldatzen da baita errestrikzio garai hauetara ere». Bata bestearen atzetik jarraian emandako kontzertuen adibidea aipatu du, kasurako.

Erlatibismo orokor baten albo kalte moduko bat da zifrosia, haren hitzetan. «Iruditzen zait oso kontu liberala dela, bai moralaren eta bai artearen arloan, balio moralak eta balio estetikoak balio ia pertsonalak balira bezala ulertzea. Horren eraginez, ezin denez balio artistikoez hitz egin, ba, bukatzen dugu balio ekonomikoez bakarrik hizketan, horiek kuantifikagarriak direlako zehazki, eta hori da gelditzen den bakarra. Kultur mundua ezin da sartu tranpa horretan. Aldarrikatu behar dena da balio estetiko eta artistikoen inguruan ere debatea egon behar dela, ezagutza esparruak daudela, nahiz eta neurgailuak ez diren izango ekonomikoak bezain murritzak eta zehatzak, eta bestelako balorazio batzuk egin behar dira. Eztabaida publikoa bultzatu beharko litzateke».

Kasu jakin bat hartu du gogoan Sarasolak: Bernardo Atxagaren Etiopia. «Azken mende erdiko poema liburu handienetako bat da euskaraz. Publikatu zenean, auto-edizio bat izan zen, eta oso ale gutxi saldu zituen. Eta gero, denborarekin bihurtu da bihurtu dena».

Ba al liteke literatura gotortuta gelditu izana, ekonomikoki inpaktu txikiagoa duelako?

Euskal keriak eta tasunak

Baietz dio Sarasolak, balitekeela. «Euskal literaturan, erresistentzia handiagoa egon da kontu horietaz hitz egiteko, baina azken urteetan inpresioa dut salduenen zerrendak gero eta gehiagotan erabiltzen ari direla hemen ere». Eta, dioenez, normalizazio prozesuaren sintoma bat ere izan daiteke hori. Hori izaten baita literatur sistema normalizatuagoen itxura: asko saltzen duten liburu gutxi, eta gutxi saltzen duten asko. «Ematen du Euskal Herrian bestsellerrak aipatzea kontraesana dela, baina egun dugun sistema literarioan ez zait iruditzen hala denik».

Salmentez aparteko esparruetan ikusten du flakezia. «Posible izan behar luke esan ahal izatea liburu batzuek balio literario handiagoa dutela beste batzuek baino, bestela merkatuak irabazten duelako. Eta, horretarako, debate publiko bat egon behar da, eta ahultasuna hor sumatzen dut azken urteetan. Euskal literatur sistema indartu da ekonomikoki, eta lortu da sistema sendo xamar bat, baina kritikan ez dut ikusten egon denik aurrerapen hori, eta deskonpentsazio bat ikusten dut; neurgailu ekonomikoak indartu direlako, baina neurgailu literarioak ahulduta ikusten ditudalako. Eta ezin diogu horri muzin egin, bestela, merkatua zirrikitu guztietan sartzen delako».

Horregatik, «paradigmatiko» iritzi dio Sarasolak Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak duela hilabete inguru Diario Vasco egunkarian eskainitako elkarrizketari. Besteak beste, kontseilariak elkarrizketa horretan esan zuen pandemiak eragindako krisian ez zela behar kulturarentzako neurri espezifikorik, baina hitz horien oinarrian dagoen ikuspegi orokorragoa da Sarasolak kritikatzen duena: «Kulturara egiten zuen hurbilpena huts-hutsean ekonomikoa zen, salbuespen batekin, Euskadiko Orkestra aipatzen zuelako. Eta orkestra posible da sektore publikoak asumitzen duelako orkestra edukitzeak balio musikal eta estetiko bat duela, eta zentzua duela horri eusteak. Elkarrizketan aipatzen ziren gainontzeko guztiak neurgailu ekonomikoak ziren. Uste dut kultur kontseilari bati hori baino gehiago eskatu ahal zaiola. Salmenta, errentagarritasun eta inpaktu ekonomikoa alde batera utzita, beste sentsibilitate bat behar du. Herri gisa nahikoa tristea iruditzen zait».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.